Egunero
Egunero –
Ez nuen gogoan izena, soilik gertatutakoa geratu zen iltzatuta gure memoria kolektiboan. Egunero kaleratzen hasi zen Egunero, baina garrantzitsuena ez zen izena, bizirik eta kalean izatea zen inportanteena, hil ala bizikoa, herritarrek elkartasunerako arrazoi bat esku artean izatea, berebizikoa. Eta halaxe izan zen duela 20 urte, eta hurrengoetan ere, gaur arte: katebegi berrien uztartzea, talde lanaren herritartzea, herria baita gorputza, eta hizkuntza bihotza.
Izan ere, egunero egiten den tai gabeko lanak, norberaren erroei lotutakoak, egiten du mundu, norberaren bizitokia. Horrela uste dut ulertu zuela Micaela Portilla historialariak, eta hala islatu bere iloba Juan Ibarrondok film ederrean. Zaindu maite duzun hori diosku Ruper Ordorikak, eta honela jardun zuen Micaelak, Arabako txoko guztiak eta ondare aberatsa deskribatu zituenean eta balioan jarri zizkigunean.
Eta bidean jarraitu behar dugu, Bingen Mendizabalek egin bezala, gertukoari eta lagunei atxikia, uztartuta, loturik; zintzo eta apal, Aitor Lopez de Aberasturik erretratatu duen bezala. Denon artean gure kultura, gizakiok ingurua ulertzeko eta interpretatzeko dugun modua, osatzeko eta aberasteko, horixe baita gure bizitzei zentzua emateko modu egokienetako bat.
Egunero hasten da historia egingo duen istorio berri bat, gure esku dago, aurrekoek egin bezala, kontakizun horretako partaide edo protagonista izatea, katebegi bilakatzea.
Egunero erabaki dezakegu gure egunerokoaren alde egitea, ingurua denon mesederako interpretatzea; eguneroko beharraz edo noizbehinkako lanaz, baina zintzotasunez eta eskuzabal.
…
ALEArentzat egindako kolaborazioa