Egiteko erak eta eraginak
Larrugorritan dago neska. Belauniko, burua oihal batekin estalita, eskumuturrak bizkarrean lotuta. Aldamenean zutik mutil bat, goitik behera beltzez jantzita, neskari keinu umiliagarriak egiten. Tonu mehatxatzailean handik pasatzen ari garenoi oihuka: “Ez duzu ezer ikusi eh! Ezertxo ere ez! Aditu?! Alde, alde hemendik berehala!…”. Hamar bat metrora, torturaren aurkako eskuorriak banatzen ari da beste ikasle bat.
Niri gertatua eszena, joan den martxoaren 16an, Leioan. Oraindik ez dut jakin publizitate ikasleak ote ziren protagonistak, nor izan zen antzerki haren autorea, estreinaldia ote zuten hura… Sekula ez zait ahaztuko, ordea, niregan eragin zuen ezinegona, hausnarketa, deserosotasuna.
Ikasle haiek ez zuten orain modan dauden komunikazio ekintza horietako bat antolatu (lipdub, flashmob, culture jamming…). Adierazi nahi zutena komunikatzeko egokiena iritzi zioten artekintza modua baliatu zuten, antzerkia, eta gaiaren dramatismoari heldu zioten gordin-gordin.
Ez dakit zenbateraino intuitiboki, zenbateraino kontzienteki, baina inpresioa dut adibide ederra ekarri dutela gure artean azkenaldian zabaltzen ari diren aldarrikapen modu berrien eskenatokira, guztiak ez baitu alai, sinpatiko eta jolasti izan behar nahitaez.
Hemen dago horren inguruko berria, eta ziurrenik argazki hau da berak topatu zuena.
Korridore horiko argazki horrexek erakusten duen eszena egokitu zitzaidan niri.
Eta gaur goizean jakin dudanez, nire ikasle batzuk ere izan ziren tartean.