Euskararen Eguna, egun beharrezkoa.

HTML Kodea

 

 

2011KO APIRILAK 8: ADMINISTRAZIOETAN ETA ZERBITZU PUBLIKOETAN EUSKARAREN EGUNA.                  

Korrika 17 ostiral honetan, apirilak 8, Iruñera helduko da. 307. kilometroa Administrazioetako eta zerbitzu publikoetako langileen kilometroa izanen da, San Lorentzo elizaren ondoan, gaueko 10ak eta 52 minututan.  

Hori aprobetxatuta, Euskararen Eguna Administrazioetan eta zerbitzu publikoetan antolatu dute Marmarik (euskararen aldeko langileak Nafarroako Gobernuan) eta Iruñeko Udaleko, Estatuko Administrazioko  eta Telefonicako Korrika Batzordeek (bertako langileek osatuak).              

Arratsaldeko ordu bata eta erdietan, Hezkuntza Departamentutik (Santo Domingo aldapan) jai giroko kale jira aldarrikatzailea aterako da.              

Geldialdiak eginen ditu kale-jirak eta idazki bana utziko ditu Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren Erregistroetan.              

Administrazio euskalduna lortzeko neurriak galdatzeaz gain, Iruñeko Udalean erdara hutsezko 70 inprimaki utziko ditu, inprimakietan euskararen ageriko presentzia eskatzeko.              

Nafarroako Gobernuari eskaera hauek eginen dizkio:              

1.- Inprimakietan, eskabide-orrietan, ordain-agirietan, argitalpenetan, web orrian, errotuluetan eta abarretan euskararen agerpena.
2.- Nafarroako Aldizkari Ofizialaren euskarazko alea osorik euskaraz izatea.            
3.- Langileentzako soldata-orrietan, mota guztietako eskabideetan, jakinarazpenetan eta inprimakietan euskararen agerpena.    
4.- Euskara eskakizuna duten lanpostu gehiago sortzea.  

Nahiko arrazoi badago, beraz, Euskararen Egun honetan parte hartzeko.              

2011-04-05.              

MARMARI eta IRUÑEKO UDALEKO, ESTATUKO ADMINISTRAZIOKO ETA TELEFONICAKO KORRIKA BATZORDEAK.

Iruñea-PamplonaEuskararen eguna, egun beharrezkoa

Irudia | Iruñea-Pamplona | Azken Tximinoa | Creative Commons By SA
Irudia | Euskararen eguna, egun beharrezkoa | Google | LGPL

Administrazioan Euskaraz Taldea