Egiluxe kontrabandista ohiarekin solasean
Egiluxe kontrabandista ohiarekin solasean –
2022ko irailaren erdialdeko goiz batez ezagutu nuen Felixiano, Berako herriko etxean. Bilkura bat genuen alkatearekin elkarrekin egin behar genuen lana bideratzeko. Bilkura horretan Aitor Elexpuru alkateak, Felixiano Mikelperizenak, honen alaba Ixiarrek eta nik neuk hartu genuen parte. Denon artean egin beharrekoa argitu eta aitzina eramateko konpromisoa hartu genuen. Handik bi egunetara, berriro bildu nintzen Felixianorekin; gure asmoa zera zen, Beratik, Mandobidea hartuta, Urruñaraino abiatzea, beratarrak gaztetan, gaueko lanean izandakoak, egindakoak, eta gainerako oihartzunak konta ziezazkidan. Hura izan zen hilabete batez elkarrekin izan genuen abenturaren hastapena.
Felixiano gizon atsegina eta alaia da, burua biziki ongi duena eta ganbara era guztietako gertaerez eta kontakizunez betea duena, horretaz gain, oraindik, bere 78 urterekin, gazte baten moduan ibiltzen dena. Halako gizon argi baten ondoan inbidia osasuntsua sentitu dudala aitortu behar dizuet. Hori gizona, hori! Eta a zer nolako kontakizunak! Altxor handia dago gizon honen bizipenetan eta oroitzapenetan. Mandobideko bidea hartzeko prest ginenean, honako bertsoarekin saritu eta harritu ninduen:
Etorri zate egun batean
xoko on hau ikustera,
ibilli aldi bat eginen dugu
herria(re)n lau aldetara,
begi zabalak,
begiratu ongi,
alde batera ta bestera,
harriturikan erranen duzu
zeinen polita den Bera!
Hura izan Mandobideko bidexka edo lasterbideetatik barna egin genuen ibilaldi zoragarri baten hasiera. Bertsoa Iñaxio Larramendi beratarrarena omen da, Felixianok erranik.
Ahuntzen erraztasunaz alde batetik bestera eraman ninduen, denetarik kontatuz, hau eta hura erakutsiz, ipuin eta istorio zaharrak modu atseginean azalduz…, Berako toponimiaren edertasunak nire belarriak ferekatzen zituen, Felixianok etengabeki bide, mendi, ibar, zulo eta bazterren euskal izenak, trumilka, botatzen baitzituen, ezagupen handi baten lekuko: elizatik abiatuta, Lazaren borda, Ilanburueta, Posta, Komiziarri, Motelen Galeria, Leandroren borda, Manddaleko 9. mugarria,
Manddaleko jentil-baratzak (10. mugarria), Osin Lepo, Arrolako urtegia, eta bigarren bidexka batetik Portulako zubia, Malausteko hariztia, Malausteko borda, Zumaleku, Babederreko malda, Lizardiko borda, Ardizako Landagainta, Usategia, Yasolako borda zaharra, Yasola berria (erdiko mugarria), Ladrun Harria (20. mugarria), Deskarga, Oleta, Herburua…
Eta hortxe ikusi genituen bordak eta baserriak, bidexka estuak, usategiak, kisu-labeak, bunkerrak, metrailadore zuloak, errekak, maldak eta pettarrak, mendi gailurrak… eta Felixianok denetarako bazuen azalpen edo pasadizo bat kontatzeko. Hura eguna pasatu genuena! Entziklopedia batean ez nukeela hainbeste ikasiko iduritzen zait.
Geroztik hainbatetan bildu ginen, Ibardingo Elizalde bentan, Altzateko Jaunaren plazan edo bere etxean, Etxe-alai izeneko kabi ederrean. Hortxe ezagutu nuen Justa Telletxea, bere emazte aranztarra, bera bezain argia, atsegina eta kontalaria. Sekulako esperientzia niretzat, ahaztezina erranen nuke nik. Aipatu bilera horietan zenbait grabazio egin genuen, eta material baliosa horretatik abiatuta, Felixianoren lekukotasun edo testigantzen berri emanen dizuet segidan.
,,,
1.- Felixiano Mikelperizenaren lekukotasunak.
Hona hemen Felixiano Mikelperizena Endara “Egiluxe” beratarraren testigantza. Badira hainbat grabazio.
- grabazioan, Felixianok bere gurasoez, haurtzaroaz, amaren etxean egiten zen kontrabandoaz eta eskola garaiaz mintzatzen zaigu. Iraupena: 5’ 30’’
“Ni Altzateko Mikelezkerrenea izeneko etxean sortu nintzen. Bederatzi senide ginen, hiru hil ziren, bi ni baino gerokoak eta bat lehenagokoa, eta bizi sei senide, bost neska eta ni mutil bakarra. Gure gurasoak ziren, ama Rufina Endara Zelaieta muga ondoko Saldets baserrikoa eta aitta Juan Mikelperizena Zelaieta Egiluzea baserrikoa, luzaz Ameriketan, Argentinan ibili zena. Hauek ezkondu ziren, gure ama zenak 30 urte zituelikan, eta bere anaiak denak kontrabandoan aritzen ziren bizimodua ateratzeko eta gure ama etxeko lanetan aritzen zen. Eltzetxoak edo guardia zibilak hiru egunetarako ateratzen ziren muga aldeko baserrietara eta firmak eskatzen zituzten baserri horietan, justifikatzeko non ibiltzen ziren eta gure ama zenak erraten zuen berak ikasi zuen erdara pixarra karabinerorekin ikasia zala, zeren eskolera ez zuen modurik izan joateko, haren ama hil zan 42 urtekin.
Amaren etxetik lasterbidetikan arront hurbil zegoen muga, hagitz hurbilean, mugak… gaur badira karreterak baina orduan mandabideak edo bidexkak deitzen ditugunak. Horregatik gau-lana arrunt aurretikan ikusi dugu beti etxian. Gure etxe honek zuen pausua beheko aldean. Gu bizi ginen lehenbiziko pisuan eta behetikoan izaten zen Nikanor igeltsero deitzen zena eta hor izaten zituen bere puskak, tabloiak eta puska zaharrak. Pausua izaten zen ate batetikan bestera. Gure ama josten aritzen zen, eta arropak konpontzera ekartzen zituztela erranez, alde batetik bestera pasatzen ziren aunitz. Drogeri bat bazegon atzealdian eta denbora hartan zen izpiritua, alkohola, Iparraldera eramateko bazen demanda handia eta drogerikoek kontsegitzen zuten hori. Hori zen Leandro, bentta zuena zortzigarren mugarrian eta gurekin drogeria, bazuten Beran bat eta beste bat Altzaten. Ta pasatzen ziren gure etxe behetikan. Guk kontrabandoa ezagutu dugu betidanik, hura zen gauza bat naturala iruditzen zitzaiguna.
Eskolan lehenbizi ibili nintzen mojatan eta gero komunioa egin nuelikan sartu nintzen maristetara. Maristetan baziren zazpi apez, horiek nik ezagutu nittun. Orduan etortzen ziren Burgos aldetikan internuak eta gero gu errekreoan edo jostatzeko momentuan ezagutzen genittun ordu diferentetan.”
- grabazioan, gazte lanak kontatzen ditu. Larrunera materiala eramateko lehen kableak egiten aritu zen. Bentak egiteko zen material hura. Iraupena: 5’ 19’’
“Lehenbiziko, berrogeita hamaseian, urte hartan kendu zuten hemengo tren txikitoa, eta gaurko egunian aguantt(at)u bazuen beste sei-zazpi urte gehigo izanen zen izigarri interesgarria turismoarentzat eta denentzat. Ni egondu nintzen orduan Barrentxian behizain, Alkaiagako etxean, Barrentxian, hor bizi ziren maziziortarrak, ta bazituzten denbora haietan ehia handia, hamabi behi eta bi idi, eta zezena kontu zuten, baina zezena gero kendu zuten zergatikan nagusia lehertu zuen zezenak manjata edo ganbelaren kontra. Istorio!
Gero, berrogeita hamazazpian, hasi nintzen Juan Peñarekin pintxe, bost lagun hasi ginen, Larrungo lehenbiziko kablia Aranzuritikan jartzen. Zen lehenbiziko kablia. Bueltaka sei kaiola goitti eta sei beheitti, puskak Larrunera eramateko, zergatikan lehenago eramaten ziren mandoekin eta ni hasi nintzelikan itturritikan ura mandoekin ekartzen gunun. Dena material zahar berziklatuekin egina zegoen, eta horregatik aberia aunitz izaten zituen bainon orduan ez zegon besterikan. Itturrian, etxeko itturritikan, mandoa bi ontzi urez betetzen genittun eta ura edaten genun gutti. Estimatzen zen ordun ura. Lehenbiziko kableak aguan(ta)ttu zun sei-zazpi urte. Gero montatu zen Mendiondotikan beste kable kaiola bakarkoa.
Saltsa hoietan ibili nintzen lanean eta azkeneko kablia material berriekin egina zen. Pilonak eta denak egurraz menditikan mandoekin ateri eta taratuluekin zuloak egin, burni zahar batzuekin, idiekin lauzka aparatuak idian ta kablia tiratzeko ta baziren lan izugarriak.
Bigarren kablia montatu zelikan arrunt diferentia izan zen, motorra zuen gainean, zuen portantia, portantia fijo dagoen kablia, eta gero kurdina (bigarren kable mehea) zen troian biltzen zuena ta tiratzen zuena aldian mila kilo, mila kilo ibiltzen zittun. Kaiola ederra egina zen eta… hori egin zuten garriztarrek. Hori hirutan hogeita bostean-seian edo hola. Han da idatzia oraindikan, nik eginak ditut letrak.”
- grabazioan, gaueko lanean nola hasi zen kontatzen du, eta baita hainbat urtetan, gaueko lanean izandako ibilerak ere. Iraupena: 11’ 18’’
“Ni, erraten bezala, hasi nintzen berrogeita hamazazpian Larrunen, lehenbiziko kablea Aranzuritikan montatzen ta gero kable hura ibiltzen zuenak, Martin Arandiak, hartu zuen tailer bat, bizikleta tailer bat traspasoan, eta erran zidan ea nahi nuen berarekin hasi, eta halaxe. Hala neguan harekin aritzen nintzen, garai hartan bizikletak ta motoak antolatzen edo moldatzen…., aunitz jende aritzen zen Iparraldean lanean eta guk ere egiten gunun lana, igandeetan ere, biak arte, ordubiak arte. Gero hasi zen sabado ingles deitzen zena, larunbata libre izatia guretzat izigarria izandu zen.
Hala tailerrean etortzen ziren jende aunitz motoa moldatzera ta gaulaneko konbers(az)ioak egiten ziren. Hor kontatzen zuten gaulanean nola ibiltzen ziren eta nik entzuten nuen: Gaurko gaztiak ez dira horretan ibiliko. Ni hemezortzi urte inguruan hasi nintzen gaulanian. Erran zidaten: nahi duk probatu?eta bai, joan nintzen. Eta lenbiziko lanean, gogoratzen naiz ongi, hartu nuen Intzolan, gainko aldian, Erentzunen, hamazazpigarren muga ondoan, Armala deitzen genion, eta handikan joan ginen Erentzun barrena, belagi gorrien guruztuz, Sastretxeko bordaren goiko aldera eta handikan guruztu gunun Zalainera. Lehenbiziki bidaia zen eta ekarri gunun tertziopeloa.
Biaje luze xamarra binon ongi egin nuen ta lagun onak nittun, erakutsi zidaten bai bidie eta bai halatan uhala nola paratu, ta biaje zailak egin nittun. Gero joan ginen pixkat laburtzen bidaiak eta hasi ginen hamaikagarren mugarritikan Osingo lepotikan sartu ta Elizalden, bentta gainetikan hartu ta handikan Zalainera. Puska laburragoa.
Binon egiten ginitun bi bidaia, utzi ta berriz goittira joan eta berriz hartu. Ta hola poliki-poliki, gero karabineroak ere, denak hasi ziren dirua behar zutela ta… ez zuen ematen, asuntoak ez zuen aski ematen. Eurei ere eman behar zitzaien ta gauza pixkat estutzen hasi zelikan, automobilarekin, lau bider lauko automobilarekin ta hasi ginen are ta gehio jende guttirekin lan eginez, eta etortzen zen denetikan. Gero, nahiz eta arriskutsua izan, lehenbizian Ibardin aldi hori, orduan meatziak bazirela, ez ezagutu ezkero arriskutsua zen, ematen zuen beldur pixko bat, nahiz gaur diren zerraturak eginda meatzeetan ta ez dago horrelako arriskurikan baina denbora hartan mendia egoten zen garbigo ta arriskutsua zen gabaz, badakizu gauaz arront diferentea izaten da.
Ta gero, hola, poliki-poliki, hasi ginen uretik lanean, uretik egiten zen lana agurago, nahiz arrisku haundia izan, zeren alde batetikan zen ura eta urak izaten zittun goitti-beheitti gogorrak, gerritik gora baldin bazunun ura, kaso! Eta karabineroak aunitz, karreterera bazterrian, bizikletan ibiltzen ziren, goardia egiten gunun. Normalki zen airera tiro egitia binon eskapatzeko manera zaila izaten zen, ura ondoan, zergatikan nik igeri pixkat banekien binon baziren igeri egiten ez zekitenak. Ta hor abereekin lan aunitz egin nun. Ekartzen genittun Oiartzun aldetikan. Hartzen genittun Gurutze aldetikan eta Aiako Harriko Potenborda ta Lamazainen ondotikan behorra ekarri, ferrak kentzen genizkion ez arrastorik utzitzeko, eta gero karretera(ra), soka paratzen gunun Bidasoako alde batetik bestera eta sokarekin Lamiharritikan pasatzen genittun. Lamiharri Lastaola baino lehenago, Bera alderago, etxea bi koloretakoa da, hori da Lamiharri.
Ta gero pixko bat karabineroak ere ohartu ziren hor bazela zerbaitte, guk ireki gunun pista, lehenuo ez zegon deus ere, eta haruntzago ekarriz hamasei, kolpe bakoitzean hamasei. Kamionak zortzitan, zortzi t´erditan ekartzen zittun, bi bidai. Aunitz bider astian. Bi kamionak ekartzen zittun Gurutzetik goitti, zortzi ta zortzi abere, hemendikan luzeo zen, hemendikan ere ibiltzen ginen, Santa Barbara aldetikan, denian, bidez aldatu behar zunun, eta Lamiharritikan orduan urez, gero hasi ginen behetxiotikan, Lastaolatikan, lenbiziko ura guruztuz.
Guk egun batian hori izandu zen hagitz gogorra, gogor xamarra, beste aldian zen Biriatu aldetikan Akerrena deitzen genion baserria eta handikan irina ekarri behar gunun, zokorrak gizentzeko. Berrogeita hamarreko zakuak ziren, ta bost lagunek bost mila kilo bota genittun. Kamiona etorri zen, ura pasatu behar zunun, zakuak berrogeita hamar kilokoak ziren, eta gero pendoitza. Gero kamionak kargatu ta joaten ziren. Beste aldean urruñarrak edo biriatuarrak egoten ziren zain. Frankotan egin nuen, ura guruztu, hemengo lana egin eta Lapurdikoa. Hangoekeri lagundu behar, bi piunekin eskas xamar, eta suertatu zen orduan pasaportearena zala, errazki zen aduanan beitzia, gero etortzen ziren bila kotxeekin ta azala erakusten zunun ta pasatu, ta pasaportia igual beste lagunena.
Hor izandu nuen istorio bat, behin baino gehiagotan erran nautena. Ni Larrunen aritzen nintzen bokadiluak egiten eta gauza ttikiak saltzen ziren lekuan, ta esan nuen goizeko bostak aldian izan nintzen, hemengo lana egin eta nik nire bokadilua jana, ta joan nintzen Iparraldeko aldera egitera eta bustia! Ta goizeko bostetan gosia! Ta lagun batek, Joxe Altzuingoak, erraiten nau, ba, zakuan bere bokadilua ta bota behar dut urera! Ta etzakela bota! Nik erran nion, Emanzak niri! Etzakela bota! Bai, baina xingar xurie duk. Ba, berdin duk! Nik jan nuen hura , xingar hura ta erran nion: Nire denborian jan ttiat milaka bokadilo binon hau bezin onikan ez diat oraindino jan.”
- grabazioan, Mandobide izeneko bidean, egindako gaulana kontatzen du. Iraupena: 4’ 26’’
“Egia errateko, gaulanian ibiltzen zena egunez ez zen bidean ibiltzen, bide zabaletikan ezin zen, ibiltzen zen saihesbidetikan eta bidexkak guk deitzen ditugunetikan barna. Gu hor denbora haundian ibili ginen hogeigarren mugarritikan ere aunitz, hogeigarren mugarriak Ladrunarri izena du eta handikan, herriko mugatikan ibiltzen ginen eta paketak hartzen genittun. Ta nik lagunak izan dittut erakutsi didatena uhala nola paratu ta hagitz garrantzitsua da uhala edo kopetakoa ongi paratzea karga ongi eramateko. Lagun batek erraten zidan gure amak egiten zizkidala uhalak, berak ohitura bazuen atzetikan ta harek ni agertzen nintzelikan uhal berriarekin erraiten zun: oi Egiluxe, gaur uhal berriakin, gaur karga galduko dugu!
Guk berrogei kilo inguruko paketak ibiltzen genittun, batzutan igual ttikixagoak izaten ziren, bainan normalean hor ibiltzen ginen berrogei kilo ingurukoak, eta ez bazunun hura ongi hartzen, karga pixka bat nibelatzen ez bazunun, hagitz txarra izaten zen. Gabaz pauso txar aunitz egiten dire ta hor bizkarrak sufritzen du, baina bueno, gazteak ginen eta beti airos, ta Jaungoikoari eskerrikan, hartu nun karga beti ailetu nun lekura, beti izan dut suerte hori, ez dutala galdu.
Beti kezka batian bizitzen ginen (eltzetxoekin, guardia zibilekin) ta uratikan ibiltzen ginelikan ta gehigo, zergatikan han ezagutzeko ez zen zailtasuna. Suertatu zait Lastaolako itturrian, ta guk paketak han goardiak inguruan, ta trenbidia zen onduan, eta karabineroak ura edatera ta ni hamabost bat metrora, gordia etzanta, eta garita, han etxe txar onduan garita eta ni guardian trenbidetikan eta hemen solasakin ta atseden hartzen nuen, gero alde egin ta guardiak joaten zirelikan, ateratzen zen furgoneta ta…
Gauza txarrak izan ziren. Hori lehenotikan etortzen zen. Ni Larrunen nintzelikan aditu gunun Sarako gizon bateri, baserritar bateri, Jabier Eraburukoa…”
- grabazioan, aurreko grabazioaren ildotik jarraitzen du, gauekolanean gertatu izan ziren gauza lazgarriak kontatzen. Horretaz gain, Larrungo bentetan egindako lanaz ere mintzo zaigu. Iraupena: 7’ 55’’
“ Erraiten ari nintzen bezala, Sarako Eraburuko baserritarra etorri zen Larrunera egun batean eta guk adittu gunun norbait kolpatua bazela, saratarra, eta ez genekigun zein zen, eta han, egurrezko benttan, Larrunen ginela etorri zen eta gurekin solasean gu ginen Meakako Julian Dagerre eta ni eta konbersazioan ari ginelikan nik egin nuen salu(da)tzeko pixkat bizkarrean jo, ta orduan berak egin zuen garraxi eta konkortu zen, eman nion mina, ta ordun konturatu ginen hura zela golpatua.Tiro sartua zuen, espaldatikan pasatua.Nik pixkat bizkarrean jo nion ta orduan berak kontatu zigun nola izandu zen. Tiro aisa egiten zuten orduan. Beste saratar bat ere ja bere etxean sarreran, golpatu zuten belaunian. Orduan guardiek tiratzen zuten aisa.
Ni nire kasuan ibili nintzen hemezortzi urtetikan hogeita zortzi urte artian, ta hogeita zazpitan ezkondu ginen eta etxian hagitz gogorra egin zidaten, zergatikan nire lagun min bat, Lino Etxegarai, golpatu zuten, belaunian eman zioten tiroa eta zen brigada bat, berak kobratzen zuena, tiro eman ziona. Ustez bidia idekia zen eta berak tiro eman zion, ta belauna txikitu zion. Bala lehertzen den horietakoa zen. Debekatua zen bala bat bino ibiltzen zutena. Kasu horretan eman zioten ta muttiko hau bere burua odolusten ari zen eta oraindikan guardia zibilak erran zion: Calla no grites! Eta han utzi. Bere anaia etorri zen, ez agertzen eta ez agertzen, etorri zen eta gizona ja ari zen ondoko iratzia biltzen, odolusten ari zen, eta anaiak hartu zuen bizkarrean, eta gero kotxian eraman zuen Gurutze Gorrira,Iruna, ta oroitzen naiz, oraindikan badaukat usaimena, zangoa ari zitzaion usteltzen. Egun batzun buruan joan nintzen bisita egitera, eta zangoa moztu behar zioten. Bazuen ustel usai bat, kura egin gabia, odolarena, eta hartu zuten eta eraman zuten Iruñeko Klinika Unibersitariara, Opusena, deitzen zutena. Eta han jarri zioten hamabost zentimetroko belaun berria. Orain dela gutti arte bizittu da beti kexu bere belaunarekin, maingu baino… zangoa han zuen, berea zen. Hor moztu izan zioten Irungo Gurutze Gorrian.
Ta orduan gure etxian ja gauzak… seriotu zuten , familiatua nintzela eta orduan jada Larrunen fijo nintzen, ezkondu nintzelikan fijo ginen, ta benttan aritzen nintzen. Mekanikoa lehenuago izan nintzen, eta udan Larrunen, geroztik Larrungainen, Larrun gaineko benttan egiten nuen lan. Hura itxi egin zelikan orduan hasi nintzen beste benttan, baina egurrezko bentta batian. Nire andria aritu zen Ibardinen lanian eta hor Inato Irazoki diputatuak erran zidan: Zuek nahi duzue biek nerekin hasi, utzi bitarteko kontratua eginen dizuet.Ta egia erraiteko, nik erran nion orduan…, denbora hartan bazen, galdetzen zuten… eskariak izaten ziren nunahi, ta erran nion horren nagusiari, Peñari, hola eta hola, Peña orduan zagon sozio Larrunen Plaza zenarekin, eta erran zidan: bai, ni orain bakarra gelditu beharra naiz eta pentsatu dut bi edo hiru lagun hartzia, eta zu pentsatzen nuen hartzia urte guzikoz, ta gelditu ninten hemen , familia izandu nun lenbiziko urtian , andria ja gelditu zen etxian familia hazten eta hortik naiz ni jubilatu. Larrungainen segitu nun, paperak bukatu dittut 2009an, hirutan hogeita bost urtetan, nahiz ta erretreta hartu nuen hirutan hogeita hiru urterekin. Erran nion nagusiari: ni banue, ja pixkot aspertu nintzen eta egin zidaten contrato relevo eta ongi atera naiz.”
6. grabazioan, alde batetik bestera pasatzen zituzten pertsonez ari izan zaigu hizketan, portugesak hasiera batean, eta orain afrikarrak, baita urruñarrekin zituzten harremanez ere. Bukaeran bi anaiei gertatu istorioa kontatzen digu. Iraupena: 10’ 21’’
“Bai batzuk ibili ziren portugesak Iparraldera pasatzen, baina egia erraiteko, nik aziendekin eta paketak pasatzen gustukoa izaten nuen ez zirelakoz mintzatzen, binon jendeekin oraindino ez zait gustukoa izan, ez baizenekizun nor eukitzen zenun, non, zer… eta nire lagun batzuk horretan aritu ziren eta gero kartzelara eramanak izan ziren, egiten baitzuten kotxeekin lagunak ekarri eta eraman. Egia erran, trafiko haundia izan zen eta jada gauza pixkot lotsagarria jarria zen, zergatikan bazen jendia egunez egun pasatzen zituenak. Eta asuntua pixkot agerian zen, guardia zibilek ere ez zuten kasu haundirik egin nahi zergatikan norbait hartu eta paperak egin behar zituzten. Izan zen momentu bat… eta pasatzaileak…
Nik adittu dut bazirela portugesak engainiatu zituztenak, binon nik ezagutu ditudanak badakit ongi eramaiten zituztela, eta pasatzean ongi, eta jaten ere ematen zieten, batzuk gose etortzen zirelakoz. Gauza trixtiak! Lapurdira eramaiten zituzten eta gero han treina hartu eta beste nonbaitera joaten ziren. Baziren horietako jendiak hemen inguruan bizitzen gelditzen zirenak, beste aldera pasatu, eta baziren harrobian aritzen zirenak eta paperak egin zituztenak eta gero familia hor egin dutenak. Nik ezagutu ditut Azkaingo harrobian bertan portugesak hor lanean gelditu zirenak. Bai, bai, bai! aunitz baziren igeltsero lanean onak zirenak eta harria pikatzen, hemen geldituak.
Orain gauza bera gertatzen da Afrikatik datozen horiekin. Gauza trixteak aditzen dire, zergatikan Bidasoa arriskutsua da, zergatikan gerritik goitti baduzu ura , kasu eman, ta korrientiak… Nik ikusi dut azienda, zaldia urean ittotzen. Ematen du pausu horietan ur gutti dela, baina ura baduzu gerritik goitti, kasu, eramaiten zaitu! Batzuek ez dakite igeri egiten, bainan igeriten jakin arren, korrientiak eramaiten zaitu… Lehengo gabalanian, zakurrak aritzen ziren eta ederki bazekiten korriente haundia zen edo, haundia bazen ez ziren urera sartzen, ikasten zuten.
Alemanak egondu zirelikan Larrunen paratu zituzten radarrak. Larrunen bazen leheno hotela, hotel haundia, nik ezagutu nuen hotel hori erria, orain antena dagoen tokian. Gerra denbora orduan zen, bigarren gerra hori eta alemanak hor ziren, hor zuten radar postua, nik ezagutu ditut paretak, eta orduan zakurrak zutela, eta orduan gabalanian ibiltzen zen jendiak erraiten zuen: Jo, zakur haundi hori, beldurra!… zakurra ez da uso, ta alemanen harrapatzeko beldurraz ibiltzen ziren.
Gabalanian ibiltzen zirenei laguntzeko baziren seinaliak, zatar zuriak bideetan, edota Bidasoaren bi aldeetan, bidea librea zela erraiteko. Baziren moduak elkarri ulertzeko. Ziztuak ere egiten ziren abisua emaiteko. Gure denboran, nolabaite abisua pasatzen zen eta moldatzen ginen seinalerik gabe. Zatarrena bai, zatarrena eta zerbaitte paratua, horiek bai. Jendeak laguntzen zuen aunitzetan, baina hortan ere bazen konpententzia haundia, eta baziren igual bidea ordaindu zutenak eta bide beretik beste batzuk ibili ziren. Izandu ziren orduan ere makurrak eta … badakizu eskasia delikan, izaten dira holako gauzak.
Urruñarrekin harreman ona zen. Hemen muga aldeko izkinetan bai. Dena euskaraz gure artean. Baziren gauza larriak ere, hemengo batzuei pasatu zaizkienak. Orain irri egiten dugu bainan orduan ez zen broma. Ba ziren brigadilla deitzen zutenak, paisanoz ibiltzen zirenak…
Behin bi anai joan ziren trenbidean barna, trenbidea beittu eta paketaren esperoan… Paketeak heldu ziren Bera aldetikan eta pasatu behar zituzten Lesaka aldera.Trenbidetikan pasatzen zituzten. Anaietako bat, gaztea, zain han, zaharrena joan zen eta sartu zen ur ixkinera eta gazteari erran zion: Hik zerbaitte sumatzen baldin baduk bota harria urera! Gaztiak gero ez dakit bota zuen edo ez zuen bota, berak erraiten zuen bota zuela, binan besteak ez sumatu eta lasai ederrean trenbidera ateratzian, hiru brigadillak hartu zuten beso ondotikan, bik, eta bestiak kopetian paratu zion pistola. Eta gizona izitu zen, azkarra zen eta… binon izitu zen eta geldittu. Ez zuten esposarik lotzeko eta bi joan ziren bila, bestea han gelditu zen, pistola puntian, ta tarte horretan otu omen zitzaion: zer egin behar didate orain? Iruñera eraman behar naute?
Zer egin zioten galtzak beheittittu ez eskapatzekoz, binon berak zer egin zuen? Halako batian, bulkada bat eman zion pistolarekin zenari, sasietara bota, galtzak goitti eta eskapatu. Bainan ezagutu zuten nor zen, etxera joan ziren bila, eta etxetikan eskapatu zen , berriz ere. Gero juizioa egin zioten, deitu zuten, binan honek jada bazuen abokatua hartua. Juiziora joan zelikan galdetu zioten: Zergatik eskapatu haiz? Ni arditan ibiltzen nintzen. Eta zergatik eskapatu haiz orduan? Galtzak beheitti egin zizkidaten eta nik pentsatzen nuen atzetikan eman behar zidatela! Eta juizioa irabazi zuen. Oraindik bizi da, Ameriketara joan ziren horiek. Horietako bat orain dago Australian. Eta brigadillek erran zuten, hurrungoan holako bat sumatu, eta hiltzera tiro eginen dugu!”
- grabazioan, hainbat kontakizun eta istorio dakarzkigu gogora: presondegian sartu zituzten ahuntzen istorioa eta bertsoak, Landazpiko Haundiaren kontuak, Uzkudunek Berako plazan egin zuen indar-erakusketa eta abar. Iraupena: 7’ 50’’
“Gure gurasoek kontatzen ziguten ahuntzak betidanik debekatuak izandu direla eta orduan behin, mendiak bildu izan zituzten herriko etxeko mutilek ta ekarri zituzten Berako presondegira. Segidan egin zituzten bertsoak eta gutti goitti-beheitti horrela erraiten zuten:
Ahuntzak ekarri ttuzte
Larungo Harritik
laster libratu ttuzte
zauzten lekutik.
Akerra saltuan
etorri menditik
harek librattu dittu
presondegitik.
Gero bazen beste bertsoa:
Pobriak horiek ere
pozez eta dantzan
haragia debalde
jateko esperantzan.
Guk orduan irri egitten gunun binon denbora haietan, badakizu holako gauzak erraiten zituzten, ahuntzak presondegitikan libratu dituztelikan, jamaka ta marruka, batek kapelua kendu ta ahuntzari sartu ziola ahoan eta itto, eta gero hura bizkarrean ezin eraman. Lehenagoko istorioak!
Beste istorio bat da Landazpiko Haundiarena. Gizon handia eta azkarra zen. Berak kontatzen zuen, Lapurdira joan, andoiztarrekin eta lagunekin, ta kriston bestak egiten zituztela. Noizbait, han, Urruñan omen ziren titiriteroak, puskak saltzen zituztenak, eta honek bizkarrean hartu eta eskapo lasterka bere puskekin, ta segidan, jendarmek hartu zutela eta presondegira eraman. Han egun osoa pasatu eta gero gosia, egarria, inork ez ziola deus eman, eta artzainak hartu zuen atera zelikan eta Antortxintxera joan ta eltzaria ilargorria ta azakin, ta hura gustura edan zuen.
Beste noizbait etorri zen Berara komeriante talde bat, hartz batekin, eta lehenbizian erran zuten nor zen kapaz hartz hura lurrera botatzeko. Eta ateri zen Landazpiko Haundia eta elkarrekin borrokan hasi ziren bera eta hartza. Hartzak bazittun guante haundi batzuk jarrita minik ez emaiteko. Hasi ziren borrokan eta halako batian, Landazpik hartza hartu zuen potrotikan eta mina eman zion. Orduan hartza lakartu zen eta gero jabia hor ibili zen hartza gainetik ezin kenduz, Landazpi harrapatu nahi zuelakoz. Gizon axolagabia zen, kapablia, azkarra.
Beste behin Uzkudun etorri omen zen Berara eta plazan barrikak altxatzen aritu zen, kilo aunitzeko barrikak, eta lurretik kentzen zituen, uhal batekin lotuta. Hurrengo saioa zuen txingudiarekin, berak lurrean etzanda, eta petxu gainean ehun kiloko txingudia. Landazpi aritzen zen fabrika zaharrian, suan, ballestak egiten, maza eta borrekin, eta ohitura handia zuen gizonak, eta azkarra zen, han atera omen zen, eta lehenbiziko kolpian eman ziolikan, erran omen zion lurretikan Uzkudunek: egin itxura pixko bat, itxura pixko bat! Ordun eta fuerteago honek, eta bizpahiru kolpe eman zuelikan, Uzkudunek hartu txingudia zangoetara berari bota zion. Ia harrapatu zion zangoa. Hura eskapada” gero erraiten zuen berak.”
- grabazioan, Garizuman Lapurdiko herri batean gertatu zen pasadizoa. kontatzen du. Iraupena: 2’ 10’’
“Garizumako sermoiarena kontatuko dut segidan. Lapurdiko eliza batean gertatua. Orduan apezek sermoia egiten zuten eta erran zuen apezak: Aurtengo Garizuman mehe egin behar dugu eta…! Kriston sermoia egin zuen apezak, eta handik egun batzuetara joan zen etxe batera, eta zerria hila zuten, ta solomoak ta lukainkak zintzilikan sukaldean. Apezak haiekeri beittu eta erran zien: Nik egin dut sermoi ederra , mehea egin behar dela aurtengo Garizuman, baina ez da erraz izango etxe honetan mehe egitea holako gauzak ikusita. Senar-emazteak han sukaldean, su ondoan zauzten denak, ta andriak erran zuen: Beizu jauna, nire barruan ez da sartu holako haragi puntta bat ere. Eta orduan senarrak errepusta auro eman zion: Orduan hau zer dun sardina?—bere zakila seinalatuz—”
- grabazioan, Beran kontatzen diren laminei eta sorginei buruzko zenbait ipuin eta kontakizun ekartzen dizkigu gogora. Iraupena: 3’ 56’’
“Ipuin hauek denak gure gurasoek kontatzen zizkiguten, nahiz beste herrietan ere antzekoak kontatzen dituzten. Hemendikan gure etxetikan goitti, Ilikueta auzoan, bada erreka bat, Laminosineko erreka deitzen duguna. Hementxe bertan, gure etxe ondotikan, pasatzen da erreka eta erreka tristia da, orain ez da horren tristia zergatikan badire etxiak eginak ta bidea zabala da, bainan neguan hotza ta tristia zen denbora haietan. Erraten zuten errekan, Portula etxe parean, emakume ederrak bazirela, eta gainera orrazten aritzen ziren. Hango alabak noizbait ere, etxe aldera zebilelikan, entzun zuela bere bidetikan, musika airoso ta polita, eta erran ziola, norbaitek, ez zuen berak ikusi, bainan erran ziola ahots batek : Zu etxera lagunduko zaitugu eta ez duzu gibelerat begittu behar. Eta eginen zaitugu opari bat. Ta etxera joan zela, beittu gabe, ta denbora guzian musika ederra adituz, bainon etxera sartzerakoan, itzuli zelikan, ixkin batetik beittu omen zuen, eta orduan lamiek eman omen zioten oparia, bainon orrazi osoa eman beharrean, erdia eman zioten. Urrezko orrazia zen, bainon erdia eman zioten , gibelerat begittu zuelakoz.
Lehenago argirikan ez zen, erdi ilunbetan bizi ziren; ta erraiten zuten iluntzean bideetara ateratzen zirela maindire zuri batekin eta joareak joz, ta baten batek noizbaitte bueltatu omen zen ta eman omen zion terriblezko paliza. Eta orduztikan ez zen gauez gehiago ateri. Nik ez dakit sorginak ziren, ez dakit jendeek zer ikusmenak zituzten orduan. Guri behintzat ez zaigu holakorik suertatu, ta ez dakit…”
- grabazioan, irri egiteko istorioak kontatzen dizkigu Egiluxek. Iraupena: 6’ 21’’
“Ba omen ziren bi lagun, lagun handiak, beti elkarrekin ibiltzen zirenak. Binon bat zen beti elizara eta errezuak egitera joaten zena, eta bestea biziteroa, mozkorkeria eta emakumeekin, ta beti mundu honetan beti fuerte bizi izan zena. Lehenbizikoa hil zen, kriston juergak egiten zituena, eta handikan bolada baten buruan, bestia ere hil zen. Lehenbiziko hori infernura joan zen zuzenean, eta bestia zerura. San Pedrorekin bazuen tratu ona ta erran omen zion: Beizu San Pedro, nik badut laguna infernuan eta hola. Gustatuko litzaidake ikustia. Posible ote nuke? Ta bai, San Pedrok baimena eman omen zion ta infernura joan zen. Hor harrautzen omen du mahai eder batian, dozena erdi bat emakume zahato ardua mahaiaren erdian, eta harrittutta gelditu zen. Ta erran zion: Hi Joxe Manuel, beheittiko munduan hola bizi haiz? Hemen ere orain emakumez inguratua ta zahato arduarekin, zorionak! Hago ixilik, hago ixilik! Erran zion lagunak. Zer duk bada isiltzeko? Nahiz zahatua, nahiz emakumiak izan, denak zulorik gabekoak dittuk hemen! Bazuen nahiko sufrimendua gizonak!
Beste behin joan zen gizon bat medikuenera eta erran omen zion: Badut arazo bat, emakume guziak gustatzen zaizkit, baina nirea ez. Eta medikuak errepuesta eman: Ixo gizona, neri ere gauza bera gertatzen zait, emakume guziak gustatzen zaizkit eta zurea ere bai!”
- grabazioan, bi emakumeren arteko irri solasa kontatzen digu. Iraupena: 0’ 33’’
“Bi emazteri irriztan hasi ta batek bestiari erran zion: Hire semiak lepoa mehe ta burua handi? Ta besteak kontestan eman zion: batek ez duena, besteenean haundi!”
- grabazioan, kontrabandoan aritzen ziren emakumeei buruzko hainbat kontu dakarkigu gogora. Iraupena: 5’ 12’’
“Bai, baziren kontrabandoan aritzen ziren emakumiak. Horietako bat zen Maria Xixari deitzen gununa. Emazte horrek denetikan pasatzen zuen, batzuetan saskia buruan, bestetan saskia besoan, binon beti izaten zuen zeozer ekarri beharra. Apeztegiko Bordakoa zen, nahiz eta beti Maria Xixari deitu. Koartela binon lau etxe beherago sartzen zen, Romeroren etxea deitzen zioten tokitik, ta handikan Ez dakit guardiak ez ote ziren konturatzen edo ez zuten deus jakin nahi. Horrela irabazten zuen bizimodua. Ofizioz emagina edo komadrona zen, hau da, haurrak izatian laguntzen zuena. Ez zuen estudiorikan. Hor ibiltzen zen bera, orduan ez zegoen besterikan. Haurrak ere, orduan denak edo gehienak etxian izaten ziren. Gure etxian bertan …
Nire arreba zena egondu zen Larratxe etxian zerbitzatzen, etxekoen suan. Baziren bi emakume, adin haundikoak, bat Ixidora ta bestia Joxepa Ttentte deitzen zutena. Izigarri emakume xelebria zen. Gero bazuten beste bat erbala, elbarrittutakoa zena. Behin Berako medikua etxera etorri ta pixko bat tripak nahasiak zituela edo, jarri zion supositorioa hartzeko. Maria Xixari han zen neskame eta ez zekien supositorioa zer zen. Orduan supositorioak kristalezko poltsatxo batean egoten ziren, ez zen plastikorik, eta Maria Xixarik oraindino ikusi gabia, ta zer egin zion? Jarri zion supositorioa kristala ta guzi. Handikan instat baten buruan, emakumea kexaka hasi zen, aiaiai! Ta zer tzu maitia, zer tzu? Min, min! Jarriko zaitut bazinilla? Denbora hartan bazinillak ziren burnizkoak, esmaltia zuten gainetikan binon burnizkoak. Ta hala inddarka emakume hura, eta halako batian: kask! Erori ta bazinillan soinu egin zuen. Kask! Eta hor ateri zen oso-osorik, kristala ta guzi, Irriz ta farrez ezin disimulatu, nahiko lan bazuten.
Orduan denek izengoitia bazuten. Mariaren senarra ere Xixari deitzen zuten eta bazen beste gizon bat Satorra deitzen zutena. Behin plazan elkartu ziren Joxe Mari Xixari eta Satorra, azkena plazan bizi baitzen, Matxiarena ostatuaren gainian. Satorra horrek erran omen zion: Ze ibilki da Xixari inguru hauetan? Ta bestiak segidan kontesta; Satorrikan ezin eskapatuz!”
2.- Egiluerekin egindako ibileretan ateratako argazki zenbait.
Nire zoritxarrerako aitortu beharra daukat ez naizela oso trebea argazkiak egiten. Dena den, Egiluxerekin Mandobideko bidean barna egindako ibileretan, zenbait argazki egin nuen. Horra hor, Felixianok egindako iruzkinak eta guzti.
Landagainta hagitz leku arriskutsua zen, bidegurutzea delako, eta aunitzetan hor egoten baitziren guardiak. Gaueko lanean zebiltzanak, kontu handiz ibiltzen ziren bazter haietan.
Egiluxe kontrabandista ohiarekin solasean Egiluxe kontrabandista ohiarekin solasean Egiluxe kontrabandista ohiarekin solasean Egiluxe kontrabandista ohiarekin solasean Egiluxe kontrabandista ohiarekin solasean Egiluxe kontrabandista ohiarekin solasean Egiluxe kontrabandista ohiarekin solasean Egiluxe kontrabandista ohiarekin solaseanEgiluxe kontrabandista ohiarekin solasean Egiluxe kontrabandista ohiarekin solasean Egiluxe kontrabandista ohiarekin solasean Egiluxe kontrabandista ohiarekin solasean Egiluxe kontrabandista ohiarekin solasean Egiluxe kontrabandista ohiarekin solasean Egiluxe kontrabandista Egiluxe kontrabandista ohiarekin solasean