Egia gordin bat
Egia gordin bat
Ikastoletan bullying ekiditzeko ezarri berri duten Kiva metodoa profitatu du Gari Otamendik dantzan.eus atarian “Egia gordin bat” azalaratzeko: ohikoa dela balletean ari den mutil bat estigmatizatzea, eta emakumeak dantzetan presentzia irabazten joan ahala dantzak prestigioa galdu duela jendartean.
Urtea hastearekin batera Kiva programa jarri dute martxan Euskal Herriko berrogeita hamabi ikastolatan. Eskoletako bullying edo jazarpena murrizteko metodoa da Kiva, eta Finlandiako Turkuko Unibertsitatean garatu zuten. Hik Hasi aldizkariak duela hilabete batzuk bullyinari buruz argitaratutako artikulu trinko baten arabera, “erasotzaileen kopurua erdira eta biktimena heren bat jaistea” lortu zuten. 2009an hasi ziren inplementatzen. Ikastetxeko kide guztiak hartzen ditu bere baitan Kivak: ikasleak, irakasleak, langileak eta gurasoak. Komunitatea, alegia.
Aste honetan baita ere, Iratxe de Arantzibia dantza-kazetari eta kritikariak Igor Yebra ballet dantzariari egindako elkarrizketa mamitsua argitaratu du Dantzan.eus-ek. 80ko hamarkadan hasi zen dantzan Yebra, futboleko atezain izateko ametsari uko eginda. Gaur egun nazioarteko maila goreneko dantzari sonatua da.
Dantza-gelako lan gogorraz gain, hainbat oztopo izan zituen Yebrak bere ibilbidean. Ikaskideen isekak eta bazterketa jasan zituen. Garbi du Yebrak iseka horien jatorria: “ez dira haurren kontuak, gurasoenak baizik, haurrek ez baitute beren kabuz halakorik egiten, ezpada jaso duten hezkuntzagatik”, dio. Ohikotzat jo liteke balletean ari den mutil bat estigmatizatzea. Ohikoa, sarritan gertatu delako, eta gertatzen delako. Ohikoa izateak, baina, ez du esan nahi onargarria denik.
Dantzan ari den mutilaren gaineko aurreiritziek jatorri asko dituzte. Agerikoak dira batzuk, ez hainbeste gainerakoak. Bada oharkabeko kontu bat, bistakoa den neurrian: gizon baino askoz emakume gehiago ari da gaur egun edozein dantza mota egiten.
Historiak gorabehera asko ditu. Pixkanaka agertzen ari diren datu eta ikerketen bidez, ohartzen ari gara emakumeek protagonismo aktiboa izan dutela dantzan historiako hainbat unetan. Hurbileko transmisioan, ordea, gizonek bakarrik egin izan dituzte dantza garrantzitsuenak. Emakumeak esparru horretan sartzearekin, gizartean zituen sona eta zentralitatea galdu ditu dantzak.
Egoera horren ifrentzua irudikatzen du sukaldaritzak. Oro har, Euskal Herrian emakumeek izan dute otorduak prestatzeko ardura. Euskal sukaldaritza berriaren irudi eta aitzindari guztiak gizonak dira, ordea. Izarrez betetako jatetxeen euskal mapamundia gizonezkoek bete dute.
Kasualitate-korrelazio bat izan liteke, edo artistei egozten zaien kexa kronikoa, baina gaur egun dantzak gizartean prestigio exkaxa du, dantzan ari den gehiengo zabal bat emakumeek osatzen duten une berean. Erpin askoko gai konplexua da, baina horra hor egia gordin bat.
Horrelako egia gordin gehiago behar ditugu. Pribilegioen kontua sinplekerietan erori gabe. Dena ez baita txuria edo beltza.