Dynamo aztia
Dynamo aztia
Betidanik izan dut gustuko ilusionismoa. Begiak zabal-zabalik izaten nituen “magia” ikuskizunetan, eta oraindik ere horrela mantentzen ditut erakustaldi batez gozatzeko aukera izanez gero. Txan Magoa nire inguruko herriren batera inguratzen zenean gorriz biribiltzen nuen zita egutegian; eta Jurgi Magoaren teknika eta maila goreneko antzezlanak ahaztezinak dira, bere trikimailu itzelak eta ikusleari irribarrea eta algara sortzeko daukan gaitasuna bezala.
Beharbada antropologo batek nik baino dezente hobe azaldu ahalko luke, baina gizakiak beti sentitu du zirrara handia azaldu ezin dituen fenomenoekiko. Erlijioa bera horrela sortu zen, galderei erantzunak aurkitu nahian.
Duela gutxi, “Discovery” katea ikusten ari nintzela sekulako aurkikuntza egin nuen. Antartidaren inguruko dokumental bat ikusi ondoren sofatik jaiki nintzen sukaldera joateko, gorputzak infusio bero bat eskatzen baitzidan. Katez aldatu ez nuenez, itzuleran beste programa bat hasia zegoela ikusi nuen: Dynamo aztia. Ordubeteko saioa osorik irentsi nuen, gustura benetan, eta ondoren sarera jo nuen gehiagoren bila.
Steven Frayne da aztiaren izena, eta 1982an jaio zen Ingalaterran. Bere aitonak erakutsi zizkion lehenengo trikimailuak, eta ordutik hona gustatu zaiona egiten aritu da, ilusionismoa. Kuriosoa egin zitzaidan bilatzailean bere izena sartu eta lehenengo emaitzak aurkako kritikak izatea. “Faltsua”, “dena iruzurra da”, eta antzekoak.
Noski faltsua dela! Agerikoa da inor ezin dela ibili uraren gainean, edo airetan hegan atera. Baina ez dakigu nola egiten duen, eta hori da zirrara sortzen diguna, hori da ilusionismoaren gakoa. Programa bera editatzerakoan ere amarru asko txerta daitezke, baina jende aurrean egiten ditu ikuskizunak, eta ikusleen aurpegiei begiratzea besterik ez dago egiten duena berezia dela antzemateko.
Batzuentzat jada ezaguna izango zen azti hau. Hemen lehen aldiz entzun duzuenontzat, bideo bat utziko dut; gustatuz gero jarraitu sarean bila, eta ondo pasa!