Durangoko Azokatik, bekaizkeriaz
Durangoko Azokatik, bekaizkeriaz
Atzo astebete Durangoko Azokatik etxerako bidea egin genuen, poltsa bete… komiki. Lehen liburuak eta diskoak zakuratzen nituen bitartean, aurten marrazkiek bete dute haien lekua; orduan irakurtzeko amorrua suspertzen zitzaidan azoka osteko egunetan, orain inbidia.
Ez musikari ez idazle, ez dira sortzaileak nigan bekaizkeria piztu dutenak, Azoka bueltan topatu ditudan aspaldiko lagunak baino (Palentino atarian, zehatzago). Gu bezala urteetan aurrera doaz hauek ere, baina kapazak dira Makulu Kenen afrobeata di-da batean iruzkindu, nerabeek jada selfien ordez egiten dituzten boomerangetako bat sarera igo, Lisipe bilduma feministako lehen liburuxkaz eztabaidatu, edo Ororostormek Twitter utzi izanaz -bueltatu ei da, lasai!- berba egiteko.
Izan da Durangoko sarekadan pilatutako liburu eta disko saldoari argazkia egin eta sare sozialetan zabaldu duenik ere. Horratio, hemen ez da falta “zeini konta kaleko azken mobida”! Badira aurtengo udazkenera arte euskal literaturak eman dituen irakurri beharreko liburuak dagoeneko irentsiak dituztenak, barneratuak euskal musikagintzaren doinu berritzaileenak; ez da arrotza zaien gairik bazterrotan.
Nola da posible? Nola egiten dute horrenbeste asti izateko?
Bi hilabete daramatzat nik liburua motxilan sartu eta egunero-egunero etxetik jolasparkera eta jolasparketik etxera, gaur lerro bat eta bihar pasarte bi ozta-ozta irakurrita aurrera egin ezin, maleta pisutsua hartuta Urbasan gora eta Iruñean behera tatarrez ibiliko banintz legez; eta berdin ohean ere, lokartzerik ez baina irakurri ezin. Gero eta pisutsuagoa zait irakurri bako liburuen zama.
Bitartean, imajinatzen ditut lagunak, lisaburdina esku batean eta “Euskal musika kosmikoak” liburua bestean, edo afaria prestatzen Bide Ertzean kantatuz, edo seinekin jolasten Neighbor entzun bitartean, edo sofan luze etzanda gauerdian, Zalduaren azken saiakera irakurri ahala txiokatuz, edo…
… edo akaso, Nick Lowek dioen bezala, maitasun ezarena da gakoa, bakardadearena:
“I read a lot, nowadays. Much more than before you left me high and dry; in a loveless land, with nothing but time on my hands. I read a lot…”.