Durangoko Azokako ekosistema islatuko du 54. edizioko kartelak
Durangoko Azokako ekosistema islatuko du 54. edizioko kartelak –
- 54. edizioko leloa “Osorik DA!” izango da, Azokako osagai guztiei erreferentzia eginez. Kartelaren egilea Oier Zuñiga iruindarra da eta Azokaren ekosistema osoa irudikatzen du.
- Aurtengo kulturaren plaza abenduaren 5etik 8ra antolatuko da. Lehenengo egunean Ikasle Goiza ospatuko da eta bigarren egunean II. Sormen Bekaren irabazlea nor den jakinaraziko da.
Durangoko Azokak 54. edizioko kartela eta ildo nagusiak aurkeztu ditu, urriak 29, Durangoko Andra Mari elizpean antolatutako prentsaurrekoan. Kulturaren plaza abenduaren 5etik 8ra ospatuko da, eta “Osorik DA!” izango da bere lelo nagusia. Edizio honetako kartela Oier Zuñiga artista iruindarrak egin du, eta bertan Azoka osatzen duten osagai ezberdinak agertzen dira: sormena, salerosketa, hartu-emana eta abar.
Gaurko aurkezpenean, Gerediaga elkarteko eta Azokako guneetako ordezkariekin batera, babesle publikoetako ordezkariek parte hartu dute: Joxean Muñoz (Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea), Xabier Arauzo (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria) eta Ima Garrastatxu (Durangoko alkatea). BBK, Euskaltel eta Eroskiko kideak ere egon dira, Azokako babesle pribatuetako ordezkari gisa.
Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak aurkeztu du edizio honetako lelo nagusia. “Durangoko Azoka ekosistema berezi bat da. Gune, babesle eta eragile ezberdinen artean antolatzen da. Sortzaile, hartzaile, argitaletxe, autoekoizle, diskoetxe era bisitariok partekatzen dugu. Gazte, heldu, ume, ikasle, langile, erretiratu, kuadrilla… denona da. Literatura, musika, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak, kultura digitala… hori dena osotasun bat da. Durangoko Azoka osorik DA!”.
Aurtengo edizioko kartela ere ideia horrekin lotuta egongo da. Oier Zuñiga (Iruñea, 1986) artista da irudiaren egilea, eta, azaldu duenez, Azoka unibertso propio eta berezi bat da. “Durangoko Azokan hamaika dira batzen diren emozio, esperientzia eta bizipenak. Nor bera, bere izatetik murgiltzen da euskal sorkuntzaren plaza honetan. Gutako bakoitza, ideia edo inpultso ezberdinek mugituak lotzen gara azokaren unibertsora. Molekula txikienetik, masa handienera denon lotuneetan dago gakoa”.
Kartelak lau zati bereizten ditu, eta bakoitzak Azokako ezaugarri bati erreferentzia egiten dio: burua (sormena), bularra (zabaldu-erakutsi), gerria (hartu eta eman) eta hankak (akzioa eta mugimendua). Baina ekosistema horretan, dena dago lotuta, konektatuta: “Azoka osorik DA!, ekosistemaren trantsizio guztiek osatzen dutena DA! Gu geu osatzen gaituena. Guk geuk osatzen duguna. Sortu, zabaldu, eman eta gozatu!”.
Zuñiga pozik agertu da Durangoko Azokako kartela egiteko aukera izateagatik: “Euskal Herriko kultur sorkuntzak duen erakuslehiorik handiena da Durangoko Azoka eta honek ardura pixka bat sortu zidan. Hala ere, segituan jarri nintzen lanean, nire errealitatetik, nire testuingurutik, ardura horri behar duen lekua eginda baina bidearen oztopo jarri gabe. Horrela ulertzen baitut nik sorkuntza, leku berrien bila etengabean, zarenetik, ordu arte ibilitakoa kontuan hartuz eta nire behatze dorre txikitik ekarpena eginez”.
Artista iruindarrak oso lotura estua du kulturaren plazarekin. “Txikitan hasi zen nire harremana Azokarekin, gure belaunaldiko askok bezala. Ikastolarekin lehen bidaiak, gerora lagun arteko planean bilakatu ziren. Batzuetan argi izanda zer eskuratu nahi genuen; besteetan aldiz, parranda egiteko, hau edo bestea ikusteko edo elkartzeko asmo xumearekin. Gustatzen zait azokan sortzen den ‘mikro-klima’. Denok ezberdin eta ezezagun, baina konplize aldi berean. Aurtengoa berezia bai, baina beste urte batzuetako planetatik oso urrun ez naiz ibiliko”.
Iazko ildoari jarraitu dio aurten Gerediaga elkarteak kartelaren aukeraketari dagokionez. Iaz arte, ibilbide luzeko artistek egiten zuten Azokako kartela, baina 2018. urtean sortzaile berriek hartu zuten lekukoa (iaz Txakur Gorria sormen kolektiboa izan zen). Aurten, beraz, bigarrenez sortzaile berri batek egin du Azokako afixa.
Ikasle Goiza eta Sormen Beka
Gaurko prentsaurrekoa Durangoko Andra Mari elizpean antolatu da; bertan ospatu ziren Durangoko Azokako lehenengo edizioak. Nerea Mujikak gogoratu duenez, kulturaren plaza 54 urtez antolatu bada, etengabe garai berrietara egokitzen jakin izan duelako da. “Hasiera batean Liburu eta Disko Azoka zena, gaur egun ez da hori bakarrik: sormena da, zabaldu eta erakusteko lekua da, salerosketarako gunea da, euskal kulturaz gozatzeko plaza da”.
Garai berrietara egokitzeko saiakera horren adibide da, esate baterako, Azokako Sormen Beka. Iaz antolatu zen lehenengo aldiz, Durangoko Udalaren laguntzaz, eta aurten bigarren edizioa izango da. Beka honek euskarazko kultur produktu baten sorkuntza hasieratik amaierara garatzen laguntzeko helburua du, hasi ideiatik eta bere zabalkundera arte. Edizio honetako gaia musika da.
Uztailean zabaldu zen lanak aurkezteko deialdia eta Azokako bigarren egunean iragarriko da beka zein proiektuk jasoko duen. Horrez gain, lehen edizioko irabazleen produktua ezagutu, ikusi, erosi eta gozatzeko aukera izango da aurtengo Azokan: AtopiaRPG izenarekin sortutako euskarazko lehenengo rol-jokoa.
Urtero bezala, Azokako lehenengo orduetan protagonista nagusiak ikasleak izango dira. Beste urte batez, milaka izango dira Euskal Herriko osotik Ikasle Goizean parte hartzera etorriko diren ikasleak. Hainbat tailer izango dituzte eskura: kaligrafia, euskal kulturaren transmisioa, soinu efektuak zinemagintzan, Moon konputagailu baten funtzionamendua eta abar.