Gernikako Estatutuaren 40 urteak

Gernikako Estatutuaren 40 urteak –

1997an, Gernikan, gure sindikatuak plazaratu zuen (ez soilik ELAn) oso hedatuta zegoen gogoeta politiko bat: “Estatutua hilda dago. Aukera izan zena tranpa bilakatu da. Espainiar zentralistek oso ahul, oso zatituta, oso galduta eta konplexuz beteta ikusi behar gaituzte Estatutua izatez indargabetu eta lasai asko geratzen badira/geratzeko. Indarrak batu behar ditugu, demokrata guztiok, hots, uste dugunok euskal herritarrei dagokiela soberania, herri garen aldetik gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea”.

Estatutua aukera gisa hartu zen. Estatutismoa, izan ere, ELAren kulturaren ezaugarrietako bat zen. Baina autogobernuaren mozketak gure helmuga estrategikoa aldarazi zigun. Eta duela bi hamarraldi salatu genuen inboluzio hura azken urteetan areagotu egin da.

Gernikako Estatutuaren 40 urteakEspainiar Gobernua, sozialisten zein popularren eskuetan dagoela ere, estatua berzentralizatzen tematu da. Estatutuan jasotako eskuduntza esklusiboak transferitzeko ukapenari eutsi egiten diote. Estatuak, gainera, indarrean diren eskuduntzak murriztu eta gure ahalmenak inbaditu egin ditu. Euskal administrazioen politika eta erabakien kontrako helegiteak, baita legeen aurkakoak ere, ohiko bihurtu dira, eta horrek jarduera politika zeharo judizializatu du.

Halaber, autogobernua higatu egin da ere gure instituzioekin hitzartutako erabakien bidez, esaterako gastu-araua, zertarako eta murrizketak nahiz neurri antisozialak inposatzeko. Gainerakoan, Estatutua mugatuta dago bereziki langile-klasearen eta sindikalismoaren helburuetarako, esaterako lan legediaren eta gizarte segurantzaren eremuan.

Horrenbestez, gaur Estatutuari ospakizun bat baino areago zor zaio hilosteko azterketa bat.

.

Errealitatea ezkutatu eta aldebikotasunaren fikzioa puztu, pultsu politikoa baztertzeko

Badakigu nazio gisa indar-erlazio eskasa dugula; hau ezin zaie soilik gure instituzioei leporatu, baina ez da onargarria lider politikoek autogobernuaren etengabeko higadura ezkutatzea. Indar estatalei aurre ez egitea erabaki dute; baina ez soilik erabakitzeko eskubideari dagokionez, baizik eta Estatutuaren eta beronen eskuduntzetan ere, eta fikzio bat ari dira saltzen: Estatuarekiko aldebikotasuna.

Higadura ezkutatzea, aurre egiteko borondate eza eta gezurrezko aldebikotasunaz mintzatzea ez da koherentea. Ezkutukeriaren eta konfrontazio ezaren xedea da politikak eta aliatuak aldatu behar ez izatea.

.

Berpizte estatutista lortzeko saioa

Kontu hau bestela ere azal daiteke: Urkullu lehendakaria buru duen errestaurazio estatutistak hiru helburu ditu: Estatuarekin hitzartutako politika neoliberalen iraupena bermatzea; gure menpekotasun politiko gero eta handiagoari buruzko polemika saihestea, eta PSOErekiko aliantzak blindatzea.

Urkulluk esan izan du, behin eta berriz, Ibarretxeren akatsik handiena izan zela PSOErekiko zubiak botatzea. Zilegi da, noski, posizio hau izatea, baina argi utzi beharko luke ere alderdi horren eskutik joanda sekula ez dugula erabakitzeko eskubiderik, ez eta benetako politika progresistarik lortuko.

Kontutan izanik Urkulluren gobernuaren aliantzak eta konfrontazioari uko egiteko erabakia, Estatutuaren aurkako etengabeko erasoaren aurrean, ez da harritzekoa mesfidantza agertzea Estatutu proiektuari buruz legelari batzordeak aurkeztuko duen testuaren aurrean. EAJrentzat estatutu berria behar bada entretenimendu politikorako artefaktua izango da, ez fase berri bati ekiteko benetako saio zintzo bat. Ezinezkoa da burujabetza oinarritzat duen berme-marko bat baldin eta Estatua autoritarioa eta uniformatzailea bada, eta nagusitasuna alderdi horiek badute.

Urteurrenak haurnartzeko une egokiak izan ohi dira. Statu quoa goitik behera zalantzan jartzen denean, gaur Katalunian bezala, hausnartu beharra premia are handiagoa da. Katalanen aurkako epaiak argi utzi du ez dagoela bat ere interesik eztabaida hau politika bidetik eramateko. 78ko sistemak ez du ezertarako aukerarik ematen; oinarrizko eskubideen kontrako erasoa eta mailakako berzentralizazioa dira nagusi. Gertatu dena ikusirik indar soberanistok ezinbestean ondorioak atera behar ditugu, ezin baita jarraitu ezer gertatu ez balitz bezala. Gertakariak hain larriak izanagatik ere lehendakariak eman duen erantzuna etsigarria izan da, mugatu baita meditatzera edota bere burua bitartekari izateko eskaintzera. Espainiar politika salbuespen egoeran dela, ezin da jokatu normaltasuna balego bezala.

Diagnostiko honekin bat gatozenok elkarrekin lan egin beharko genuke, gure espazioa zabaldu, bidea ireki eta soberania beharrarekin batera pobreziaren eta prekaritatearen drama gero eta larriagoari aurre egin; klase herrikoiak erakarriko baditu, hori behar-beharrezko osagaia da; ezkerreko aliantzei lehentasuna eman behar diegu.

Istorio hau ezin da amaitu berzentralizazioa eta errepresioa nagusituta. Errealitateari aurre egin eta borrokatu beharra daukagu… jakinik zailtasunak hor direla, baina baita aukerak ere. Nazio garen aldetik lorpenak baditugu, baina aspaldian galtzen goaz, eta irabazteko asko dago. Jo dezagun bide horretatik; eta hasteko, egia konta dezagun.

Gernikako Estatutuaren 40 urteak

Mitxel Lakuntza

ELA sindikatuko idazkari nagusia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude