Durangoko Azokako 52. edizioaren balorazioa

Durangoko Azokako 52 edizioa –

Durangoko Azokako 52. edizioaren balorazioa

Durangoko Azokako 52. edizioak 7’2 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du

  • Sormenaren lurraldeak bizia hartu du bost egunez: askotarikoa sortzaileei dagokionez, kultur-lanak ugariak izan dira, gogoeta aberatsak utzi ditu eta bisitarien aldetik arrakastatsua izan da. 110.000 bisitari baino gehiago gerturatu dira Landako Gunera.
  • Azoka etorkizunari begira jarri da. Hurrengo urteko data zehaztu du Azokak: 53. edizioa abenduaren 5etik 9ra egingo da. Edizio horretan egingo da lehenengo aldiz Sormen Beka berriaren deialdia. Ikasle Eguna mantendu eta indartuko da.
  •  Zortzi guneetako egitarauak pisua hartu du Azokan. Gero eta bisitari gehiagok egitaraua kontuan hartzen du bere plana egiterakoan. Horren erakusle da gune guztietan ekitaldi batzuetan egon den bisitari kopuru handia.

Durangoko Azokako 52. edizioaren balorazioaAmaitu da Durangoko Azokako 52. edizioa! Bost egunez, Sormenaren Lurraldeak bizia hartu du, Durangora gerturatu diren milaka bisitarien eta sortzaileen eskaintza oparoari esker. Gorabeherarik gabeko Azoka izan da: asteazkenetik igandera arte milaka azokazale gerturatu dira Landako Gunera eta gainontzeko guneetara. Zehazki, 110.000 “biztanle” baino gehiago izan ditu Sormenaren Lurraldeak; abenduaren 6a izan zen egunik jendetsuena eta gaurkoa, abenduaren 10a, lasaiena.

Bisitariaren profilari erreparatuta, abenduaren 7a izan zen egunik bereziena, egun horretan antolatu baitzen Ikasle Eguna, eta beste urte batez, Euskal Herriko txoko guztietatik hezkuntza zentroetako ikasleak gerturatu ziren Durangora, publiko orokorrarekin batera. Azokak apustua egin zuen Ikasle Eguna mantentzeko, bigarren egunean izan arren –orain arte lehenengo egunean antolatu da batez ere– eta bi jai egun ofizialen artean ospatu arren. Azkenean, milaka ikasle gerturatu ziren sormenaren lurraldeaz gozatzera, Azokaren aurreikuspen guztiak hautsiz.

Durangoko Azokarentzat estrategikoa da Ikasle Eguna mantentzea, transmisioan duen eraginagatik, azokarekin sortzen den lotura emozionalagatik, eta, azken finean, ikasle horiek izango direlako etorkizuneko bisitari eta sortzaileak. Hurrengo urteetan, beraz, Azokak apustua egingo du Ikasle Eguna mantendu eta indartzeko.

Azokako guneak, gero eta ezagunagoak

Landako leporaino izan dugu bost egun hauetan, eta Azokako gainerako guneetan ere  jendearen ibilia handia izan da. Gune guztietan oso ekitaldi jendetsuak izan ditugu: Berri Txarrak (Ahotsenea Zuzenekoak), Handia eta Errementari (Irudienea), Ele! (Szenatokia), Ene Kantak (Saguganbara), Glaukoma (Plateruena), Uxue Alberdi, Iñaki Perurena, Silvia Federici (Ahotsenea solasaldiak), Gogoetaren Plazako solasaldiak eta Pirritx eta Porrotx (Areto Nagusia), Game Erauntsia eta Hezkuntza Libre Taldea (Kabi@), besteak beste.

Guneak, beraz, gero eta ezagunagoak dira bisitarien artean. Webguneko datuek ere hala adierazten dute: berbarako, abenduaren 6an www.durangokoazoka.eus webguneak marka guztiak hautsi zituen, 8200 bisitarirekin egun bakarrean. Horrek adierazten du, azokazaleak gero eta gehiago egitaraua kontuan hartzen duela bere bisita planifikatzerakoan. Kulturaren plaza “bizitzekoa” zela aldarrikatu zuen iaz Azokak, eta aurten ere, hori agerian geratu da: azoka merkatua da, baina aldi berean jaia da, parte-hartzekoa, bizitzekoa da.

Gune guztietan, beraz, aurtengo azokaren balorazio positiboa egin dute, erreferente bihurtzen ari baitira, bakoitza bere diziplinan. Kabi@n, mundu digitalaren gunean, “izatetik ekitera” igaro direla nabarmentzen dute. Komunitateak duen garrantzia azpimarratzen dute, jendearen parte hartzea handiagoa izan baita, zenbakietan eta jarreran. Jakina denez, aurten Ahotseneak 10 urte bete ditu, eta “ospatze-giroa” bizi izan dute bost egunetan zehar. Gune bietan iaz baino jende gehiago ibili da. Zuzenekoen karpan musikak inoiz baino aniztasun handiagoa izan du estiloetan, “musika ere aldatzen doalako seinale”. Solasaldien gunean, “izugarrizko harrera” izan dute emakumeek idatzitako liburuen aurkezpenek, bereziki feminismoari lotutakoek.

Azoka TB beste urte batez kulturaren leihoa izan da, “sormenaren lurraldetik harago eramateko eta ezagutarazteko bidea”. Irudienean, 30 ikus-entzunezko lan baino gehiago izan dituzte, eta aurtengoan sortzaileek “kalitatea, aniztasuna eta euskara jarri dute erdigunean, konplexurik gabe eta harrotasunez, euskara, euskalkiak eta gure lurraldea Azokako ekosistema honetara ekarriz”.

Saguganbara, txikien plaza, gero eta handiagoa bihurtzen ari da, urterik urte gero eta gehiago baitira gune honetara gerturatzen diren azokazaleak. Areto handia beteta izan da saio guztietan, “atseginez eta goxo hartu dute familiek euskal kultura hurbiletik bizitzea ahalbidetzen dien gunea, handia izaten baita sortzailearen eta hartzailearen artean sortzen den hartu-emana”.

Szenatokiaren kasuan, antolatutako ekimenetan publikoaren erantzun ona izan dute: Ele!, mikroantzerki maratoia, Ikasle Eguneko sei paseak beteta egon ziren… Plateruenan ere, nabarmentzekoa da asistentzia, batik bat Glaukomaren kontzertuan, sarrera guztiak agortu baitziren.

Azokaren ekarpena, handia

Aurtengo Azokaren ekarpena handia izan da, hainbat aldetatik begiratuta. Askotariko sortzaileak egon dira, kultur-lanak ugariak izan dira eta gogoeta aberatsak utzi ditu (Gogoetaren Plazak kulturgintzan puri-purian dauden gaiak Azokaren erdigunean jarri ditu). Neurtu ezin den ekarpena egin du beste urte batez Azokak: sortzaile berrien ezagutza bultzatzeko bozgorailua izan da, zuzeneko harremana bultzatzeko eragilea, transmisioa bermatzeko tresna… Euskal kultura bizi-bizirik dagoela erakutsi digu.

Datu ekonomikoei erreparatuta ere, Durangoko Azokak honako estimazioa egin du: aurtengo edizioak 7’2 milioiko ekarpen ekonomikoa izan du, bisitari kopurua eta bakoitzak zer nolako gastua egin duen kontuan hartuta. Datu garrantzitsua da hori Azokarentzat: euskal kulturan inbertitzea merezi duela erakusten du.

Landakon parte hartu duten argitaletxe, diskoetxe eta gainontzeko eragileek aditzera eman dutenez –behintzat Azokako antolakuntzak jaso dituen iritziak–, aurtengo edizioan asko saldu da: kasu batzuetan edizioak agortu dira, eta badira aurreikuspenak gaindituta bueltatu diren erakusketariak. Bost egun hauetan ere giroa egon da Durangoko kaleetan, eta Durangaldean ere hainbat ekimen antolatu dira Azokako oihartzuna eta bisitarien joan-etorria baliatuta.

Azoka, etorkizunari begira

52. edizioa amaitu da, eta sormenaren lurraldea 53. edizioari begira jarri da jada. Hurrengo urteko datak zehaztu ditu Durangoko Azokak: abenduaren 5etik 9ra ospatuko da, bost egunez berriro ere, Ikasle Eguna mantendu eta indartzeko apustua egingo baitu Azokak.

Etorkizunari begira jarraituko du Azokak hurrengo urtean ere. 53. edizioan zabalduko da lehen aldiz sormen beka berriaren lehenengo deialdia. Omentzetik Ereitera ekitaldian errepaso sentitua egin zitzaien Argizaiola Sarien omenduei, eta beka berriaren nondik norakoak aurkeztu ziren. 2018ko irailean egingo da lehenengo deialdia, eta abenduan, azoka bete-betean, iragarriko da nork jasoko duen. 2019ko Durangoko Azokan gozatu ahal izango sormen bekaren lehenengo emaitza.

Etorkizuna aipatu du Azokak, eta hurrengo urteetan, hobetzen jarraitzeko nahiarekin jarraituko du sormenaren lurraldeak. Horren adibide da kultura guztion eskura” egitasmoa, azoka bisitari guztientzat irisgarria izan dadin hasitako bidea. Urrats txikia eta xumea izan da, baina egitasmo horretan sakontzeko asmoa dago. Bisita gidatuek diagnostiko bat egiteko balio izan dute; datozen urteetan urrats sendoagoak eman ahal izateko. Helburua, gaitasun ezberdinak dituzten pertsona guztiek euskal kulturaz gozatzeko aukera edukitzea.

Azkenik, Durangoko Azokak bere poza agertu nahi du, mila bisitarik baino gehiagok doako autobus zerbitzua erabili dutelako sormenaren lurraldera bidaiatzeko.

Durangoko Azokaren 52. edizioa amaitu da, eta gero eta gutxiago falta da hurrengo ediziorako. Jarrai dezagun euskal kulturaz gozatzen eta euskal kultura kontsumitzen urte osoan zehar!

Durangoko Azokako 52 edizioa hasi DA! –

Durangoko Azokako 52. edizioaren balorazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude