Quebeceko eredu digitala

Quebeceko eredu digitala –

Josu Waliñok, Sarean.eus atarian:

Quebec dugu entzungai azken aldian, hainbat politikariren ustez euskaldunok jarraitu beharreko eredua bertakoa omen delako Kataluniakoa izan beharrean.

Egia esan, guk .EUS domeinua sortzeko garaian eredu katalanari begiratu genion, haiek izan baitziren lehen aldiz 2006. urtean komunitate baten Interneteko domeinua garatu zutenak, .CAT domeinua hain zuzen ere. Haien ereduari jarraituz egin genuen bidea .EUSen, eta guk bezala baita beste komunitate digital askok ere: Galiziako .GAL, eskoziako .SCOT eta esanguratsua bada ere .QUEBEC domeinua ere Kataluniara begira sortu zen.

Quebeceko eredu digitalaBaina tira, goazen gure eredu izan behar lukeen Quebeci buruz hitz egitera. Duela gutxi izan nuen aukera .QUEBEC domeinuaren zuzendariarekin hitz egiteko, eta hark esan zidanez .EUS dute eredu hainbat alorretan. Besteak beste, alderdi politiko eta erakunde ofizialek Interneten domeinuarekiko zuten jarrerarekin zegoen kezkatuta, eta horren inguruan guk bizi dugun egoeraz galdetu zidan: zein da Euskal Herrian alderdi politiko eta erakunde publikoek .EUSekiko duten jarrera?

Azaldu nion EAEn gutxienez hauteskunde garaian alderdi politiko guztiek, abertzale direnak eta ez direnak, guztiek erabiltzen dutela .EUS. Baina, hauteskunde garaitik kanpo, egunerokoan, alderdi abertzaleek bakarrik erabiltzen dute .EUS domeinu nagusi moduan. Azaldu nion erakunde publiko gehienek erabiltzen dutela .EUS gaur egun, Eusko Jaurlaritza, foru aldundi eta udal nagusiek .EUSera aldatu zutela hasieratik beraien webguneetako domeinua, eta haien presentzia digitala .EUSen bidez egiten dutela. Eta EAEz harago, Nafarroan zein Iparraldean ere, .EUSek baduela presentzia erakunde publikoetan, Euskal Herri osoko erakundeetara zabalkundea bermatuz.

Emandako erantzunak .QUEBECeko zuzendaria harritu zuen, eta beraiek aztertu eta eredu moduan erakusteko informazioa idatziz pasatzeko eskatu zidan. Zergatik? Ba nonbait, gure eredu izan beharko lukeen Quebecen alderdi politiko eta erakunde ofizialek ez dutelako .QUEBEC domeinua erabiltzen Interneten. Kanadaren Interneteko domeinu ofiziala .CA da, eta horren menpeko .QC.CA azpidomeinua sortu zuten bere garaian Quebec adierazteko. Luzapen hori da oraindik ere Quebeceko Gobernu zein erakundeek Interneten nagusiki erabiltzen dutena.

Quebeceko eredu digitalaAdibidez, Quebeceko gobernuak eta Montrealgo Udalak, .QC.CA azpidomeinua erabiltzen dute bere webguneetan, eta Quebec eskualdeko turismo sustapenerako agentziak .COM generikoa erabiltzen du. Inork ez dio garrantzirik eman bertako identitate digitala azpimarratzeari .QUEBEC domeinu berria erabiliz.

Quebecen independentziaren aldeko jarrera aktiboa duten alderdi politikoak daude, erakunde propioak ere badituzte, baina sarean inork ez dio garrantzirik ematen nortasun digitala azpimarratzeari.

Ondorioz, Interneten Quebec ez da gure eredua. Alderantziz, gu gara eredu .QUEBECentzat nortasun digitalari dagokionez. Interneten behintzat, Kataluniara begira jarraitu beharko dugu erreferente bila, hamar urte hauetan egin duten bidetik badugulako oraindik zer ikasia.

Quebeceko eredu digitala
domeinuak, nortasun digitala, PuntuEus, Quebec
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Quebeceko eredu digitala”-ri buruz

  • Pozten naiz .EUS antzeko panoraman dauden domeinuen artean gailentzeaz. Hala ere uste dut oraindik ere askoz etekin gehiago atera diezaiokegula, .CAT erreferentzia hartuta. Adibidez, zergatik ez daude sarean jaurlaritza.eus edo lehendakaria.eus? bbk.eus edo vital.eus ere ez dira existitzen. Bilbo.eus ez, baina bai bilbao.eus. Alderdi politikoei dagokienez, abertzaleek soilik dute euren webgunerako… eajpnv.eus bai baina ez eaj.eus (katalunian esaterako ERC-k esquerra.cat erabiltzen du, baina erc.cat-etik ere bertara bideratzen du…). Beste adibide batzuk ere aurki ditzaket, ez dakit oso ondo nola deskribatu, baina esango nuke .CAT-ek presentzia naturalago eta intuitiboago bat duela,

  • Interesgarria. Euskarak garaiz hartu zuen interneten olatua, hainbat bisionarioren debaldeko lan eskergari esker. Egunen batean eskertu beharko zaie behar bezala. Bide batez, internetez eta eredu digitalaz ari garela Estoniaren legedia aipatu beharrekotzat dut.

    Punta-puntako lana ari dira egiten herrialde txiki honetan, arlo honetako politiketan buru izateraino aspektu askotan. Herritarren ekintzailetasuna sustatuz eta inbertsioak erakarriz gure EHk baino biztanleria txikiagoa (1.5 milioi herritar) duen estatu hau munduan nor izatea lortzen ari da. Instituzioak berrituz eta politikan parte hartzeko aukerak areagotuz munduko herrialde askorentzat ispilu bilakatzen ari dira. Bertako erakundeek kontutan hartzeko moduko eredua, gure herri eta hizkuntzari egoki etorriko litzaiokeena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude