Durangoko Azokako ‘esperientzia’ bizitzeko gonbidapenaz hasi du 51. edizioak bere atzera kontua

Durangoko Azokako 51. edizioa

Durangoko Azokako 51. edizioa

  • “Bizitzekoa DA!” izango da edizio honetako lelo nagusia. Hori da Azokak indartu gura duen ideia: Azokara etortzea merezi du, esperientzia aberasgarria da, publiko guztientzat dago plana.
  •  Aurtengo kartelaren egilea Christine Etchevers margolaria da, Azokako kartela egin duen Ipar Euskal Herriko lehenengo artista. Ipar Euskal Herriak leku eta indar berezia izango du aurtengo edizioan, hamar urte betetzen baitira EKEk eta Gerediagak hitzarmena sinatu zutenetik.
  •  Ohikoa baino lehenago helduko zaigu Azoka, abenduaren 2tik 6ra arte. Bost egunez berriro ere. Ikasle Egunak indar berezia izango du, eta bere baitan lehenengo aldiz helduentzako tailerrak egongo dira. Inoiz baino izen-emate gehiago egon dira Ikasle Egunerako.

Durangoko Azokako 51. edizioa

Durangoko Azokak 51. edizioaren kartela eta ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur, urriak 26, Durangoko Arte eta Historia Museoan egindako prentsaurrekoan. Aurkezpenean azaleratu den moduan, hasi da dagoeneko 51. ediziorako atzera kontua. Izan ere, aurten kulturaren plaza ohikoa baino lehenago helduko zaigu: abenduaren 2tik 6ra arte helduko da, bost egunez berriro ere.

Durangoko Azokako 51. edizioaGerediagako presidente Nerea Mujikarekin batera, prentsaurrekoan Azoka babesten duten erakunde publiko nagusietako ordezkariek parte hartu dute: Cristina Uriarte (Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua), Ana de Castro (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaria) eta Aitziber Irigoras (Durangoko alkatea). Halaber, Azokako guneen arduradunez gain, babesle pribatu nagusietako ordezkariak ere bertan egon dira: Ixone Zubieta eta Onintze Ituiño (BBK),  Jose Antonio Yela (Eroski) eta Izartza Zorrozua (Euskaltel).

Aurtengo edizioaren lelo nagusia Azoka bizitzearen esperientziarekin lotuta dago: “Bizitzekoa DA!”. Gerediagako presidente Nerea Mujikak azaldu duenez, hori baita 51.DA-k transmititu gura duen ideia: “Gazteei, nagusiei, haurrei, euskaldun berriei, zaharrei, euskal hiztunak ez direnei ere etortzeko eta Azoka bizitzeko eskatu nahi diegu”.

“Gaurko aurkezpenak gonbidapen bat izan nahi du. Gonbidapena Azokara urtero zatoztenontzat, berriro ere guregana etortzeko. Zuei esker baita Azoka arrakastatsua, zuei esker jarraitzen dugulako hobetzen, edo saiatzen behintzat. Eta Azokara inoiz gerturatu ez zaretenoi ere, gonbidapena. Etorri. Ezagutu. Azokara etortzea merezi du. Gozatuko duzue. Egun pasa etorriko zaretenak, zuen idoloak ezagutzera, aspaldiko lagunak ikustera, opariak erostera, parrandan… Azokak zuentzat guztiontzat du plana. Azoka bizitzekoa baita”.

Cristina Uriarte sailburua pozik agertu da Azokako antolatzaileekin batera “ibilbide zoragarri” honetan parte hartzeaz. “XXI. mendeko erronka berrietara egokitzen asmatu duzue, eta gero eta herritar gehiagorengana heltzen ari zarete”. Ana de Castrok ere Azokarekiko konpromisoa azpimarratu nahi izan du: “Berresten dugu gure apustua euskara eta euskal kulturaren alde. Izan gaitezen denok ondo etorriak kulturaren plazara!”. Aitziber Irigorasek ere gonbidapen zabala egin die Euskal Herriko txoko ezberdinetatik datozen kulturzale guztiei: “Guregana etorri eta Azokan parte hartu!”.

51.DA-ko kartela eta Ipar EH

Aurtengo ildo nagusiak azaltzearekin bateDurangoko Azokako 51. edizioara, 51. edizio honen kartela ere aurkeztu da gaurko prentsaurrekoan. Gerediagako kide Txelu Angoitiak iragarri duenez, aurtengo egilea Christine Etchevers margolaria da, Azokako kartela egin duen Ipar Euskal Herriko lehenengo egilea. Etchevers Baionan jaio zen 1953. urtean eta Kanbon bizi da gaur egun. Bere karreraren hasieran margolaritza figuratiboa landu zuen, baina gero, arte abstraktua landu du batez ere, kultura zaharren sinbolo edo grafismoan oinarrituz.

Zalantzarik gabe, Ipar Euskal Herriko margolari esanguratsuenetako bat da. Horren erakusle dira jaso dituen sari guztiak, edo parte hartu duen erakusketa guztien zerrenda: Europako Arte Akademiaren saria, Toulouse-Hispania Saloiko domina, Europako Arte Akademiaren Imagination kopa… eta abar.

Etchevers pozik agertu da Azokako kartela egin izanagatik: “Niretzako ere ohore handia da gaur zuekin egotea, eta Ipar Euskal Herriko lehenengo egilea izatea. Lan honetan Durangoko berotasuna eta pasioa islatzen saiatu naiz. Hori baita niretzat Azoka: dinamismoa, bizitasuna, beroa. Kartelean elementu anitz agertzen dira: liburu eta diskoak antzematen dira, pertsona bat agertzen da liburu baten azalean, beste pertsona bat liburutik ihes egiten, iraganetik eta ametsetatik ihes egiten… Letrak eta alfabetoa ere kartelaren parte dira, kolorea ematen diote, eta kartelari osotasuna ematen diote”.

Durangoko Azokako 51. edizioaGaurko prentsaurrekoa Durangoko Arte eta Historia Museoan egin izana ez da kasualitatea. Izan ere, espazio honek aurten Azokan parte hartuko du, Christine Etcheversen lanen erakusketa antolatuz.

Horrez gain, Etchevers Ipar Euskal Herriko artista izatea ere esanguratsua da. Izan ere, aurten hamar urte betetzen dira Gerediagak eta EKE Euskal Kultur Erakundeak hitzarmena sinatu zutenetik, eta urteurren hau ospatu guran, Ipar Euskal Herriko eskaintzak leku berezia izango du Azokan. Nerea Mujikak eman du horren berri: “Ipar Euskal Herriko sorkuntzak Azokak duen presentzia bermatzea izan du helburu hamarkada honetako lankidetzak. Urteurrena borobiltzeko, Ipar Euskal Herriko eskaintza inoiz baino zabalagoa izango da aurten, eta 30 ekitalditik gora izango ditugu teknologiari, zinemari, zabalkundeari, literaturari, musikari zein arte eszenikoei lotuta. Formatuak ere denetarikoak izango dira: hitzaldiak, mahai-inguruak zein ikuskizunak”.

Ikasle Eguna, indartsu

Aurtengo Azoka ohikoa baino lehenago helduko da, eta horren arrazoi nagusietako bat, Ikasle Eguna izango da. Ikasle Eguna Azokako lehenengo egunean ospatzen da, eta laneguna izan behar du, ikastetxeetatik Azokara etortzeko aukera izan dezaten. Hori dela eta, kulturaren plaza abenduaren 2an hasiko da, ostirala. Gogotsu dator gainera: inoiz baino izen-emate gehiago jaso ditugu bertan parte hartzeko, 6000tik gora. Ikasle Egunak, aurten, nobedadeak ekarriko ditu. Ohiko goizeko jarduerez gain, arratsaldez ere nagusientzako jarduerak izango ditu, deialdi berezia eginez euskara ikasten ari direnei.

Belaunaldi berriak erakartzen jarraitzea da Azokaren erronka garrantzitsuenetako bat. “Belaunaldi berrietako euskaldunak kulturgintzaren ardatzean ipintzea da gure lan lerroetako bat, zaletasunean, sorkuntzan eta eragiletzan parte izan daitezen; parte hartu eta parte eman dezaten. Horren harira ekin genion gazteei Azokan parte hartzeko aukera ematen zieten ekimenei indar berezia emateari”. Edozelan ere, Mujikak gogoratu duenez, Azokak itxura gaztea du: “51 urte izan arren, itxura gaztea du. Hala aditzera ematen du Deustuko Unibertsitateak egin berri duen ikerketa: azokako bisitariaren bataz bestekoa 37 urtekoa da, eta hirutik bat 16-29 urte artekoa da”.

Azkenik, esker ona adierazteko berbak izan ditu Gerediagako presidenteak: “Sarri ematen ditugu eskerrak Gerediagako kideok. Ez dira hitz hutsak. Erakunde, elkarte, talde eta norbanakook proiektu honetan ilusioa mantentzen duzuelako, eta edizioz edizio elkarlanerako bideak jorratzen dituzuelako lortzen dugu urtero tamainako kulturaren plaza osatzea”.

Durangoko Azokako 51. edizioa

DurangokoAzoka.eus

Durangoko Azokako 51. edizioa  Durangoko Azokako 51. edizioa Durangoko Azokako 51. edizioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude