Durangoko Azokak aurtengo nobedadeen musika-zerrenda kaleratu du Spotify plataforman
Durangoko Azokak aurtengo nobedadeen musika-zerrenda kaleratu du Spotify plataforman –
- Durangoko Azokak aurtengo nobedadeen musika-zerrenda kaleratu du Spotify plataforman lehen aldiz
Lehen aldiz, Spotify zerrenda publiko bat osatu du Durangoko Azokak, abenduaren 5etik 8ra arte eskuratu ahal izango diren musika-nobedadeekin. 49 abestik osatzen dute, eta astero kanta berriak gehituko zaizkio.
Hiru aste falta dira Durangoko Azokako 54. edizioa hasteko, eta sortzaileak buru-belarri ari dira euren nobedadeak kulturaren plazarako aurkezten. Musikarien kasuan ere, oparoa izango da Durangoko Azoka: talde ugarik disko berria aurkeztuko dute edizio honetan. Lehen aldiz, Durangoko Azokak kulturaren plazan egongo diren musika-nobedadeekin zerrenda publiko bat osatu du, Spotify plataforma ezagunean. Horrela, Azokako bisitariak entzun ahal izango du aldez aurretik zein taldek aterako duen diskoa Azokarako.
“54DA!” musika-zerrenda 49 talderen 49 abestik osatzen dute momentuz, eta Durangoko Azokako webgunean www.durangokoazoka.eus eta Spotify plataforman entzun daiteke.
Durangoko Azokako musika-zerrendaren ezaugarri nagusia aniztasuna da. Izan ere, rock doinuak gailentzen diren arren, hainbat musika-estilo nahasten dira: pop, trikitixa, klasikoa, hip-hop, elektronikoa, soul eta abar. Talde ezagunak eta hasi berriak ere tartekatzen dira.
Ibilbide luzeko taldeen artean, honakoak topatu ahal ditugu: Zea Mays, Urtz, Doctor Deseo, En Tol Sarmiento, Maider Zabalegi, Willis Drummond, Eñaut Elorrieta, Ruper Ordorika, Yogurinha Borova, Keu Agirretxea, Xabi Solano, Pier Paul Berzaitz eta Korrontzi, besteak beste. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken nobedadea ere agertzen da, edota Pello Reparazen “Zetak” taldearen singlea.
Hip-hop edo trap taldeek ere presentzia nabarmena izango dute, Xatiro, Mad Muasel, Gatom, Dupla, La Basu edo Revolta Permanent bezalako taldeekin. Abesti guztiak “nobedadeak” diren arren, hainbat talderen abesti klasikoak ere agertzen dira, formatu ezberdinetan berriro kaleratuko direlako Azokan, eta, beraz, “nobedade” izango direlako. Horren adibide dira Skalariak, Hemendik at!, Hertzainak edo Berri Txarrak.
Talde ezagunekin batera, euren lehenengo diskoa atera duten hainbat talde ere agertzen dira: Sua, Iñorkiñak, Saia Goait, Natali edo Serge bakarlaria, adibidez. Horrez gain, honako taldeek osatzen dute zerrenda: Nebrashka, Olatz Zugasti, Kaskezur, Eztanda, Unidad Alavesa, Nahiak Nahi, Agurtzane Elustondo & Ion Elustondo, Hiri Galduak, Mikel Iraeta, Xabi Aburruzaga & Mikel Markez, Thierry Biscary, Dientes de Luna, Belatz, Iñaki Palacios, Niña Coyote & Chico Tornado, Afrika Bibang eta Sutan.
Momentuz 49 banda agertzen diren arren, playlistera abesti gehiago gehituko dira hurrengo egunetan, hainbat taldek oraindik ez dutelako euren nobedadea aurkeztu, besteak beste, Arkada Social, Skakeitan, Arima, Joseba B. Lenoir edo Onki Xin taldeak.