Arte[faktua] 64: Sandra Labastie, Tximeleten eternitatea, Jorge Gimenez Bech, Nora Arbelbide

Arte[faktua] 64: Sandra Labastie –

Sandra Labastie idazle lapurtarra da aste honetako gonbidatu nagusia Arte[faktua] literatur saioan. Biarritzen, bere sorterrian elkartu gara, Alberdania argitaletxearekin plazaratutako eleberriaz hitz egiteko: Tximeleten eternitatea. Eleberria Frantziako irakurleen sarirako hautatua izan zen 2015ean, Livres de Poche argitaletxeak ezarritako sarian.

Sinesmen milenaristadun familia batean jaioa da bera. Parisko Sorbona unibertsitatean egin zituen goi mailako ikasketak, eta, bere esanetan, 18 urterekin konturatu zen hitzek zentzu bat baino gehiago dutela.

Mitxel Muruak itzulitako eleberria da Tximeleten eternitatea. Munduaren akaberan sinesten duen komunitate bateko partaidea da liburu horretako protagonista, 13 urteko neskatila. Hiztegi baten aurkikuntzak bizitza eraldatuko dio, eta bere bizimoduaz galderak egiten hasiko zaio bere buruari pixkanaka-pixkanaka.

Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editorea gonbidatu du Labastiek Artefaktura, argitaletxe horrek ekarri baitu Tximeleten eternitatea euskarara. Horren zergatia azalduko digu editoreak. Bere hitzetan, lapurtarrak tratatzen duen gaia ez da gure letretan jorratu ohi den gaia.

Nora Arbelbide euskal idazle eta Berria egunkariko kazetari izandakoak bere liburu kuttunen berri emango du aste honetako Apalategia tartean.

Irakurlea-ren tartean, berriz,  Eric Traonmilinek Harkaitz Cano idazlearen Fakirraren ahotsa liburuaren gomendioa egingo du.

Bestalde, Galdetegia-n, Rafa Ugalde, Joxemari Iturralde eta Angel Erro idazleek literaturaren inguruko galdera bana erantzungo digute.

Azkenik, aste honetako Booktuberren atalean, Ainhoa Etxebarria Gazteako esatariak Suzanne Collinsek idatzitako Gose jokoak gazteentzako trilogiaren aipamena egingo digu.

Hau guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Hori guztia, larunbatean, 15:00etan, ETB1en.

Arte[faktua] 64: Sandra Labastie, Tximeleten eternitatea, Jorge Gimenez Bech, Nora Arbelbide
Ikusi hemen larunbateko saioaren aurrerapena

Arte[faktua] 64: Sandra Labastie, Tximeleten eternitatea, Jorge Gimenez Bech, Nora Arbelbide

Arte[faktua] literatur saioa ETBn