50. Durangoko Azoka > Izen ematea zabalik
50. Durangoko Azokan parte hartzeko epea irailaren 30era arte zabalik
…
- Izena ematea sarean egin behar da durangokoazoka.com
- Auto-ekoizpenek euren gunea izango dute bigarren urtez
…
Abenduaren 4tik 8ra antolatuko den 50. Durangoko Azokan parte hartu nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde eta banatzaileek zein auto-ekoizleek irailaren 30era arteko epea izango dute izena emateko. Horretarako, aurreko urteetan egin bezala, sareko izen-ematea irailaren 1etik egokituta dago www.durangokoazoka.eus webgunean.
Iaz, lehenengoz, erakusmahai erdia kontratatzeko aukera izan zuten partaideek, eta aurten ere aukera berdina izango dute, azokaren araudian jasotako irizpideen arabera (araudia web orrian ikus daiteke). Auto-ekoizpenen gunea ere bigarren urtez egokituko da partekatutako erakustoki modura. Gainontzeko partaideen antzera, izena ematea irailean izango da.
Durangaldeko argitalpenak
Aurten ere Gerediaga Elkarteak aukera emango die eskualdeko sortzaile, elkarte eta erakundeei inolako kostu barik Durangoko Azokan euren produktuak erakusgai eta salgai jartzeko. Azokaren araudi nagusia betetzeaz gain, eskatzaileak helbide fiskala Durangaldeko udalerriren batean izan beharko du. Produktu guztiak “Durangaldeko argitalpenak” bezala erakutsiko dira. Izena emateko Gerediaga Elkartera jo behar da.