Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak 120 emanaldi eskainiko dituzte Klasikoak programan
Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak 120 emanaldi Klasikoak –
Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak 120 emanaldi baino gehiago eskainiko dituzte Klasikoak programaren barruan
Denboran luzatutako zinema klasikoko jaialdi baten itxura harturik, apiriletik irailera bitartean izango dira emanaldiak Gasteizen, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Donibane Lohitzunen
Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak 50 film eta 120 emanaldi baino gehiago eskainiko dituzte apiriletik irailera bitartean Klasikoak programaren bitartez: klasiko zaharrak zein modernoak izango dira ikusgai, pelikula ospetsuak zein (berr)aurkituak. Klasikoak markarekin biltzen da zaharberritutako hamabi filmez osaturiko zikloa. Apiriletik ekainera bitartean, Euskadiko Filmategiak Lumière Saioak izenburupean antolatu ditu emanaldiok Gasteizko Artium Museoan, Arte Ederren Bilboko Museoan eta Donostiako Tabakaleran, baita Iruñeko Golem eta Donibane Lohitzuneko Le Sélect zinema-aretoetan ere. Horretaz gainera, beste bi ziklo izango dira irailean, Donostia Zinemaldiaren esparruan. Alde batetik, aurten polizia-generoari eskainitako atzerabegirakoa, Italia biolentoa. Italiako polizia-zinema izenekoa. Eta, bestetik, Donostia Zinemaldian emaniko Klasikoak saioak; izan ere, 66. edizioaz geroztik, hainbat film klasiko izan dira ikusgai, hala nola Akai Tenshi/The Red Angel, Yasuzo Masumura zinemagilearena; Zacharovannaya Desna/Enchanted Desna, Yuliya Solntseva egilearena, edo Sátántangó, Béla Tarr zuzendariarena, besteak beste.
Beraz, denboran eta espazioan luzatutako jaialdi bat da, zinema klasikoari eskainia. Klasikoak programak Donostia Zinemaldiaren tradizio historikoari jarraitzen dio, beti berreskuratu nahi izan baititu hasiera-hasieratik indartu dituen zinemagileak, garaiak, gaiak edo hizkuntza zinematografikoak. Hain zuzen ere, 1959an hasi zen eginahal hori, René Clair zinemagileari eskainitako atzerabegirakoarekin. Ildo horretan bertan, Euskadiko Filmategiak ere apustu irmoa egiten du filmak zaharberritzeko eta zabaltzeko.
Emanaldiaz gainera, Italia biolentoa. Italiako polizia-zinema atzerabegirakoari loturiko liburu bat ere argitaratuko da, Felipe Cabrerizok idatzia —zikloaren komisario izango da Quim Casasekin batera—, eta irailean eztabaidagune bat zabalduko da, film-ondarea zaharberritzeari, zaintzeari eta zabaltzeari buruzkoa.
Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariaren iritziz, “Klasikoak zikloari esker, garai guztietako zinema ekarriko dugu gaurko egunera, eta, hein handi batean, nazioarteko beste zinemateka batzuekin izaniko lankidetza-sareari esker izango da posible, beren zaharberritzeak aurkeztuko baitituzte”. “Zinema beste arteak baino gazteagoa da, baina klasikoak ere baditu. Hala, funtsezkoa da sortu zireneko baldintzetan eskuratu ahal izatea (zinema-aretoa, kopia onak, jatorrizko bertsioak, eta abar) gure erakundeen kultura zinematografikoa transmititzeko”, gaineratu du Fernándezek.
Bestalde, José Luis Rebordinosek adierazi duenez, “Klasikoak programak ederki erakusten du bi erakunde elkartzean eta elkarrekin lanean hastean —kasu honetan, Euskadiko Filmategia eta Donostia Zinemaldia—, urrunago irits daitezkeela eta zentzu eta indar handiagoa eman diezaieketela beren kabuz egiten dituzten proiektuei”.
…
Euskadiko Filmategiko Klasikoak, apiriletik ekainera bitartean
…
Apiriletik ekainera bitartean, Euskadiko Filmategiak, Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean, Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohitzunen proiektatuko diren hamabi film berrikustera eta ezagutzera gonbidatuko gaitu. Lyongo Lumière Institutuarekin izaniko lankidetza arrakastatsuaren ondotik —elkarlan horren emaitza izan dira azken bi urteetan antolaturiko Lumière Saioak—, Filmategiak hamabi titulu jo ditu begiz; haietako batzuk aski ezagunak, eta beste batzuk, berriz, oraindik esploratzeke daudenak.
Proposamen kanonikoen artean, nabarmentzekoa da datorren apirilaren 5ean Tabakaleran zikloa abiaraziko duen filma: Modern Times (1936), Charles Chaplinen lan gailenetako bat eta haren azken film mutua, Boloniako Zinematekak zaharberritu duena.
Esa pareja feliz / The Happy Couple (1951), Juan Antonio Bardem eta Luis García Berlangaren lehen obra, Espainiako Zinematekak zaharberritutako klasikoa. Filmoteka horretako Valeria Camporesi zuzendariak aurkeztuko du Donostian eta Bilbon.
Ikusgai izango dira, halaber, Peeping Tom (Michael Powell, 1960), Scorseseren arabera, “shock bat sistemarentzat, eta argi eta zuhur erakusten du artea egiteak dakarren arriskua”; Cross of Iron (Sam Peckinpah, 1977) eta The Apartment (Billy Wilder, 1960). Azken film hori Luis Alegre kritikari eta historialariak aurkeztuko du Donostian eta Bilbon.
Deskubritu beharreko proposamenen artean ageri dira, orobat, Les Ordres / Orders (Michel Brault, 1974). Quebeceko Zinematekak berriki zaharberritu duen film horrek hainbat sari eskuratu zituen, eta aurten 50. urte beteko ditu. Beste sari batzuen artean, Costa-Gavrasekin partekatu zuen zuzendaritza onenaren saria Canneseko zinema-jaialdian (Section spéciale, 1975).
Suitzako Zinematekak L’inconnu de Shandigor / The Unknown Man of Shandigor (Jean-Louis Roy, 1967) aurkeztuko du, filmoteka horretako Fréderic Maire zuzendariaren eta Film Artxiboen Nazioarteko Federazioko (FIAF) presidente ohiaren eskutik. Eta Lumière Institutuak, bestalde, Adieu, Chérie / Goodbye, Darling (Raymond Bernard, 1946) ekarriko du.
Halaber, Euskadiko Filmategiak Classe tous risques / The Big Risk (Claude Sautet, 1960) berreskuratuko du, Donostia Zinemaldiak 2022an eskaini zion atzerabegirakoan proiektatu ezin izan zen zuzendari frantziarraren film bakarra.
Klasikoak zikloan emango dira, orobat, Koibumi / Love Letter (Kinuyo Tanaka, 1953), 1954an Cannesen lehiatu zena; Sur (Fernando E. Solanas, 1988), egileak “bizitzari eskainitako kantu bat” gisa deskribatua; eta Not a Pretty Picture (Martha Coolidge, 1976), orain arte aurkitzen zaila izan den eta Academy Film Archive eta The Film Foundation etxeek 4Kn zaharberritu duten harribitxia. Donostia Zinemaldiko Artxiboa proiektuaren koordinatzaile Irati Crespok aurkeztuko du film hori Bilbon eta Donostian.
Sarrerak Internet bidez eta emanaldi-aretoan bertan erosi ahal izango dira, Bizkaia Aretoaren kasuan izan ezik: Bizkaiko hiriburuko saioetarako sarrera fisikoak Arte Ederren Bilboko Museoan egongo dira salgai.
…
2024ko atzerabegirakoa, polizia-generoa
…
Irailaren 20tik 28ra bitartean, Donostia Zinemaldiaren 72. edizioaren barruan, Istituto Italiano di Culturarekin lankidetzan, Italia biolentoa. Italiako polizia-zinema zikloa ikusi ahal izango da. 20-25 polizia-film inguruko hautaketa horrekin, herrialdearen erretratu egokia egiten asmatu zuen generoa aurkeztuko da, zeina oraindik ere berrikusteke baitago ikuspegi garaikide batetik erreparaturik. Faxismoaren eta gerraostearen urteetatik bizirik atera ondoren, Pietro Germiren Un maledetto imbroglio / The Facts of Murder (1959) filmarekin aurkitu zuen ziurrenik polizia-genero italiarrak bere materializazio kanonikoa. Film huraxe izan zen lehenbizikoa noir frantsesaren imitaziotik aldentzen, eta eredu propio bat finkatu zuen generoaren benetako urrezko aroa ekarri zuena. Handik aurrera, herrialdeko politikaren eta gizartearen bilakaera bera izango du: boom ekonomikoa bizi duen Italiak hiri-espazioetara eramango du, eta delinkuentzia eta krimen antolatuaren hastapenak islatuko ditu; aldiz, 68ko maiatza lehertzean —bereziki sutsua izan zen Italia aldean—, deriba politikorantz joko du, Francesco Rosi, Damiano Damiani eta beste zenbait errealizadoreri esker.
Indagine su un cittadino al di sopra di ogni sospetto / Investigation of a Citizen Above Suspicion (Elio Petri, 1970) filmak eskuraturiko Urrezko Palmorriak eta atzerriko film onenaren Oscar sariak, itxura guztien arabera, generoaren amaiera ekarri zuten. Alabaina, zaharkituta geratu beharrean, mutazio berriak sortu ziren: polizia-genero ortodoxoak Fernando Di Leo eta beste zenbait errealizadorerekin jarraitu zuen, eta, bestalde, mafia movies filmek ordura arte ezezagunak ziren bideak zabaldu zituzten. Donostia Zinemaldian Zilarrezko Maskorra eskuratu ondoren, La polizia ringrazia / Execution Squad (Steno, 1972) filmak poliziottesco generoaren pagotxa zabalduko du, terrorismoaren agerpenak eragindako nahasmenaren ispilu, AEBko indarkeriaren sorrerak ezarritako parametroen arabera islatuta.
Inaugurazioa irailean, ‘Tasio’ filmarekin
…
Zinemaldian, gainera, film klasiko bat proiektatuko da egunero. Sail hori Tasio (1984) filmarekin inauguratuko da, Montxo Armendarizek zuzendutako filma Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean estreinatu zutela 40 urte betetzen direla aprobetxatuz. Sail horrek zinema unibertsaleko klasiko zaharrak eta modernoak berreskuratzen ditu 2018az geroztik, eta askotariko filmak eman dira azken bost urteetan: Akai Tenshi / The Red Angel (Yasuzo Masumura, 1966), Principio y fin / The Beginning and the End (Arturo Ripstein, 1993), Zacharovannaya Desna / Enchanted Desna (Yuliya Solntseva, 1964), Érase una vez… (Alexandre Cirici Pellicer eta Josep Escobar, 1950), Festival en las entrañas (José Val del Omar, 1963-1965), Nueve cartas a Berta / Nine Letters to Berta (Basilio Martín Patino, 1966), Fúria espanyola / Spanish Fury (Francesc Betriu, 1975), Manicomio / Asylum (Fernando Fernán-Gómez eta Luis María Delgado, 1953), Sátántangó (Béla Tarr, 1994) edo Lumière! L’aventure commence / Lumière! The Adventure begins (Thierry Frémaux, 2016) —azken horren emanaldiarekin abiarazi zen programa hau—.