Donibane Lohizune eta Ziburuko arrantzaleen ezizenak
Donibane Lohizune eta Ziburuko arrantzaleen ezizenak –
Aurten, hau da, 2023ko irailaren bigarren astean, plazaratu du Kiki Mujika (Christian Mouhica, frantses grafiaz) urruñarrak aspalditik egiten ari zen ikerketaren berri ematen duen “Origine de quelques surnoms de pecheurs du port de Saint-Jean-de-Luz / Ciboure” (Donibane Lohizune eta Ziburuko portuetako arrantzaleen ezizen batzuren jatorria) izeneko liburu polita, kolorezko argazkiz ongi hornitua dena.
Kiki Mujikak aipatu herrietako portuekin lotura handia izan du beti, eta ongi ezagutzen ditu bertako arrantzaleak eta haien inguruko istorioak. Liburu honetan hainbat arrantzaleren berri ematen digu, haien izen-deiturak, sorlekuak, ibilitako itsasontzien izenak…, eta pertsona horietaz mintzatzeko orduan, indarra egiten du itsas-hegian guztiz zabalduta dauden ezizen edo izengoiti berezietan.
Ezizenak edo izengoitiak oso zabalduta daude Euskal Herri osoan, eta ainitzetan, egiazko izen-abizenak herritarrentzako ezezagunak diren arren, ezizena aipatzean denek ezagutzen dute. Hori gertatzen da laborantza munduan, artzaintzan, arrantzaleen artean, eta baita herrietan ere. Askotan etxearen izena izaten da erabiltzen den goitizena, baina baita, familia batek aspaldian duen ezizena ere baliagarria izaten da, belaunaldiz belaunaldi familiako partaide guztiak izendatzeko.
Kiki Mujikak bere liburua frantsesez egin du, eta nik liburu horren zenbait zehazkizun artikulu honetan bildu ditut gure mintzairaz, euskaraz. Nik ez dut merezimendu berezirik ikerketa honetan, merezimendu osoa Kiki Mujikarena baita. Berari nire esker ona. Ikus ditzagun orain liburuan agertzen diren arrantzaleak eta beren izengoitiak alfabetoari jarraituz antolatuak.
– Adau, Paul, Popoyo. Ziburuko Gurutze Xuriko auzoan sortua 1957ko otsailaren 16an. 1978an itsasoratu zen lehen aldiz Brokoa ontzian. Popoyo Paul izenaren euskal ttikigarria da. Poxtroie izenaz ere ezagutua izan da.
– Agirre, Martin, Odolki Larru deitua. Donibandarra, 1925eko apirilaren 19an sortua. Hamahiru urterekin itsasoratu zen lehen aldiz Santa Maria izeneko ontzian. Oso beltzarana, eta hortik datorkio ezizena.
– Agirre, Jamixel, Ttakeli ezizenaz ezagutua. Donibane Lohizunen sortu zen 1949ko apirilaren 10ean. Amatxiri Maddi Ttakeli deitzen omen zioten, eta hortik datorkio bilobari eman zioten ezizena.
– Agirre, René, Kakoin deitua. Ziburuko Gurutze Xuriko auzoan sortu zen 1920ko apirilaren 26an. 1947an Alice Prat kaskoinarekin ezkondu zen, eta hortik datorkie ezizena, kaskoina (gaskoia), alegia.
– Akerreta, Jakes, Basa deitua. Ziburutarra, 1946ko uztailaren 5ean Gurutze Gorriko auzoan sortua. 1963an itsasoratu zen lehen aldiz, Pedro Jose ontzian. Gaztetan basa samarra zelakoan, orduz geroztik horrela deitu izan zuten denek.
– Alkain, Paul, Poyo deitua. Ziburun sortu zen 1940ko apirilaren 18an. Amak Poyo, hau da, Paul ttikia, deitzen zion eta hortik datorkio goitizena.
– Altzate, Xan, Apeza deitua. Donibane Lohizunen sortu zen 1928ko azaroaren 10ean. Oso sinestuna, oso giristinoa, zenez, goitizen horrekin ezagutu zuten denek.
Sokoa eta Galerna ontziak Donibane Lohizuneko portuan.
– Altzuguren, Bernard, Kraskabil deitua. Ziburuko Kraskallenia etxean sortua, 1941eko urtarrilaren 26an. 1955ean itsasoratu zen lehen aldiz Izurdia ontzian. Kraskabil ezizena etxearen izenetik datorkie familiako guztiei.
– Altzuguren, Dominique, Popof deitua. Donibandarra, 1968ko urriaren 2an sortua. 1983an itsasoratu zen lehen aldiz. Ttikitan, pottoloa zenez, amak goitizen horrekin deitzen zion.
– Amado, Jean, Polpoze deitua. Ziburuko Gurutze Xuriko auzoan sortua, 1932ko otsailaren 10ean. 1949an itsasoratu zen lehen aldiz Albert II izeneko ontzian. Oso indartsua zen, eta garai hartan famatua zen Paul Pons boxeolari frantsesaren izena ezarri zioten goitizen gisa, baina euskal fonetikara erakarria: Polpoze.
– Amado, Pierrot, Txipiroi deitua. Ziburuko Gurutze Xuriko auzoan sortu zen 1958ko abenduaren 14an. Aita ere arrantzalea izan zen.
– Amigorena, Pierrot, Beltza deitua. Bidarten sortu zen 1921eko urtarrilaren 27an. Hemezortzi urterekin itsasoratu zen lehen aldiz Goizeko Izarra ontzian. Oso beltzarana zenez, hortik datorkio ezizena.
– Arbulo, Fréderic Fredo Antxeta ezizenaz ezagutua. 1964ko ekainaren 4an, Monmartzanen jaioa. Aita ere arrantzalea izan zen, Mimizan aldean. 1981ean Donibane Lohizuneko Phidoca izeneko ontzian itsasoratu zen.
– Arruti, Jean Claude, Pinotx deitua. Orthezen sortu zen 1944ko maiatzaren 19an, eta 1959an itsasoratu zen lehen aldiz Karmentxu ontzian.
– Basurko. Koxe, Patxa deitua. Mutrikun sortua 1920ko abenduaren 8an. 1927an bere gurasoak Donibane Lohizunera aldatu ziren, 1939an itsasgintzan sartu zen bete-betean. 1953an Itsasokoa kooperatiba sortu zuen. Patxa itsasgintzan komandanteei ematen zaien ezizena da.
– Berruet, Joseph, Colombo deitua. Ziburutarra Gurutze Xuria eta Bordagain auzoen artean sortua. 1959an itsasoratu zen lehen aldiz Arranua izeneko ontzian. Hélène emazteak gabardina xuri bat oparitu zion, eta telebistan azaltzen zen Colombo detektibeak horrelako bat erabiltzen zuenez, haren izena jarri zioten ezizen gisa.
– Berruet, Ixtebe, Ttaket ezizenaz ezagutua. Ziburuko Zokoan sortu zen 1939ko agorrilaren 16an. Ttaket ezizena familiaren goitizena zen, belaunaldiz belaunaldi familiakoak izendatzeko erabiltzen zena. Aita eta aitatxi ere arrantzaleak izan ziren eta izengoiti horrekin ezagutzen zuten denek.
– Billereau, Jakes, Gerezi deitua. Donibandarra, 1956ko martxoaren 26an sortua. Bada bigarro motako gerezia, eta bere abizenarekin antz handia zuenez, horrela deitu zioten beti, gerezia alegia.
– Cabos, Claude, Koldo deitua. Baionan sortu zen 1962ko uztailaren 25ean, aita baionarra eta ama Guadalupekoa. Oso euskaltzalea izan da beti, eta gaztetan Hegoaldetik etorritako erbesteratuek ezizen hori eman zioten. Gaur, Donibane Lohizuneko Iguzki-alde etxean bizi da eta bertan du Koldoren Museoa izena duen euskal itsasgintzarekin loturiko museo ttikia. Telefonoa: 06.83.29.67.53
– Canevet, Arthur, Tutur deitua. Arcachonen sortu zen 1928ko agorrilaren 24an, eta lanbideak ekarri zuen Ziburuko portura. Pipa zuen beti ahoan, turtur ezpainen artean, eta hortik datorkio ezizena.
– Castet, Erik, Ximist deitua. Donibandarra, 1971eko azaroaren 22an sortua eta Ziburuko Gurutze Xuriko auzoan hazia. Aitatxiri Ximist deitzen zioten, eta orduz geroztik, familiako guztiei horrela deitu zaie.
– Clairacq, Gerar, Cassius deitua. Monmartzanan sortu zen 1942ko irailaren 4an, Lapurdiko kostaldera etorririk, 1957an itsasoratu zen lehen aldiz Galerna ontzian. Boxeolari baten gorputza zuenez, Cassisu Clay-ren izenaz deitu izan diote beti.
– Claude, Erik, Pitus deitua. Donibandarra, 1965eko martxoaren 23an sortua. 1982an itsasoratu zen lehen aldiz Mi-Jak izeneko ontzian. Jatorri ezezaguneko ezizena.
– Delanque, Daniel, Baron deitua. Sortzez ez zen hemengoa, Saint-Pierre-d’Oleron herrikoa baizik. 1975ean itsasoratu zen lehen aldiz eta lanbideak ekarri zuen Donibane Lohizuneko portura. Ezizena familiatik datorkio.
– Domec, Joseph, Tukuyu deitua. Donibandarra, 1924ko ekainaren 25ean sortua. Hamalau urterekin itsasoratu zen lehen aldiz Ahal Duguna ontzian.
– Dupain, Patrik, Rubio deitua. Ziburutarra, 1955eko irailaren 21ean Gurutze Gorriko auzoan sortua. 1972an itsasoratu zen lehen aldiz Brokoa ontzian. Bere aitatxi irundarra zen eta ile-apaintzailea. Gerlatik ihes eginez, Ziburun finkatu zen. Luxito semea arrantzale izan zen eta semeari lanbidea pasatu ziona, baita izengoitia ere, rubio edo ilehoria alegia.
– Elgart, Marzel, Xingar deitua. 1965eko martxoaren 7an sortu zen Donibane Lohizunen, eta Ziburuko Gurutze Gorriko auzoan hazia. Anaia ere ezizen beraz deitzen zuten denek.
– Emazabal, Jean Bernar, Plazida deitua. 1948ko uztailaren 26an Donibane Lohizunen sortua. Ezizena Henri Emazabal aitatxirena zen, oso izaera lasaikoa zelako, eta familiako guztiak deitzeko erabili zuten gero.
– Enparan, Filipe, Muge deitua. Donibandarra, 1973ko urtarrilaren 10ean sortua. 1998an itsasoratu zen lehen aldiz Beñat ontzian. Jatorri ezezaguneko ezizena.
– Esteban, Patrik, Pottero deitua. 1954ko irailaren 14an sortu zen Ziburuko Gurutze Xuriko auzoan. Patriren aitatxiak lan egin zuen Ziburuko Buztingintza edo Poterian, eta hortik datorkie ezizena.
– Etxart, Jean, Okina deitua. Donibandarra, 1927ko abenduaren 23an sortua. 1942an itsasoratu zen lehen aldiz. Bere familiak Karrika Haundian (geroago Ganbetta deitua) okindegi ospetsua izan du aspalditik eta hortik datorkio ezizena.
– Etxebeste, Joseph, Anjel deitua. Ziburutarra, 1932ko martxoaren 26an sortua. 1946an itsasoratu zen lehen aldiz Sabine ontzian. Familia Hondarribitik etorria zen, eta mutilaren bigarren izena Anjel, aitaren izen berbera. Hortik datorkio ezizena.
– Etxeberri, Pierrot, Xakola deitua. 1946ko urriaren 15ean sortu zen Ziburuko Gurutze Xuriko auzoan. Sarako aitatxiri Sakela deitzen zioten, aurkitzen zuen guztia galtzaren sakelan edo xakolan sartzeko ohitura zuelako. Hortik datorkie goitizena.
– Etxeberria, Dominique, Kixu deitua. Ziburutarra, 1932ko azaroaren 21ean sortua. 1948an itsasoratu zen lehen aldiz Izar Eder ontzian. Aita kixugintzan aritzen zen lanbide gisa, eta hortik datorkio izena.
– Garat, Janbattitt, Autobus-Xoferra deitua. Luhuson sortu zen 1928ko azaroaren 15ean. Hendaiako Sabina Hiribarrenekin ezkondu zen eta bertan bizi izan ziren. Bere lehen lanbidea autobus gidaria izan zen, eta hortik datorkio ezizena.
– Gey, Roger, Paxkalin ezizenaz ezagutua. 1949ko abenduaren 24an sortu zen Ziburuko Gurutze Gorriko auzoan. Aita Andre Gey miarriztarra zuen, hau ere arrantzale izana. Jatorri ezezaguneko goitizena.
– Gloaguen, Janbattitt, Butzu deitua. Ziburuko Gurutze Xuriko auzoan sortu zen 1933ko abenduaren 12an. Aitak haurra zelarik jarri zion halako ezizena: butzu, potttolo alegia.
– Haltzuet, Jamixel, Haundia deitua. Donibane Lohizunen sortu zen 1956ko uztailaren 9an eta Zokoan hazi zen, Nagilen Borda izeneko etxean. Biziki handia zenez, honela deitu diote beti. Grande ere deitu izan diote.
– Hiribarren, Bruno, Ttipitt deitua. Donibane Lohizunen sortu zen 1962ko abenduaren 28an, eta bizi eta hazi egin zen Zokoan. Familiak bazuen berezko izengoiti bat, aitatxiren garaitik zetorkiena: Sapolarua, baina eskola garaian, gelako ttikiena zenez, ikaskideek Ttipitt ezizenaz deitzen zuten.
– Hirigoien, Jean Marc, Maradona deitua. Hendaiarra, 1956ko urtarrilaren 10ean sortua. 1956an itsasoratu zen lehen aldiz. Eskolan Riri deitu zioten, baina gerora, Maradona futbolari famatuarekin antza zuela eta, haren izenaz deitu izan diote.
– Ibarloza, Joakin, Ondarru ezizenaz ezagutua. 1911ko abenduaren 5ean Ondarrun sortua zen, 1936ko gerratik ihes eginez, anaiaren itsasontzian Baionako portura pasatu ziren. Ordoki kapitainaren agindupeko Gernika batailoian ibili zen soldadu, eta gerla bukaturik, Donibane Lohizuneko Ainhera ontzian itsasoratu zen.
– Igos, Jean Martin, Kanpanas deitua. Ziburuko Gurutze Xuria auzoan sortu zen 1949ko abenduaren 25ean. 1965ean itsasoratu zen Dakar aldera Galerna ontzian. Ezizena aitarengandik datorkio, eta iduriz, Nafarroako arno baten izena zen, Jean Martinen aitak izugarri maite zuena.
– Iturria, Joseph, Pipax deitua. Ziburun sortu zen 1930eko apirilaren 24an. 1944an itsasoratu zen lehen aldiz aitarena zen Maiatzeko Lorea izeneko ontzian. Jean Ithurria aitatxik beti zuen pipa ezpain artean, eta hortik datorkie familiako guztiei duten ezizena.
– Ithurria, Marzel, Monsieur Dubonnet deitua. 1928ko otsailaren 28an, Ziburuko Zokoan sortua. Aperitifetan Monsieru Dubonnet izeneko edaria edateko usaia zuen, eta horregatik, horrelako ezizena eman zioten.
– Ithurriotz, Georges, Serres deitua. Ziburutarra, 1949ko otsailaren 19an Bordagain auzoan sortua. 1966an itsasoratu zen lehen aldiz Sopite izeneko ontzian. Arrantzale familiakoa. Aitatxi Azkaine ondoko Serres herrikoa zen, eta hortik datorkie ezizena.
– Josie, Jean, Kaskogorri deitua. Ziburutarra, 1936ko agorrilaren 9an Pokalette auzoan sortua. 1952an itsasoratu zen lehen aldiz. Buruko ilea gorria zuen eta hortik etorri zaio ezizena.
– Kanpandegi, Florentxo, Indianoa deitua. Hondarribian sortu zen 1919ko urtarrilaren 31n. Familia arrantzaleko semea. Lanbideak ekarri zuen Ziburuko portura. Biziki ona omen zen sardarak eta balbaiak topatzen, eta horregatik indiano deitzen zioten.
– Kijano, Jean Noel, Pied de Valse deitua. Ziburutarra, 1947ko ekainaren 24an, Jondoni Bixintxo elizaren gibeleko etxe batean sortua. Zoritxarrez, istripu bat izan zuen eta oin bat galdu. Hortik datorkio goitizena.
– Lafitte, Gilom, Sapi deitua. Ziburutarra, 1930eko otsailaren 27an sortua. 1946an hasi zen arrantza munduan. Sapinette ere deitua.
– Lapedagne, Robert, Pipo deitua. Donibandarra, 1946ko ekainaren 27an sortua, elizaren ondoko etxe batean. Garai hartan bazen Pipo izeneko komiki ezaguna, eta izen horrekin ezagutu zuten denek.
– Lavillard, Janbattit, Begi Oker deitua. Zuraide herrian sortu zen 1934ko irailaren 25ean, eta Bordagaineko Maribernatenia etxean hazia. Istripu bat izan zuen eta begi bat galdu zuen, hortik datorkio ezizena. Moshe Dayan ere deitzen zioten, Israelgo jeneral begibakarraren izena erabiliz.
– Lekuberrieta, Robert, Xapio deitua. Donibandarra, 1927ko agorrilaren 28an sortua. Hamalu urterekin itsasoratu zen lehen aldiz. Ezizena aitarengandik datorkio, eta badirudi xapio izeneko haur jokoagatik datorkiela.
– Le Mab, Patrik, Tonton deitua. Donibandarra, 1963ko ekainaren 7an sortua. Marinela auzoan bizi ziren, eta Ziburuko Itsas Eskolan egin zituen bere ikasketak. Anaiak osaba bihurtu zuen zortzi urte zituela, eta hortik aitzina denek Tonton deitu zuten.
– Lizardi, Alex, Borttolo deitua. Donibandarra, 1948ko urriaren 14an sortua, eta Zokoan, Ttaket etxean hazia. Alex zen bere lehen izena, baina Borttolo zuen bigarrena. Horrela deitzen zioten denek.
– Luberri, Anje, Bolo deitua. Donibandarra, 1929ko abenduaren 2an sortua. Ezizena aitaxiren garaitik datorkie familiako guztiei.
– Luminic, Corentin, Tintin deitua. Ziburutarra, 1946ko martxoaren 7an Pokalette auzoan sortua. 1962an itsasoratu zen lehen aldiz Afrikara zihoan Columbia ontzian. Tintin deitzen zioten Corentin izena laburtuz.
– Menvielle, Claude, Omer deitua. Goi Pirinioetako Trebons herrian sortua, 1955eko uztailaren 21ean. 1973an itsasoratu zen lehen aldiz Marta ontzian. Bere aitatxik Omer izena zuen eta hortik datorkio ezizena.
– Miranda, Claude, Ezpal deitua. Concarneau izeneko herrian sortu zen 1946ko irailaren 20an, eta Zokoan hazi zen. Lehen aldiz itsasoratu zen 1961ean, Ederra ontzian. Aitatxiri deitzen zioten Ezpala eta hortik etorri zaio ezizena.
– Mugaburu, Pierrot, Tatau deitua. Donibane Lohizunen sortu zen 1935eko azaroaren 19an. Hamalau urterekin itsasoratu zen lehen aldiz. Garai hartan meilar-meilarrak zirenei tiaw-tiaw deitzen zitzaien, eta hortik datorkio ezizena.
– Mujika, Leon, Ras du Sol deitua. Donostian sortu zen 1925eko agorrilaren 18an. Aita lapurtarra zen, baina desertore gisa pasatu zen Donostiara. 1931n itzuli ziren eta Bordagainen, Putikuen Borda etxean finkatu ziren. 1938an itsasoratu zen lehen aldiz Ongi Ethorri ontzian. Oso ttikia eta ahula zenez, eskolako lagunek ezizen hori jarri zioten.
– Mujika, Robert, Ttonkin ezizenaz ezagutua. Donibane Lohizuneko Fargeot auzoan sortua 1929ko uztailaren 27an. Gaztetan errugbian ibilia zen eta Tom Kiernan errugbilari irlandar famatuaren izenaz deitzen zioten. Ttonkin euskal fonetikara hurbildutako laburpena da.
– Nazabal, Paxkal, Rantanplan deitua. Donibandarra, 1975eko urtarrilaren 28an sortua. 1989an itsasoratu zen lehen aldiz Tximistarri ontzian. Xaterton ezizenaz ere ezagutua da. Jatorri ezezaguneko goitizenak.
– Ofizial, Laurentx, Katxin deitua. Ziburutarra, 1921eko urtarrilaren 7an, Gurutze Gorriko auzoan sortua. 1937an itsasoratu zen lehen aldiz Danton ontzian. Osaba Katxin (edo Joakin) Ofizial itsasgizon ezaguna zen, eta hortik datorkio ezizena.
– Olano, Bernardin, Dadien deitua. Donibandarra, 1931ko ekainaren 19an sortua. Jatorri ezezaguneko goitizena.
– Olano, Nikolas, Dadien deitua. Bernardin Olanoren anaia eta ezizen berberaz deitua. Donibandarra, 1951ko urriaren 5ean sortua. Jatorri ezezaguneko goitizena.
– Olazkuaga, Jean Claude, Mirakulu ttiki deitua. Ziburutarra, Bordagainen, 1941eko azaroaren 2an sortua. 1956an itsasoratu zen lehen aldiz Bidasoa ontzian. Ontziko irratian mintzo zelarik, horrelakoak erraiten zituen: Gaur denbora ona, mirakulu ttikia da. Hortik datorkio ezizena.
– Ostiz, René, Kaia deitua. Urruñan sortu zen 1938ko irailaren 3an. Aitatxi zokoarrak kaiko itsastxorien kantua biziki ongi imitatzen zuenez, orduz geroztik, kaia izan zen familiako guztiei eman zitzaien goitizena.
– Papineau, Christian, Bortitz / Le Furieux deitua. Ez zen hemengoa, La Cotinière sur l’ile d’ Oleron-goa baizik. 1959an itsasoratu zen lehen aldiz, eta lanbideak ekarri zuen Angelura eta Ziburuko portura. Adore handiko mutila zenez, horrela deitu zioten.
– Passicot, Auguste, Kaxkalante deitua. Ziburuko Zokoan, Arto-etxea baserrian sortua, 1934ko ekainaren 8an. Aitatxiri Ganix Galanta deitzen zioten, eta hortik etorri zaio ezizena.
– Poli, Isidor, Zizi deitua. 1942ko irailaren 26an sortu zen Ziburun, Gurutze Gorriko auzoan. Anaia bizkia bazuen, Pello izenekoa, eta biak ttikitatik elkarrekin ibiltzen zirenez gero, eskola garaian Zizi eta Pipi ezizenak eman zizkieten.
– Riand, Bruno, Sim deitua. Bordalen sortu zen 1956ko agorrilaren 16an, baina Donibane Lohizuneko Kako etxean hazia. 1981ean itsasoratu zen lehen aldiz Serres ontzian. Oso bromosoa zenez, garai hartan famatua zen Sim izeneko pailazo frantsesaren izenaz ezagutua izan da.
– Sarria, Daniel, Pettit Bout deitua. Ziburutarra, 1942ko martxoaren 6an, Pokalette auzoan sortua. 1957an itsasoratu zen lehen aldiz Karmentxu izeneko ontzian. Oso ttikia zenez, eskolako lagunek horrela deitu zioten.
– Toral, Mixel, Patxiku deitua. Donibandarra, 1945eko uztailaren 12an sortua. 1960an itsasoratu zen lehen aldiz Atalaia izeneko ontzian. Patxiku zen aitatxiren izena, eta horrekin deitu izan diote beti.
– Tournaco, Mixel, Ttartte deitua. Donibandarra, 1910ean sortua. Marthe-Henri eta Christiane ontzietan ibili zen. Jatorri ezezaguneko goitizena.,
– Ugartemendia, Claude, Bildots / Moutton deitua. Donibandarra, 1956ko abenduaren 11n sortua eta Zokoan hazia. 1972an itsasoratu zen lehen aldiz Arranua ontzian. Ile kixkurrak zituen eta hortik datorkio ezizena.
– Uranga, Jean, Pattatt deitua. Donostian sortua 1924ko otsailaren5ean. Familia Ziburun finkatu zen 1932. urtean. 1938an itsasoratu zen lehen aldiz. Bigarren Gerla Handian Irunera pasatu zen, baina bertan atxilotu eta Mirandako kontzentrazio esparrura igorri zuten. Ihes egin zuen hortik eta gerora Aljerian ibili zen soldadu. Ziburura itzultzean, arrantzale gisa hasi zen, berriz ere. Jatorri ezezaguneko goitizena.
– Urruzmendi, Janbattitt, Galtzaburu deitua. Urruñarra, 1938ko agorrilaren 17an sortua. 1952an itsasoratu zen lehen aldiz Gatu-arraina ontzian. Galtzaburu baserrikoa zen eta hortik datorkio ezizena.
– Verger, Añamari, Pottott deitua. Donibandarra, 1959ko agorrilaren 21ean sortua. 1988an itsasoratu zen lehen aldiz Mercure ontzian. Honela deitzen diote gizonen artean, emakume bakarra izan delako.
– Verger, Jean Claude, Zibus deitua. Ziburutarra, 1943ko irailaren 5ean sortua. 1960an itsasoratu zen lehen aldiz Pellot ontzian. Jatorri ezezaguneko ezizena.
Oharra: Argazki guztiak Kiki Mujikaren liburutik hartuak dira.
Donibane Lohizune eta Ziburuko arrantzaleen ezizenak Donibane Lohizune eta Ziburuko arrantzaleen ezizenak Donibane Lohizune eta Ziburuko arrantzaleen ezizenak Donibane Lohizune eta Ziburuko arrantzaleen ezizenak Donibane Lohizune eta Ziburuko arrantzaleen ezizenak