Desioaren geziak… (San Sebastian, gayen ikono)

Desioaren geziak (San Sebastian, gayen ikono)

Nola bihurtu da San Sebastian ikono homo-erotiko?

San Sebastian bezpera dela-eta, duela urte batzuk gurasoak Donostiako erakusketa bat ikustera joan zirela akordatu naiz, gure osabak etxean duen koadro bat bertan eskegitzekoak zirela-eta, “Descendimiento de San Sebastian”. Santua bera zen erakusketarako gaia; historian zehar izan dituen irudikapenak.

Bueltan, katalogoa oparitu zidan amak, harri eta zur eginda: —ez zen guk espero genuena!?!, esan zidan erakusketari buruz. Ordura arte, ez nekien artearen historian izan den santurik irudikatuena kristau martiri izatetik (geziei esker, identifikatzen errazenetakoa), homosexualen mito izatera igaroa zela.

Lerro hauen azpian duzuen hau Guido Reni maisuak 1620 inguruan margotutako artelana da, sortu zituen zazpi San Sebastianetako bat, Oscar Wilde edo Yukio Mishima bezalako autore modernoek goratua. Jarraian doazen lerroetan, Xabier Iturbe Otaegik, Donostiako hiriari gazteleraz izena ematen dion santua deskribatzen du:

Desioaren geziak (San Sebastian gayen ikono)«Militar milandarra, IV. mendearen hasieran kristau martirioa pairatuta hil eta gero San Sebastian bihurtu zena, erreferentzia historiko eta erlijioso izan zen denbora luzean, Munduaren luze-zabalean santuaren izen bera duten hiri ugariak eta bera gurtzeko eta gogoratzeko eraikitako ezin konta ahalako tenpluak santuaren irudi erlijiosoak piztu zuen mirespenaren adierazgarriak dira.

XIX. mendearen azken laurdenean, santuaren arte-irudikapena nagusitzen hasi zen eta irudi erlijiosoa ilundu zuen. Erdi biluzik, zuhaitz baten enborrari lotua, geziez josita, begirada atsekabetuta (…). Zaindariari buruz ikastunek diote gogora ekartzen dituela sentimenduen eta zentzumenen adaberatasun eta anbibalentzia. Zenbaitek aszetismo erlijiosoaren ikono hautematen dute azkonez beteriko irudi horretan, eta beste batzuek ordea, santuaren irudiak dauzkan sentsualitatea eta erotismoa nabarmentzen dituzte».

Bat baino gehiago harrituko zuten hitzok, ez bakarrik diotenagatik, Kutxako lehendakariarenak direlako baizik. Erraza da ulertzen baina, aurrezki kutxak babestu baitzuen 2011n “San Sebastian: Esparru sakratu eta profanoari buruz. Imaginario garaikidea” erakusketa, arestian aipatu duguna. Bertako katalogotik jaso dugu testua, eta bertan eskegi zen lanetako bat da sarrera honen bukaeran paratu duguna ere, “San Sebastian, los centauros y el monstruo”, Nazario Luque Vegak margotua, gura osabarena bezala.

Egungo kultura apropos edo berez ezarri diren ikurrez josita dago, eta Tintorettok, Tizianok, Botticellik, El Grecok eta beste askok margotutako San Sebastian martiriak, garaiko balio moralen biktima irudikatzen du gay kulturarentzat.

Are gehiago, nork begiratzen duen, horren arabera igaro da San Sebastian, artearen historian zehar, aszetismotik haragikoitasunera, martiriotik estasira, mistizismotik joritasunera, deboziotik sadomasokismora.

Desioaren geziak (San Sebastian gayen ikono)

.

* Pierres et Gillesena da azalean eskegi dugun San Sebastian.

Desioaren geziak Desioaren geziak

ZUZEUko erredakzio kide