Dejabu, antzerkiaren magia ontzi txikian

gurebidegalduakDejabu antzerki taldeak sorkuntza garai oparoa bizi du. Iaz “Errautsak” arrakastatsuan parte hartu ondoren, beste bi lan taularatzen ari dira orain: “Azken Portua” haur antzerkia eta “Gure bide galduak”.

Dejabu Panpin Laborategikoek ederki ekartzen dituzte antzerkira txotxongiloen munduko baliabideak. Izan ere, ikusgarria baita zein elementu gutxirekin osatzen dituzte ikuslea harrapatzen duten atmosfera sinesgarriak eta, aldi berean, magikoak.

“Azken Portua”n dozena erdi kaxa egurrezkorekin galdutako portu zaharra, herri arrantzalea, itsasontzia, azoka, itsasoa bera… jartzen dizkigute begi aurrean. Eta barruraino sartzen gara. “Gure Bide Galduak” lanean ere krisi garaietarako pentsatua dirudien baliabide ekonomia erabiltzen dute: arropa zintzilikatzeko soka batetik baserri bat antolatzen dute, enbalatzeko paper pixka batekin lantegia… Eta musika noski. Musika eta soinuak ez dira osagarri soilak, ikuslea portu barrurantz kulunkatzen duten olatuak baizik.

Horrenbeste lana eskatzen duen sinpletasun eta naturaltasuna lortzen dute horrela, beti ere, oso gertuko suertatzen diren pertsonaien bizipen eta sentimenduak azaltzea helburu.

Larunbateko arratsaldea antzerkiaz gozatuz epelean pasa nahi baduzu, Lezoko Gezala Auditoriumean 19:30ean “Gure bide galduak” eskainiko dute, Lezoko ikastola  berriaren inaugurazioa ospatzeko antolatu kultur egitarauaren barruan. Franco hil ondorengo Oreretara bidaiatuko dugu humorez zipriztindutako antzelan hunkigarri honen gainean. Informazio gehiago, hemen.

mendiolatik@gmail.com