Dantzatze hutsa ez da nahikoa
Erregeak, kardenalak, jauntxoak eta soldaduak eskeletoekin eskutik helduta dantzan. Bufoi bat dute aurreskulari edo atzeskulari lanetan. Guztiei erritmoa bizi markatzen die kardenal baten kapelua jantzita daraman beste eskeleto batek. XVI. mendean Alemanian egindako heriotzaren soka-dantza ikusgarri batena da deskribatutako irudia.
New Yorkeko Metropolitar Arte Museoak duela gutxi bere bildumako milaka irudi sareratu ditu. Dantzan.eus webgunean dantzari lotutako irudi horietako zenbait aurki litezke. Museoak milaka urteko historia jasotzen duen neurrian, mota guztietako irudiak daude. Terrakotaz egindako Zipreko soka-dantza baten eskultura, edota Goyak egindako Andaluziako dantza baten zirriborroa aurki litezke hasierako bilaketa azkar bat eginda.
Ziurrenik ez da ausazko aukeraketa izan. Gehienek badute euskal dantza tradizionalarekin lotutako elementuren bat. Izan ere, bati arreta pizten diote bere burua identifikatzen duten elementuek. Irudiok, ordea, zein zerikusi dute euskal dantza tradizionalarekin? Ba ote dute? Kasualitateak ote?
Gehiegitxo, aukeran. Harrituta geratzen gara, Sardiniako Mamoiada edota Bulgariako Pernik herrietako inauterietan Iturengo joaldunen antzeko pertsonaiak ikusten ditugunean. Edota, haserretzen gara, ondoko herrikoek guk bezala dantzatzen ez dutenean, “gaizki” ari direla uste dugulako.
Kultura tradizionalaren balio handietako bat da pertsonen arteko zuzeneko transmisioa. Azken berrogeita hamar urtetan galbidean zegoenez, balio abosulitua eman izan diogu horri sarritan. Tokikoari balioa emateko intentzio onenarekin, koreografo, idazle, sortzaile edota ikertzailez bete ditugu gure herriak. Maiz auzokoari balioa kenduta, eta beraz, harengandik jaso dezakegunarekiko itsu. Modu horretan, bukatzen dugu norvegiar bati euskal bakailaoa bakarra eta munduko onena dela esaten.
Euskal kreazionismoa edota partikularismoa alde batera utzi izan ditugunean, euskal kultura Europako kultur sistemaren barruan kokatzeak ematen duen ikuspegiarekin, auzo ditugun herrietan aurkitzen hasi gara geuretzat jotzen ditugun hainbat ezaugarri. Baita hain auzo ez ditugunetan ere.
Ikuskera horrek ahalbidetzen du jakitea, esaterako, Gipuzkoako hainbat dantzak Berpizkundeko esgrima eta gorputz formazioan dutela jatorria, eta Italia, Frantzia edota Espainian irakasten zituztela dantza-maisu profesionalek. Datu bat gehiago lirudike, bitxikeria bat akaso. Dantzaren esparru eszenikoari eta artistikoari dimentsio askoz zabalagoa irekitzen dio, ordea, eta herri gisa kokatzen gaitu nazioen Europan.
Negu Gorriaken kanta ezagunak zioen moduan, “dantzatzen duen herri bat ez da inoiz hilko”. Sarkasmo handiarekin, heriotzaren dantzak gogorarazten digu dantzatze hutsa ez dela nahikoa. Dantzatzen aritzearen gaineko kontzientzia hartuta, ezinbesteko galdera sortzen da: zer ari naiz dantzatzen? Erantzuna jasotzeko, gorputzak astindu behar dira, bistan denez. Baina baita garunak ere.