Dantzak homosexual bihur zaitzakeela uste duen jende hori

Dantzak homosexual bihur zaitzakeela uste duen jende hori –

Kattalin Agerrek, Dantzan.eus atarian.

Dantzak homosexual bihur zaitzakeela uste duen jende hori
Billy Elliot musikala.
.
Billy Elliot musikala eten dute Hungarian mutikoak gay “bihurtzeagatik”. Hungariako Magyar Idök egunkari kontserbadoreak egindako kanpaina homofoboaren ondorioz, Hungariako opera nazionalak Billy Elliot musikala geldiarazi du. Egunkariak artikulu batean adierazi du, musikalak homosexualitatea ugaltzen duela eta mutikoen subkontzientean eragiten duela. Hori dela eta herrialdean aurreikusita zeuden hamabost funtzioak bertan behera gelditu dira.

Billy Elliot, Stephen Daldry-k zuzendutako filma 2000. urtean estreinatu zen.  11 urteko Billy mutikoaren ametsa ballet dantzari profesionala izatea da. Bere aitak, ordea, nahiago du haurrak boxeoa egitea. Filmak arrakasta izugarria izan zuen, Oscar sarietan hiru izendapen lortu zituen eta BAFTA srietan hamabi, bi eraman zituen.

2005ean, obra antzerkira egokitu zuten, Elton John-en musikarekin. Londresko Victoria Palace antzokian estreinatu zuten 2005eko maiatzean. Hiru urte beranduago, Broadway-ra iritsi zen. Musikalak urteak daramatza munduko antzoki nagusietako karteletan. Europar Batasuneko herrialde batean, ordea, pertsiana jaitsi behar izan du.

.

Aitak jarri ohi ditu trabak

Dantza egiten duten mutil asko baztertuak, mespretxatuak edo jipoituak izan dira. Gaitzespen handiena sarri aitarengandik jaso dutela deskubritu du Scott Gormley-k, Argian irakurri dugunez. Balleta dantzatzen duten mutilek dituzten zailtasunak erakusten dituen Danseur dokumentala egin du Scott Gormley-k. Billy Elliot-en egoera berberean mutiko asko daude oraindik. Ikerketa batzuen arabera, balletean aritzen diren mutikoen %32ak baino ez du aitaren babesa jasotzen.

Gormley-k oso gertutik bizi du gaia, bere semea balletean aritzen baita. Mikel Garciak Argian zine-zuzendariaren aipu pare bat jaso ditu, “Behin eta berriz entzuten dugu gustatzen zaiguna egitea dela benetako zoriontasuna. Baina nire semearen kasuan, honako oharrarekin etorri beharko luke gomendioak: Gustatzen zaizuna egiteak ekarri dezake marjinatu sozial bat izatea, marikoi deitzea, fisikoki erasotzea edota zure familiak eta lagunek mespretxatzea”.

Dokumentalerako 25 dantzaritik gora elkarrizketatu ditu eta oraindik gure gizartean genero-rolen inguruan lan asko dagoela egiteko ikusi du Gormley-k: “Arazoa balletetik harago doa: indarra sustatzen dugu, arte-modu guztien gainetik, eta maiz, eskoletan mutilak kirola egitera bultzatzen ditugu, artearen kalterako. Zentzu horretan, gizarte moduan ez gara soilik ballet dantzariei huts egiten ari, baita biolinista, aktore edo eskultore izan nahi duten mutilei ere”.

Dantzak homosexual bihur zaitzakeela uste duen jende hori

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Dantzak homosexual bihur zaitzakeela uste duen jende hori”-ri buruz

  • Javier Cuadra 2018-07-06 16:34

    Garai batean, gogoratzen? Rodolfo Valentinoren filmekin, paparra agerian eta gandorra gora irteten ziren guztiak zine aretotik, arra beteko ar bete eginda, testosterona litroka belarrietatik zeriela eta zazpi eguneko bizarrarekin txupetedunak… Baina mutuak eta pianola doinua buruan josita.
    Ezin ukatuzkoa da zinema eta antzerkiaren eragina. Horra, urrutirago gabe, BI TONTO OSO TONTO eta TOMATE HILTZAILEEN ERASOA artelanen arrastoa

  • Eta dantzak “homosexual” bihurtuko bazintu ere, non da arazoa? Homofobiaren subkontzienteak plegu asko ditu.