Dantza ezazue

Dantza ezazue

Honako idatzia dantzan.eus ataritik ekarri dugu ona.

Amparo Sevilla: “Dantza ezazue, baliatu ezazue bizitzak ematen digun aukera eder hau”

Amparo Sevilla, dantzari, antropologo eta ikertzaile mexikarra da. Dantza garaikidea eta klasikoa ikasi zituen, eta ondoren dantza folkloriko ikuskizunen alorrean jardun zuen profesionalki. Dantza tradizionalak erakarrita, Mexikoko herritar arrunten dantza ikertzen dihardu azken hamarkadetan, dantzaren sakoneko zio eta adierazpen moduen azterketan murgilduta.

Dantza adiktiboa da

Dantza ezazue
Amparo Sevilla (arg: Morelos)

Behin, Mexiko D.F.-ko dantza areto zahar batean sartu zen Amparo Sevilla. Mamboa,danzon-a eta chachacha dantzatzen ziren bertan. Adineko gizon bat ezagutu zuen, danzonzalea. Honela esan zion gizonak: “dantzaren kontu hau adiktiboa da. Utziz gero, gaixotu egiten da bat“. Sevilla bat dator. “Dantza ezazue” dio, “baliatu ezazue bizitzak ematen digun aukera eder hau.”

Dantza eszenikoan trebatu eta jardun zuen luzaroan Sevillak, baina orain kritikoki begiratzen dio mundu horri. Dantza eszenikoa egiterakoan Mexikoko herritarren kezka eta sentsibilitatetik oso urruti zebiltzala sentitzen du: “Dantza akademikoan ez nuen sentitzen ni nintzenik, inposatzen zitzaidan eredu bat nintzen; gorputzaren eta mugimenduaren ideia kanoniko bat, Europatik zetorrena, Mexikoko errealitate fisionomiko eta kulturaletik oso aldendua zegoena. Nik ez nuen gozatzen. Horrela ikusten ditut dantza profesionaleko ikasle gehienak; gutxik aurkitu dute bere gorputz nortasuna, hor axola duena joera estetikoa da.

Teknika eta adierazpen forma propioa

dantza
Iztacalco, Danzón, 2015.

Hiriko emakumea zen Sevilla, eta lehen aldiz nekazal ingurura dantza ikustera joan zenean zur eta lur geratu zen. Beste planeta batera iritsi izan balitz moduan sentitzen zen. Tlaxcalan izan zen. Lehen aldia zen dantza bat bere jatorrizko tokian ikusten zuena, bere eremuan. “Zerbait miragarria“. Tokian tokiko herritarren dantza eta eszenatokietan egiten denaren arteko etena salatzen du. “Dantza eszenikoan ardura handia dago teknikarekin, baina ez da lanik hartzen norbanako bakoitzak bere adierazpen forma propio aurki dezan sustatzen“.

Mexico-ko D.F.ko dantza aretoak dantzaren tenplutzat ditu Amparok. “Garrantzirik gabeko zerbaiten itxuran, hor gertatzen dena erritual oso bat da. Emakume ausartak emakume izatearen rolarekin hausten dutenak; etxekoandreak inork jakin gabe astean behin edo birritan dantzara doazenak. Praktika saihestezina D.F. moduko toki astun batean biziraun ahal izateko“. Bai nekazal inguruetan bai hiruburuan, eszenatokietatik urruti aurkitzen duenak zirarra eragiten dio Sevillari. “Mexikoko dantza tradizionalean ikusi dut gertutasun handia dagoela dantza eta jolasaren artean: bikotea dantzan gorteiatze erritualera hurbiltzen denean, une xarmangarri bat sortzen da, aire jostalariagoa, sortzaileagoa eta askeagoa dena“.

NI alde batera utzi, GU izatera iristeko

Ballet folklorikoek jatorrizko dantzak eraldatzen dituztela eta asmakizun koreografikoak eskaintzen dituztela dio Amparo Sevillak. Mexikon hainbat dantza tradizional desagertzen ari direla dio, besteak beste nekazaritzaren gain-behera, migrazioen ugaritzea eta dantzaren espektakularizazioaren ondorioz. Eszenatokira begira egiten den dantza arrotz sentitzen du orain. “Dantza klasikoa ikusten dudanean, dantzariak kezkatuta ikusten ditut, urduri, sufritzen daude. Gutxi dira teknika gainditu eta beretaz zer pentsatuko duten ahaztu eta adierazpen hori zerbait atsegingarria, ludikoa, adierazkorra bihurtzeko gai direnak. Dantza tradizionala konpainia folklorikoen bidez ezagutu beharrean, jatorrizko lekuan ezagutzen duzunean, ohartzen zara tokian tokiko dantza ekitaldietan ez direla ikuskizuna eskaintzeko asmoz aritzen, baizik eta komunikatzeko asmoz. NI alde batera utzi, GU izatera iristeko“.

Oinarria eta sormena

dantza
Guajolote dantza, Tlaxcala, Mexiko, 2015.

Sevillaren ustez “dantza gorputz mugimenduaren adierazpena da, oinarri kulturalek arautzen dutena“. Dantzan beti aurkituko ditugu kanon-ak Sevillan iritziz. Sozialki ezarritako mugimendu patroiak beti izaten dira, batzuek onargarriagoak eta malguagoak, eta beste batzuk zurrunagoak. Dantza eredu batzuk oinarri bat ematen dute, eta oinarri horren gainean inprobisatu daiteke. “Jokoan dagoena da, zuk, oinarri baten gainean sortu dezakezula, zure erritmoa eta mugimenduaren intsentsitate propioa garatu ditzakezuela jakitea, eta gorputzaren mugimenduaren bidez plazer handiko momentuak lor daitezkeela. Giza-gorputza, ireki eta gizarte arauen ondorioz oso gordeak dauden energiak ateratzea lortzen denean, aukera eskaintzen du gorputz eta mugimendu diseinuak sortzeko, zure barne-barnetik sortzen direnean poz handia eskaintzen dutenak. Horrek ez du zerikusirik beste batekin lehiatu nahirik ateratzen direnekin edo dantzari bikaina zarela erakusteko egindakoekin. Jauzi handiak egin ditzakezu, mugimendu ikusgarriak egin, baina ez baldin badago eduki sentikor bat eta mugimendu horren oinarri adierazkor bat, mugimendu hutsak dira“.

Nortasun propioa

Dantza egiteko forma desberdinak aztertuz, Amparo Sevillak ondorioztatu du, “azkenean benetan ajola duena, jendeak gorputzaren mugimenduaren bidez bere nortasun propioa aurkitzea dela. Eta hori oso zaila da“.

Dantza ezazue

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.