“Irrintziaren oihartzunak” (Zinemira), Iratxe Fresnedak Mirentxu Loiarte topatu zuenekoa

“Irrintziaren oihartzunak” (Zinemira), Iratxe Fresnedak Mirentxu Loiarte topatu zuenekoa

Donostiako Zinemaldian, eta Zinemira sailaren barruan lehiaz kanpo, Iratxe Fresnedak, EHUko ikus-entzunezko eta komunikazio Saileko irakasleak, bere lehen filma aurkeztuko du; Mirentxu Loiarte zinemagile nafarraren lana ezagutzer ematen duen dokumentala.

.

"Irrintziaren oihartzunak" (Zinemira), Iratxe Fresnedak Mirentxu Loiarte topatu zuenekoa
Mirentxu Loiarte… “Hemen!”.

Mirentxu Loiartek (Iruñea, 1938) sorkuntza-lanetan emandako erbestealdia kontatzen du Irrintziaren oihartzunak”, Iratxe Fresnedak zuzendu duen aurreneko filmak. Loiarte Europako zinemagintzaren aitzindari ausarta da, haren izena ezagun egin ez bada ere.

Zinemagile nafarraren memoria eta obra miatu asmo dituen begirada bat da “Irrintziaren oihartzunak” dokumentala; topaketa baten kontakizuna, hezur eta mamizko altxor zinematografiko baten bilaketa: gogoratzeko zailtasunak dituen pertsonaia batena, edo gogoratu nahi ez duen batena.

Bizitzan izandako joan-etorrien eraginez, Mirentxu Loiarte zinemagile nafarrak Espainiako Estatuan 1970eko hamarkadan ikusitako lan zinematografiko ausartenetako eta arriskatuenetako bat egin zuen: “Irrintzi (1978)”.

Ikus-entzunezko metafora bat da “Irrintzi”, euskaldunen nortasun kolektiboari buruzko hausnarketa egiten duena. Dantzan diharduten gizon-emakumeak eta irudi estatikoak uztartzen ditu; argazkietan jasotakoa dokumentutik harago doa, eta ikusleak sorkari filmiko honetan nabigatzera deitzen ditu, Celaya, Aresti eta Oteroren hitzekin batera.

Luis Iturri zinemagilearen obra batean oinarritutako lan honi kalitatearen sari berezia eman zion Espainiako Zinematografiako Zuzendaritza Nagusiak, Trantsizio garaian izandako kontraesan zoragarri horien eraginez. Javier Aguirresarobe izan zen argazki-zuzendaria, Fernando Larruquert muntaketa-lanen arduradun, eta Mariví Bilbao aktore zenaren lankidetza berezia izan zuen.

.

Euskal emakumeak

Erbestean zein etxean, Mirentxu Loiartek ez zuen, ordea, bere ibilbidea lan horrekin amaitu, eta nolabaiteko introspekzio antropologikoa egiten jarraitu zuen hainbat euskal emakumeren begirada jasotzen zuen erretratu baten bidez. “Euskal emakumeak” (1981) lanean, Ikuska 12 sailaren barruan, Loiartek emakumeak XX. mende amaierako gizartean zuen espazio soziopolitikoa azaldu zuen.

Euskaraz filmatua da lana, eta hura ere Javier Aguirresaroberekin lankidetzan. Film labur dokumental horrek begirada zorrotza botatzen die emakumezkoek 1980ko hamarkadan zituzten tokiei: azokak, haur-parkeak, arrain-fabrikak edota gizonezkoen pixatokiak.

“Irrintziaren oihartzunak” lanean “Irrintzik” ezkutatutako “egia” horien eta “Euskal emakumeak” filmeko emakumeen hitz begitaziodunen barrena ibiliko dira; erakutsitako sekretua izango dute abiapuntu, baina Loiarteren obra eta izaera zein den osorik sekula kontatu gabe. Haren ahotsa berreskuratuko dute, haren historia, bidean geratu ziren kontakizunak, eta horietara bueltatuko dira Marc Légasse idazlearen “Gastibeltzaren karabinak” gisa.

Gainerakoa, historia da. Eta historia horretan jakin-minez murgilduko dira. Hala, bere buruan filmak egiten jarraitzen duen emakume baten ibilbidea bistaratuko dute, porrot egindako proiektuak proiektu, zapuztutako ilusioak ilusio, bizitzak eragindakoak gorabehera, zinemagile zein beste ororen gainetik.

 “Irrintziaren oihartzunak” Donostiako Zinemaldian:

  • Irailak 23, ostirala. 20.30ean Principe 9 aretoan.
  • Irailak 24, larunbata. 20.30ean Tabakalerako 2. aretoan.
 "Irrintziaren oihartzunak" (Zinemira), Iratxe Fresnedak Mirentxu Loiarte topatu zuenekoa

.

Iratxe Fresneda: “Mirentxu Loiarte aitzindari bat da euskal zinemagintzaren historian”

Iratxe Fresneda Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakaslea da EHUn, eta Lars von Trier zuzendariaren filmetako emakumezkoen estereotipoak aztertu zituen bere doktore-tesian. Idazle, gidoigile eta zinema-kritikari aritu da, baita zuzendari eta gidoigile lanetan ere, Euskadi Irratiko (EiTB) hainbat kultura-programatan. Gaur egun, hainbat kultura-erakunderekin programatzaile dihardu. Ez-fikziozko gidoigintza irakasten du, EHUren Ikasketa Feministak eta Generokoak unibertsitate-masterreko irakaslea ere bada.

Noiz eta nola eduki zenuen Mirentxu Loiarteren berri?

Duela zortzi-bederatzi bat urte. Renoko Basque Estudies Center-etik etorri berria nintzen eta Euskadiko Filmategiaren artxiboetan nenbilen, zerbaiten bila. Jakina denez, zerbait bilatzen hasten zarenean, errazena galtzea da eta ibilbide berriak aurkitzea aldi berean. Hor aurkitu nuen bere izena eta emakume hori nor zen galdetu nion neure buruari. Une horretan ezer gutxi aurkitu nuen, beraz, Santiago de Pablo zine historialariari galdetu nion. Berak ere ez zekien Loiarteri buruzko gauza handirik. Orduan hasi ginen ikertzen.

.

Ezagutu eta bere bizitzako zerk harritu zintuen?

Bere bizitzaz ez nekien gauza asko. Ez naiz mitozalea eta bere obrak piztu zuen nire jakinmina. Baina aitortu behar dut bere aurpegia, ahotsa… ezagutu nahi nituela. Eta ezagutu nuenean gehien gustatu zitzaidana bere xumetasuna izan zen, eta bere indarra. Ez zion bere artista izaerari garrantzirik ematen. Egun, irudi eta komunikazio publikoaren garaian, bera animalia bitxia iruditu zitzaidan, mundu honetatik apartekoa, esparru publikotik ihesi dabilena. Beharbada, magia hori apurtu egin dut dokumental honekin.

.

Noiz erabaki zenuen berari buruz zerbait egitea eta zergatik?

Aspaldiko proiektu bat neukan eskuartean, erbesteratze prozesuarekin lotua, barne erbesteratzearekin, hain zuzen. Eta bere istorioa ezagutu nuenean, kontatzekoa zela pentsatu nuen, kontatzearen beharra sentitu nuen. Nire ogibidea, irakasle moduan, besteen gidoiak aurrera eramatean oinarritzen da hein batean, eta hor pentsatu nuen bazela garaia ausarta izateko eta neure entsegu-errore propioa gauzatzeko. Eta Saioa Etxebarria artista eta argazkilariarekin elkartu nintzen. Haurtzarotik ezagutzen gara; berarekin ikus-entzunezko artefaktu batzuk landu ditut eta istorio hau aurrera eramateko asmoa neukala kontatu nionean, berehala hasi ginen lanean. Emakumearen ikusgarritasunarekin lotu nuen behar hau, baina, gerora, istorio txikien bilduman sartu nuen, erretratuen bilduma baten hasiera bezala planteatu nuen Irrintziaren oihartzunak filma. Eta hau da gure lehen erretratua, emakume zinemagile batena, ezezaguna belaunaldi berrientzako, emakume ausarta, laudorioak behar ez dituen artista bat, hondartutako balea.

.

Beraz, nor da Mirentxu Loiarte eta zertan nabarmendu da?

Mirentxu Loiarte sortzailea da. Gure gertuko historiaren oroitzapenaren zati bat islatu egin zuena bere begiradarekin. Emakume ausarta, sortzaile ausarta, beldurrik gabe erabili zituen ikus-entzunezkoen elementuak bere piezak sortzeko, eta euskaraz egin zituen, gainera. Bere obrak ikusten ditudan bakoitzean beti aurkitzen dut zerbait desberdina. Aitzindari bat da euskal zinemagintzaren historian.

.

Zergatik egon da gerizpean emakumezko zinemagile hau?

Ez daukat erantzun bakarra, hamaika erantzun egon litezte. Garrantzitsua izan daiteke bere identitatearen parte izan eta den erbesteratze egoera hori. Erbesteratua izatea baliteke abandonatzen ez den egoera emozionala izatea; eta horrek, nolabait, esparru publikotik aldetzen zaitu. Egoera politikoak ere markatu du bere erbesteratzea eta baita ere bere karrera alderatu behar izana. Bestetik, emakumea eta zinemagilea izatea Euskal Herrian (eta mundu osoan) ez da gauza erraza izan, are gutxiago bere garaian.

.

Berarekin kontaktatu eta zein izan zen bere jarrera proiektua planteatu zenionean?

Apurka-apurka egin genuen elkarrekiko gerturapena. Beti errespetatu izan dut bere nahia, bere esparru pribatua. Naturalki joan zen istorio hau bere bidea sortzen, jakinik noraino heldu nahi zuen Mirentxuk eta presionatu gabe. Batzuetan pertsonaiarengana hurbiltzeko eredu orokorzaleek presioa dute ardatzat, horrela nahi dituzten erantzunak eskuratzeko. Gu beste era batera egiten ahalegindu gara, polemikatik aldentzeko asmoz, Mirentxu gehiegi presionatu gabe. Ez dakit bide hau zuzenena den, baina hori izan da gure aukera.

.

Zeintzuk izan dira proiektuaren zailtasunak, bidean aurkitu dituzuen traba edo erronkak?

Artisautza lana izan da hau, gure eguneroko lana amaitu eta gero egiten genuena. Konplikatuena, nahiz eta era berean magikoena izan, lantaldearen nolakotasuna izan da, hots, ekipo minimoa izan garela. Kamera batek edo bik eta soinu teknikari batek osatu dute ekipo guztia. Kamera arinekin grabatu genuen eta aurrekonturik gabe; gure poltsikoetan egon diren sosa apurrekin joan gara gastuak ordaintzen. Artisautza lana izan da, baina era berean oso aberasgarria. Intimitatea eskatzen zuen errodajeak, protagonistak ez zuen presiorik sentitu behar, ikustezinak izan behar genuen esparru publikotik at egon den pertsonaia horrengana gerturatzeko, eta gero, planteamendu horrek eredua beste uneetan aplikatzera eraman gaitu. Hori bai, nork ez du lan egin nahi baliabide tekniko oparoekin?

.

Zu EHUko irakaslea zara eta ondo ezagutzen dituzu zeluloidearen gora-beherak, baina, ezer berririk ikasi duzu proiektu honekin?

Beti ikasten dira gauza berriak, eta oraingoan askozaz gehiago. Ekipo bat kudeatzen ikasi dut, pazientzia landu dut, besteen ideiak kontutan hartzen ere ikasi dut. Eta, batez ere, ikasi dut badaudela proiektu eroetan sinesten duten pertsonak, bidelagunak, Laurent Dufreche bezalako profesional apartak. Sormenari dagokionez, berari esker gauzatu dut filma; oso eskuzabala izan da. Muntaia maitatzen ikasi dut Dufrecherekin, eta prozesu hau zein zaila eta garrantzitsua den ere bai. Gerora, Demetrio Elorzekin ere gustura ibili naiz. Malabarismoak egiten ikasi dut, baina naturalki bizi izan dut dena, tartean zenbait amesgaizto izan badira ere, batez ere muntaiaren prozesuan: oheratu eta berehala dena muntatzen hasten nintzen nire buruan, eta milaka bertsioekin egin dut amets.

.

Irrintzi 1978an filmatu zuen Loiartek. Zer da Irrintzi? Zein da pelikula honen berezitasuna?

Irrintzi garai batean bizi izandakoaren erretratu poetikoa da, euskaraz eginikoa. Iruditzen zait ikusentzunekoen elementuekin jolastu edo esperimentatu ostean, Loiartek sekulako artefaktua eratzea lortu zuela, euskal kulturaren ondare aberatsetik abiatuta. Irrintzi Xabier Amurizaren ahotsa da, Javier Aguirresaroberen begirada, Euskal Herriaren paisaia, Otero, Aresti edo Celaya diren bezala. Ez dut oraindik ezagutzen ikusentzunezko piezarik horren ederto islatu duenik orduko gure sentipen kolektiboa eta kulturala.

.

Aurrerago, 1981ean, Euskal emakumeak filmatu zuen. Zeintzuk dira dokumental honen ezaugarriak?

Euskal Emakumeak Ezeizak koordinatutako Ikuska sailaren parte da. Euskal Herriaren garai bateko giza-paisaia aztertzen jarraitzen du Loiartek, kasu honetan emakumeen begirada desberdinen bitartez, eta berriro ere ikusentzunezkoak ematen dizkiguten baliabideekin ?esperimentazioan. Egi eder asko aurkitu ditzakegu pieza honetan. Ikusteak merezi du, eta bitxiak dira bai gaiaren tratamendua (zein den euskal emakumearen lekua garai modernoan), bai formaren aldetik eta narratiboki egiten dituen aukerak.

.

Dokumentala egiteko laguntzarik jaso duzue?

Gure indar guztiak pelikula aurrera ateratzen xahutu ditugu. Gerora, postprodukzioan eta publikoa egiteko unea heldu zenean, erakunde batzuen laguntza eduki dugu, besteak beste UPV/EHUrena eta Emakunderena. Baina, autokudeaketa da nagusi lan honetan. Hori bai, tartean hiru bidelagun ezinbestekoak izan ditugu: Euskadiko Filmategia, Mirentxu Loiarte bera eta Laurent Dufreche.

.

Iratxe Fresnedak Mirentxu Loiarte Iratxe Fresnedak Mirentxu Loiarte Iratxe Fresnedak Mirentxu Loiarte Iratxe Fresnedak Mirentxu Loiarte Iratxe Fresnedak Mirentxu Loiarte
Iratxe Fresneda, Irrintzi, Irrintziaren oihartzunak, Mirentxu Loiarte, zinea, Zinemaldia, Zinemira
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude