“DA! asko dira” lelopean, Durangoko Azokak bere aniztasuna aldarrikatuko du abenduaren 5etik 9ra
“DA! asko dira” lelopean, Durangoko Azokak aniztasuna aldarrikatuko du abenduaren 5etik 9ra –
- Aurtengo kartelaren egilea Txakur Gorria sormen kolektiboa da. Kartela Landakoko planoan oinarrituta dago eta bertako mugimenduak irudikatzen ditu: sarrerak, irteerak, geldialdiak, orrialdeak pasatzeko keinuak, besarkadak…
- 53. edizioko leloa “DA! asko dira!” izango da. Euskal kultura oparoa eta aberatsa da, eta aniztasun horren isla da Azoka.
Durangoko Azokak 53. edizioko kartela eta ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur, urriak 23, Durangoko Arte eta Historia Museoan egindako prentsaurrekoan. “DA! asko dira!” izango da aurtengo leloa, Azokak bere aniztasuna aldarrikatuko baitu edizio honetan. Txakur Gorria sormen kolektiboa izan da aurtengo kartelaren egilea.
Aurkezpenean, Gerediaga elkarteko eta Azokako guneetako ordezkariekin batera, babesle publikoetako ordezkariek parte hartu dute: Joxean Muñoz (Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea), Ana de Castro (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria), Aitziber Irigoras (Durangoko alkatea) eta Maria Jose Telleria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusia). BBK, Euskaltel eta Eroskiko kideak ere egon dira, Azokako babesle pribatuetako ordezkari gisa.
Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak aurkeztu du edizio honetako lelo nagusia. “Euskal kultura oparoa eta aberatsa da eta aniztasun horren isla da Azoka. Kulturaren plaza da, merkatua, ikuskizuna, urteroko hitzordua, gogoeta eta eztabaidarako plataforma, jaia, errituala, topalekua…”. Nabarmendu duenez, Durangoko Azoka bakarra da, baina aldi berean Azoka asko dira: “DA! bizitzeko modu asko dago. Batek Azoka ikusi egiten du, besteak entzun, batzuk abestu, norbaitek ikutu, bakarren batek laztandu, agian usaindu, edo dastatu, askok irakurri eta beste hainbatek sentitu”.
Azokako aniztasuna izango da, beraz, 53. edizioko ildo nagusietako bat. Izan ere, Nerea Mujikak azpimarratu duen bezala, sormenaren lurraldea anitza da, zentzu fisiko eta metaforikoan: “Bertan elkartzen da sortzaile berria eta ibilbide luzekoa, garaikidea zein tradizionala, abangoardista nahiz herrikoia eta komertziala bezala apurtzailea”.
Aniztasun hori ere presente egongo da Azokako egitarauan: kontzertu handiak eta intimoak, antzezlan luzeak eta mikroantzerkiak, proiektu ezberdinen aurkezpenak, kultura digitala, film-emanaldiak, umeentzako tailerrak… Eta anitzak dira Azokan topatu daitezkeen produktuak (nobela, saiakera, poesia-liburu, komiki, disko, binilo, ikus-entzunezkoak…) edo bisitariak: “Bertako korridoreetan gurutzatzen dira urtero gabonetako opariak erostera etortzen den bikotea, lehen aldiz Azokara etorri den kuadrilla agenda goitik behera begiratuta, eta nobedadeen bila datorren kulturzale amorratua”.
…
53DA! kartela, Txakur Gorriaren eskutik
Aurtengo ildo nagusien nondik norakoak azaltzeaz gain, gaurko prentsaurrekoan edizio honetako kartela ere aurkeztu da. Txakur Gorria sormen kolektiboa da 53DA!-ko kartelaren egilea. Mujikak gogoratu duenez, “azken urteetan ibilbide luzeko artistei agindu diegu enkargua eta benetako ohorea izan da Nestor Basterretxea, Itziar Ocariz, Marta Cardenas, Jose Luis Zumeta, Christine Etchevers eta Jose Antonio Sistiaga bezalako artisten arte plastikoekin osatzea Azoka. Baina Azoka etengabe biziberritzen ari da eta aurtengo irudia sortzeko sortzaile berriengana jo nahi izan dugu”.
Txakur Gorria sormen kolektiboa Ane Labakak, Nerea Ibarzabalek, Mariñe Arbeok eta Malen Amenabarrek osatzen dute. “Oso oso pozik jaso genuen Durangoko Azokako eskaera, ilusio handia egin zigun”. Azokarekin harreman estua dute; aurreko urte bietan erakusleihoa izan dute kulturaren plazan: “Aurtengorako ere irrikan gaude”.
Kartelean Landakon gertatzen diren mugimendu guztiak islatu nahi izan dituzte: “DA!-ri erritual izaera aitortzen badiogu, interesgarria da bertan antzezten dugun performanceari erreparatzea. Karteleko diseinua Landakoko planoan oinarrituta dago, eta bertan performatzen ditugun mugimendu guztiak iradoki nahi ditu, errotuladore ibiltariak bagina bezala: sarrera, irteera, geldialdi, orrialdeak pasatzeko keinu, besarkada… Mugimendu anitzak baina osagarriak, armonikoak, mugimendu handiago baten parte eta horren alde”.