Berri Txarrak MTVren kontzertuan izatearen alde eta kontra

Berri Txarrak MTVren kontzertuan izatearen alde eta kontra –

ALDE

Seguru ez dela erabaki erraza izan. Ez nuke Urbizu eta konpainiaren larruazalean egon nahi MTVren deia jaso zutenean. Kanpo oihartzuna ala barne sinesgarritasuna. Atetzar bat ireki edo ‘Beude’-ko lagunen marmarra sentitu. Ez esan ezetz, erabaki zaila da, eta, are gehiago esango dut, erabaki zuzena da.

Euskal kulturak, euskarazko kulturak, behar ditu irakurleak, ikusleak eta entzuleak. Behar ditu horretarako herriko jaiak, lokalak, gaztetxeak eta aretoak. Komeni zaizkio udaberriko jaialdiak, nazioarteko birak, oholtza erraldoiak, ‘Movistar +’-eko elkarrizketak eta telebistako showak. Batak ez du bestea kentzen, ez du zertan.

Euskal kultura ezer baden ere zalantzan jartzen denean, Berri Txarrak helduleku beharrezkoa da. Euskal komunitatetik at dauden euskal herritarrentzako ere premiazko zubia da. MTV ere tresna aparta da euskara usaindu ere egiten ez dutenentzako. Industria kulturalaren tximini garaiena da. Ez dakit kontziente ote garen Berri Txarrak bezalako pelotazo batek zein astindu eragiten duen euskal musikari berriengan. Dena dago irabazteko. Hori esanda, Gorka Urbizuk aitortzen du: “Aspaldi galdu genuen cool izateko karneta. Jarraitzaile gehiegi ditugu segun zein anbitotan Berri Txarrak aldarrikatzeko”.

Lotu dezagun baina gako nazionala MTVk elikatzen duen sistema ekonomikoaren ardatzarekin.

Hasteko, gogoan izan euskal taldeen %99 ez dela izango MTVren dileman –horren zergatiak aztertzea ere ez da ariketa txarra–. Baina talde guztiek dituzte erreparatzen ez dizkiegun kontraesanak. Euskal industria musikala txikia da, izatekotan, baina gainontzeko sistemen defizit berdinak errepikatzen ditu: argitaletxeen abusua, zuzeneko zirkuituen prostituzioa, plataforma teknologikoen menpekotasuna, managerren tirania, izar iheskorren konstelazioa… prekariotasun kroniko bat. Hori da segi beharreko eredua? Soilik herri mugimenduaren orbitan mugitzen den musikak, aparta izanagatik, asteburuko katxiak debalde edateko ematen du, ez beste ezertarako.

Egongo da makroekitaldiaren aurka agertu den ‘Piztu Bilbo, itzali MTV’ mugimendua balantzaren bestaldean jarri eta haren alde egingo duenik. Hortaz, Berri Txarrak-en aurka. Kontzientzia lasaituko du asko jota. Dirudiena baino konplexuagoa da hau dena. Berri Txarrak betatuko zenuke herri mugimenduen ekitaldietan?

Azken finean, adiskide maitea, ariketa erraza da: zer galtzen du Berri Txarrak-ek MTVko kontzertuan jota? Jar gaitezen kontrakoan: Berri Txarrak-ek MTVri ezetz esan balio, zer irabaziko genuke? Herri xixtrin bat ez bagara, luzerako dugu harribitxi honekin gozatzeko aukera, Errekaleorren eta San Mamesen. Errazagoa da printzipio batzuen alde borroka egitea printzipio horien menpe bizitzea baino. Eta ez da ezer gertatzen, uxatu mamuak.

.

KONTRA

Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeria eta Bilboko alkate Juan Mari Aburto pozez zoratzen agertu ziren hedabideen aurrera duela urtebete inguru, MTV musika kate ahalguztidunak EMA sarietarako Bizkaia aukeratu zuela iragartzeko. Zenbakiak ere zehaztu zituzten aurrerago: ekitaldiak 66 milioi ekarriko dituela herrialdera eta gainera ehundaka lanpostu sortuko direla. Hori bai, zalantzarik egon ez zedin, Rementeriak honakoa gehitu zuen: Euskal taldeak ere MTV sarietan izan daitezen landuko dugu”. Eta badirudi lanketak emaitza ona izan duela, Berri Txarrak ekimenera batzea lortu baitute. Inork ezingo du esan jeltzaleak kudeatzaile onak ez direnik.

Baina jarri dezagun Bilboko kornisetan egongo diren frankotiratzaileen jopuntua dagokion lekuan. Hemen auzitan dagoena ez da Berri Txarraken ontasuna edo axolagabekeria. Idazten duen honen helburua ez da, inolaz ere, Lekunberriko taldearen purutasunaz aritzea. Are gutxiago Gorka Urbizu salduen eta traidoreen sutara botatzea. Talde nafarrak erabaki bat hartu zuen baiezkoa ematean, eta ziur pentsatu zutela gure Euskal Herri, zorionez kritiko, hontan horrek eduki zezakeen kontra olatua. Ez dela erabaki erraza izan? Ez zenukeela Urkizu eta konpainiaren larruazalean egon nahi? Bada, zoritxarrez, ziur askotxok egon nahiko lukeela.

Kukutza eta bertan egiten ziren ekimen guztiak eraitsi zituzten berek landu dute MTV multinazionalaren etorrera. Eta funtsean bi ereduren arteko talkaz ari gara hizketan. Kultura ostalaritzaren irabazi ekonomikoetan neurtzen duten agintaritxoen ereduaren eta kulturturgile, sortzaile eta eragileak helburu dituen bestelako ereduaren arteko talkaz ari gara. Diru publikoz (denon diruaz) multinazionalen ekimen pribatu erraldoiak finantzatzen duten Bizkaiko Diputazioaz, Bilboko Udalaz eta Barakaldoko Udalaz eta ‘Piztu Bilbo, itzali MTV‘ mugimenduak ordezkatzen duen eragile multzoaz. Eta utziko didazu esaten normala dela talka honetan Berri Txarrak erakundeen multzora sartu izanak, ezinegona eta harridura sortzea. Are gehiego nafarren diskurtsoa eta ibilbidea kontutan izanik (ALDEko testuan aipatu dituzu hainbat hito esanguratsu).

Rementeriaren eta Aburtoren kudeatzaile taldeak San Mameseko ateko eskuadratik gola sartu die ‘Piztu Bilbo, itzali MTV’ taldeko kideei. Ez baita berdina (ez ibilbidez, ez idiosinkrasiaz) Gatibu edo Izaro bat konbentzitzea eta Berri Txarrak konbentzitzea. Azken honek pilula lasaigarriaren efektua izango baitu eragileen eta kulturgile lehen ezeroso eta gogaikarriengan.

Azken finean adiskide maitea, bi multzoen arteko talka hori, enegarrenez emango dena, orain karta bakarrera jokatuko baitugu. Eta karta hori Gorka Urbizuren eskuetan dago. Irabazteko ala galtzeko gehiago ote dugun? Urbizuk balantza baten edo besteren aldera eramango ote duen? Tira, oraingoz badakigu markagailuan zer jartzen duen. Denbora da poligrafo bakarra.

Berri Txarrak MTVren kontzertuan izatearen alde eta kontra

Berri Txarrak MTVren kontzertuan Berri Txarrak MTVren kontzertuan Berri Txarrak MTVren kontzertuan izatearen alde eta kontra Berri Txarrak MTVren kontzertuan Berri Txarrak MTVren kontzertuan Berri Txarrak MTVren kontzertuan izatearen alde eta kontra
alde, Berri Txarrak, kontra, mtv
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

6 pentsamendu “Berri Txarrak MTVren kontzertuan izatearen alde eta kontra”-ri buruz

  • Kalitatezko idatzia. Nire aldetik, eta MTV zaborra dela jakitun, pragmatismoaren aldekoa naiz. Berri Txarrakek jotzea euskararentzat eta euskaldunontzat garaipentxo bat da, munduan nor bagarela erakusteko modu bat. Askoz ere kontzertu gehiago entzun ditut gaztetxeetan kultur-etxeetan baino, baina undergroundaren purutasunaren zaitzaileei isiltzeko esango nieke behingoagatik. Hori da hori arrakasta duenari egurra emateko ohitura herri honetan

  • “Undergroundaren purutasunaren zaitzaileei isiltzeko eskatuko nieke behingoagatik” nor eta zu ixiltasun eske. Bejondeizula!!

  • Ni enauk isiltzen eta dena kritikatzen diat bai, baina gutxienez ez noak gainerakoek zer egin behar diteken esanez, beste asko bezala. Benga haizea hartzera

  • Nola ezetz…. Isiltzeko esaten ari aiz ta. Ta haizea artzera I junai. Ta bestela emantzak arpegiya, baliente haundiustia!!!!

  • Mezu hori soberan zegok!

  • Bi mezuak daude soberan nire ustez. Halare lendabizi mikelats izan da haizea artzera bidali duena inongo arrazoirik gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude