Cullumek Trinitate Plaza pitzatuz itxi du Jazzaldia
Jamie Cullumek jazz zale klasikoak ez ezik, gazteak eta kuriosoak ere erakarri ditu Trinitate Plazara, eta Mélissa Laveaux kanadiarraren afrosoul goxoak ere ez ditu entzuleak baretu, eszenatokira irten denean, pianoari eman lehen zartadek pitzadura ireki dute plazan.
Denok ikus genezakeen kontrabaxu ikustezina jo du, punta-puntako beat boxing-a praktikan. Cullumek, musikari ez ezik showman izaki, antzezlan apartekoa zuen prest. Clint Eastwoodek azken film Gran Torinorako soinu banda sor zezan eskatu zioneko interpretazioa ere eskaini digu taula gainean, eta zertxobait gain antzeztu duen arren, “Harry el sucio” bera ikustarazi digu.
Teklatuarekin dantzatzen zuten inglesaren atzek, ene taupadekin bere ahotsak. Solo amaiezinak ezin iragarri, entzulea beroturik zuen uneoro. Musikarien zuzendari zen, orain kontrabaxua, orain saxoa eta entzuleoi ere koroa eginarazi digu, keinua egin eta Trinitate Plaza dardarka genuen.
Billie Holiday, Cole Porter edo Jimmi Hendrixen abestien bertsioak interpretatuz egin zen ezagun Cullum. Twentysomething garaiaren amaierara iristear, bereak dira eskainitako abesti ia denak eta heldutasun fina aitortu diote kritikariek. Pointless Nostalgic, Twentysomething eta Catching Tales lanen ostean, urrian kenduko diogu lazoa azken opariari.