Baliabide naturalen maldizioa

Kongoko Errepublika Demokratikoak Afrikak hainbestetan ezagutu duen baliabide naturalen maldizioa hamar urtez sufritu du. 1998an koltana aurkitu eta Kongoko bigarren gerra hasi zen. 2003. urtean koltanaren prezioa jaistean bakea sinatu zen, baina, urte bateko epean, eztainuaren prezioak gora egin eta gerra berpiztu zen. Egun, Bisieko meategietan 22.000 pertsona inguruk egiten dute lan eta eztainu produkzioa hilabetean 11 eta 15 milioi dolarretatik gora kokatzen da. Meatzariek irabazten dutena, ostera, bestelakoa da.

Meatzaria Bisien

Herrialdeko egoera ezegonkorrak eta langabeziak kongoar asko meategietan lan egitera behartu ditu herrialde osotik bertara emigratuz. Bisien ez dago ez eskolarik ezta osasun zerbitzurik eta haurrek zuloetan edo prostituzioan bizirauteko lan egin behar dute.

Koltana beharrezko elementua da mugikorrek, ordenagailuek edo plasmek erabiltzen dituzten osagarri elektronikoak garatzeko. Kongoko Errepublika Demokratikoa zen munduko koltan ekoizle nagusia, munduko erreserben %80arekin. Europara eta Amerikara egindako esportazioak gerra finantzatzeko iturri nagusi izan ziren. Interes ekonomiko horiek zonaldeko ezegonkortasuna luzatzea ekarri zuten.

Walikaleko inguru guztia Kongoko Indar Armatuetako 85. Brigadaren kontrolpean dago. Militar horiek meategietako sarrera eta bide guztiak kontrolatzen dituzte, bertatik igarotakoaren gainean legez kanpoko zergak kobratuz. Meategietatik ateratako mineralak oinez bi egunetara dagoen errepiderik hurbilenera eraman behar dira. Kanpamenduetan sartzen den guztia oinez sartu behar da, bideak moztuta baitaude, beraz, garraiatzaileek bueltako bidea meatzarien kontsumorako produktuez gainezka egiten dute, zeintzuen gainean militarrek ere interesa eramaten duten. Azkenean, hainbeste bitartekari egonda prezioak bostegatik biderkatzen dira. Garagardo batek 5 dolar baino gehiago kostatzen ditu Bisieko kanpamenduan eta, aldi berean, 24 orduz lan eginez gero 25 dolar inguru irabazten ditu meatzari batek gehienez.

Bisien mineral erosketak bi enpresen esku daude: GMB eta MPC,2005ean Kivu Resources holdingaren barruan sartu zena. Bi horiek gerra garaian koltana erosten zuten eta, orain, eztainuaren nagusitasuna lortzeko borrokan daude. Nazio Batuen Erakundearen informe batek dio talde armatu eta enpresagizonen interesen arteko hurbiltasunak zaila egiten duela ezberdintzea zein dabilen lege barruan eta zein dabilen eskubideak bortxatzen.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.