[Colossal] Vigalondo ez da Tarantino

[Colossal] Nacho Vigalondo ez da Tarantino

[Colossal] Nacho Vigalondo ez da Tarantino

Nacho Vigalondo pixkat Tarantino da zentzu batean. Berari soilik onartu dakizkiokegu zenbait lizentzia. Berak eginda soilik irentsi ditzakegu gidoiaren hainbat itzulipurdi eta argumentuaren hainbat hegi zorrotz. Tira, Tarantinok nola, badu bere modua eta estiloa, filmak bere bereak egiteko eta ez beste inorenak.

Colossal filma amaituta, Antzoki Zaharretik irteten ari ginenok begiak angelu zuzenean genituen. Inora begira bezala. Garuneko ez dakit zer izkin kitzikatuta-edo. Urtetan erabili gabe genuen garuneko zatitxo hori, soilik Vigalondok, Tarantinok eta halako kalañak kitzikatu dezaketena. Denok hazkatzen genuen kokota kale nagusian.

Kanpaina betean gaudenez, norbaiti puztuko zaio zaina eta irtengo zaio bere baitako Idoia Mendia esateko Vigalondo ez dela Tarantino, Kolonbia Euskal Herria ez den bezala.

Zientzia fikzioaren topikotzarretik
ihes egiten du Colossal-ek

Noan harira. Colossal ez da iristen Cronocrímenes bikainaren mailara. Anne Hattaway eta Jason Sudeikisen interpretazio pattalak erruz ahultzen du zinta. Aitzitik, Vigalondok zientzia fikzioaren topikotzarretik ihes egitea lortzen du, komedia eta amodio istorio hollywoodtarra, ekialde urruneko zinemako munstrotzarrekin uztartuz. Dena korapilatuz, ikuslea ezustean harrapatzeko Godzillaren matrailetan.

Metrajearen lehen erdian erritmoa falta bazaio ere, apurka intentsitatea hartuz doa ikuslea pantailara lotzeko azkenean. Bistan denez, oso frikia da eta ez diot ugazabari gomendatuko. Egitea okurrituko balitzait pikutara bidaliko nindukelako. Zuri ordea, bai gomendatuko dizudala Colossal, horrela zuk ere kitzikatuko duzu lotan duzun garuneko puska hori. Eta ziminoek nola, eskuarekin igurtzi egitera bultzatuko zaituen azkura bat sentituko duzu kokotean.

Kanpainan gaudenez aitor dezadan, Zinemaldi hontako pelikulen hondarrean, noizbehinka, nere baitako Ortuzar pizten dela esateko ez gaudela okurrentziatarako! Okurrentzia hori ez bada, noski, Vigalondorena.

[Colossal] Nacho Vigalondo ez da Tarantino

Ekaitza bainuontzi batean

Medikua bezain kultur zalea. Zinemak zoratzen nau eta handitan argazkilari izan nahi nuke.