Cate Blanchettek Donostia sarietako bat jasoko du Zinemaldiaren 72. edizioan
Cate Blanchett Donostia sarietako bat Zinemaldiaren 72. edizioan –
Aktore eta ekoizle australiarrak, eta bi Oscar sariren irabazleak, jaialdiko ohorezko aitorpen nagusia jasoko du eta kartel ofizialaren protagonista izango da
José Luis Lanzagorta diseinatzaile grafikoak sortu du posterreko irudia, Gustavo Papaleoren argazki batetik abiatuta
Cate Blanchettek, zinematografia garaikideko interprete garrantzitsuenetako batek, Donostia Saria jasoko du Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan. Halaber, kartel ofizialeko protagonista izango da. José Luis Lanzagorta diseinatzaile grafikoak sortu du posterreko irudia, Gustavo Papaleoren argazki batetik abiatuta.
Blanchettek 200 aintzatespen eta sari baino gehiago jaso ditu: bi Oscar sari (eta beste sei izendapen), bi Volpi Kopa Veneziako zinema-jaialdian, lau Bafta sari, lau Urrezko Globo, eta ohorezko César eta Goya bana, egile-filmak eta ikus-entzule guztiengana iritsi nahi duen zinema uztartzen dituen ibilbide luze batean. Aktore eta ekoizle australiarrak Martin Scorsese, Terrence Malick, Steven Soderbergh, Steven Spielberg, David Fincher, Ridley Scott, Sally Potter, Wes Anderson, Alfonso Cuarón, Alejandro G. Iñarritu, Woody Allen, Gillian Armstrong, Taika Waititi, Peter Jackson, Todd Haynes, Richard Linklater, Jim Jarmusch, Guillermo del Toro, Adam McKay eta Todd Field zinemagileekin lan egin du, besteak beste.
Lehendabizikoz izango dugu australiarra Donostian, baina bere filmetako batzuk proiektatu izan dira Zinemaldian, hala nola Babel (Alejandro G. Iñárritu, Perlak, 2007) eta Veronica Guerin (Joel Schumacher, Sail Ofiziala, 2003; Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu zen). Zinemaldiaren ohorezko sari nagusia jaso duen bigarren aktore australiarra da Cate Blanchett, Hugh Jackmani 2013an eman baitzioten.
Zinemaldiak kartel-linea berri bat ezarri zuen 2018an, zinematografia garaikidearen figura bat buru zuena. Isabelle Huppert, Penélope Cruz, Willem Dafoe, Sigourney Weaver, Juliette Binoche eta Javier Bardem izan dira irudi ofiziala Blanchetten aurretik. Aurten, José Luis Lanzagorta diseinatzaile grafiko donostiarra arduratu da kartela sortzeaz, Gustavo Papaleo argazkilariaren erretratu bat oinarri hartuta.
Lanzagortak gainerako sailetarako kartelak ere sortu ditu. José Luis López de Zubiria argazkilariarekin batera, ilustrazioa eta argazkia uztartzea erabaki du. Hala, zinemagile baten megafonoak paperezko ideiak jaurtitzen ditu New Directors saileko kartelean; transatlantiko batek kaktus formako kea botatzen du Horizontes Latinos sailekoan; boxeatzaile batek bonbilla baten harizpi goriaren aurka borrokatzen du Zabaltegi-Tabakalera sailekoan; igerilari bat nakarrezko altxorren bila murgiltzen da Perlak sailekoan; kamera retro batek xaboizko burbuilak proiektatzen ditu Nest sailekoan; marrubi bat abenturarako prest dagoen uharte bihurtu da Culinary Zinema sailekoan; eta sustrai-tximista batek Vicente Ameztoy euskal artistari omenaldia egiten dio Zinemira sailekoan. Aurten, Made in Spain sailak ere kartela izango du: anil urdin-kolorea egokitu zaio, eta krabelin-formako planeta bat esploratzen duen astronauta dauka protagonista, lore horrek Espainiako zinemaren unibertsoa gogorarazten baitu.
Kartel horiez gain, beste hiru ere badira, Klasikoak ekimenaren berri ematen dutenak. Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak elkarlanean antolatzen duten ekimen horrek dagoeneko martxan ziren hiru proposamen batzen ditu marka berapean: Filmategiaren udaberriko zikloa, Zinemaldiaren atzerabegirakoa (aurten Italiako poliziesco generoari eskainia) eta Klasikoak saila.
Cate Blanchetten Biografia
Cate Blanchett nazioarteko aktore ospetsua, ekoizlea, arte-zuzendaria eta filantropoa da, eta oso konprometituta dago kulturaren sektorearekin. Dirty Films zinemako eta telebistako ekoizpen-etxeko sortzailea eta zuzendaria da, Andrew Upton eta Coco Francini bazkideekin batera. Proof of Concept programa abiarazi berri dute, zinemagile berriei finantza-laguntza, tutoretza eta ikusgarritasuna emateko. Blanchettek enpresa horrekin Warwick Thornton-en The New Boy (Perlak, 2023) lan saritua ekoitzi eta protagonizatu zuen. Halaber, Apple Original Films-en Fingernails (Sail Ofiziala, 2023) film luzearen atzean ere egon zen, Christos Nikourena, Jessie Buckley, Riz Ahmed eta Jeremy Allen White aktoreek egina; baita Noora Niasari-ren Shayda debuteko lan sarituaren atzean ere, Zar Amir Ebrahimik protagonizatutakoa.
Dirty Films etxearekin ekoitzi ditu Todd Haynes-en Carol, Todd Field-en Tár, Christos Nikouren Apples eta Mrs America, Emmy sarietarako 10 izendapen lortu dituen FXren mini-telesaila. Gainera, Netflixerako Stateless telesaila ekoitzi eta lankidetzan sortu du, AACTAren 13 sari eskuratu dituena. Halaber, Audibleren Climate of Change podcast original saritua sortu eta ekoitzi du, eta Evolver, Tribecan estreinatu zuen errealitate birtualeko esperientzia interaktiboa, 2024ko Canneseko zinema-jaialdiko lehiaketa murgiltzailerako hautatu dena.
Blanchetten interpretazio-lanen artean daude Tár, Nightmare Alley, Don’t Look Up, Ocean’s 8, Thor: Ragnorok, Carol, Blue Jasmine, I’m Not There, The Curious Case of Benjamin Button, Notes on a Scandal, The Life Aquatic, Indiana Jones and the Kingdom of the Crystal Skull, The Lord of the Rings eta The Hobbit trilogiak, The Good German, The Aviator, The Talented Mr Ripley eta Elizabeth. Sari ugari jaso ditu, artean, nabarmentzekoak dira lau Bafta, bi Oscar, hiru Urrezko Globo eta Aktore Sindikatuaren hiru sari.
2008 eta 2013 artean, Sydneyko Antzerki Konpainia sarituaren zuzendari artistiko eta zuzendari exekutibo izan zen Andrew Uptonekin batera. Elkarrekin, urtean hamasei ikuskizun ekoitzi zituzten lau egoitzatan, bira nazionalekin eta nazioartekoekin. Ekoizpen aipagarrienak dira Tennessee Williamsen A Streetcar Named Desire, Liv Ullmannek zuzendua; Anton Txekhoven Uncle Vanya, Tamas Ascher-ek zuzendua; Steven Soderberghen Tot Mom; The War of the Roses, Genet-en Les Bonnes / The Maids eta Botto Straussen Gross und Klein / Big and Small obrekin Benedict Andrew-ek sortutako muntaketa txalotuak; Neil Armfield-ek zuzendutako The Secret River obraren egokitzapen seminala, gerora ABC katearen izen bereko telesaila inspiratu duena; Kip Williams dramaturgoaren ekoizpenak; eta Andrew Uptonen The Present, John Crowleyk zuzendua eta zeinari esker Blanchettek Tony sarietarako izendapen bat eskuratu baitzuen. Duela gutxi, Martin Crimp-ek zuzendutako eta National Theatrek ekoitzitako When We Have Sufficiently Tortured Each Other antzezlanean aktore aritu da Blanchett.
Blanchettek eta Uptonek Green Globe saria jaso zuten, Sydneyko Antzerki Konpainia munduko kultur erakunde ekologikoenetako bat izateko egindako lanagatik. Izan ere, besteak beste, teilatu gainean jarritako eguzki-panelen Australiako bigarren instalazio handiena eraiki zuten.
Cannesko eta Veneziako zinema-jaialdietako epaimahaiburu izan da, eta Veneziako zinema-jaialdiak interpretazio onenaren Volpi Kopa eman dio birritan. Londresko zinema-jaialdiak BFIren ohorezko kide izendatu zuen, bikaintasun zinematografikoaren Stanley Kubrick saria jaso du eta izar bat dauka Hollywoodeko Ospearen Pasealekuan. Halaber, Ohorezko César saria, Nazioarteko Goya saria eta Chaplin saria eman dizkiote. Blanchett izendatu dute Chevalier de l’ordre des Arts et des Lettres; Companion of the Order of Australia; Mendeurreneko Domina Australiako gizarteari egindako zerbitzuengatik; eta Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitateko, Sydneyko Unibertsitateko eta Macquarie Unibertsitateko honoris causa doktore.
Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren (UNHCR) Borondate Oneko Munduko enbaxadore da Blanchett, baita Earthshot Sariaren kontseilukide ere. Wakehurst-en eta Milurtekoaren Hazi Bankuaren lehen enbaxadorea da. Davoseko Munduko Ekonomia Foroaren Crystal saria eta Kuwait-America Fundazioaren sari humanitarioa jaso ditu. Australian Conservation Foundation erakundearen biziarteko kide da, baita Actors Benevolent Fund, SAG-AFTRA Foundation eta Australian Wildlife Conservancy erakundeetako kide ere. Bestalde, AFI enbaxadore eta Sydneyko zinema-jaialdiaren eta arte dramatikoa ikasi zuen NIDA fundazioaren patrono da. Ingalaterrako landa-inguruan bizi da bere senarrarekin, lau seme-alabekin, hiru txakurrekin, bi katuekin, txerriekin eta oiloekin.
José Luis Lanzagortaren Biografia
Diseinatzaile grafikoa, musikaria eta kulturaren sektorean esperientzia zabala duen Estudio Lanzagortaren sortzailea eta sormen-zuzendaria da. Bezeroen artean ditu Koldo Mitxelena Kulturunea, Tabakalera, San Telmo Museoa, Kutxa Fundazioa, Donostiako Jazzaldia, Kursaal Fundazioa, Donostiako Musika Hamabostaldia, Euskadiko Orkestra, Warner Music, Sony Music eta Get In. Orquesta Mondragón, Puskarra eta Amateur musika-taldeen sortzaileetako bat izan zen, baita Donostiako La Buena Vida pop-taldearen kideetako bat ere.
Cate Blanchettek Donostia sarietako bat jasoko du Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan