Zinemaldia, butakaren talaiatik

Zinemaldia, butakaren talaiatik –

Donostiako jaialdia hasten den honetan, Zinea.eus ataritik jasoa.

Gaur hasiko da Donostia Zinemaldia, eta jaialdian parte hartuko duten euskal ekoizpenen jarraipen zorrotza egingo du aurten ere Zurriolako butaka saioak.  Euskara hutsezko sei komunikabideren elkarlana medio, Kanalduden, Hamaika Telebistan zein internet bidez ikusteko aukera izango da.

Zinemaldia, butakaren talaiatik
Zurriolako Butakan parte hartuko duten hedabideen ordezkariak.

Euskal Herrian zazpiak bat, eta Donostiako Zinemaldian zazpiak bat: euskarazko sei komunikabide eta zinemazaleen elkargune izango da Zurriolako Butaka saioa. Kanalduderen baturarekin, taldea osatu eta kalitatezko aurrerapausoa eman genuen iaz, eta bide horretan jarraitzea izango da aurtengo asmo nagusia: euskal ekoizpenetan buru-belarri lanean ari diren profesional zein sortzaileei ahotsa ematea, taxuzko programazio fresko eta erakargarri baten bidez.

Anabel Arraizak aurkeztuko du saioa bigarrenez, eta askotariko gonbidatuak jasoko ditu Kursaal jauregiaren behealdeko gure platoan. BERRIA taldeko Urtzi Urkizu izango du lagun, aurten platoan izango baita, egunero kazetari, kritikari edo bestelako lagunen batekin, Zinemaldiaren bidea nolako izaten ari den azaltzeko.

Beren jardunari estuki lotuta, sare sozialen bidez zabaltzeko eduki arin eta informalen aldeko apustua egingo du GAZTEZULO aldizkariak. Gazteek ere beren tokia topatuko dute horrela Zinemaldiaren zurrunbiloan.

IRUTXULOKO HITZAK, ostera, donostiarren Zinemaldia ekarriko du lehen lerrora euskal zinemaren erakusleiho izango den saioan. Hiriko profesionalak oinarri hartuta, 67. edizioan protagonista izango diren hainbat gai eta proiektuei eutsiko diote.

Aurkezpen saioan izan ez badira ere, oinarrizkoa izango da Bidarraiko KANALDUDE TELEBISTAko lagunen ekarpena. Hiru lagun arituko dira egunero programaren ekoizpen lanetan eta, gainera, atal berri baten estreinaldia iragarri dute: Zinetika. Zinemaldiak sortzen duen burbuila handia ibilarazten duten pertsonen itzaleko lana erakustea izango da atal honen xedea: izan pantaila gibeleko lanak, eszena gainekoak… Finean, Zinemaldia barnetik bizitzeko aukera eskainiko dute egunero.

Amaitzeko, euskal zinemagintzaren ekosistema aberatsean jarriko dugu fokua ZINEAn. Aurrez egin ohi izan dugun bezala, bideo elkarrizketa eta pilulatxo laburren bidez gerturatuko ditugu sortzaile zein profesionalen adierazpen eta bizipenak publiko zabalera. Besteak beste, Izibene Oñederra ilustratzaile eta zuzendaria, Iñaki Gomez ekoizlea, Loic Legrand zinegilea… Horrez gain, Sara Hernandez Askasibar kritikaria izango da platoan, filmak iruzkintzen egingo duen lanaz gain, aurten Irizar Saria banatuko duen epaimahaiaren parte ere izango delako.

Bada, saioa ZINEAren atarian,  IRUTXULOKO HITZAGAZTEZULO eta BERRIA hedabideen webguneetan eta HAMAIKA nahiz KANALDUDE telebista kateetan ikusi ahalko da. Egunero 19:00etatik aurrera zabalduko dugu Internet bidez, Kanaldudek, bere aldetik,  20:00etan emitituko du, eta Hamaikak 22:00etan. Horrez gain, #Zbutaka traola erabiliko dugu saioko kideek gure jarduna sareetan zabaltzeko.

Zinemaldia, butakaren talaiatik

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude