[Kafe Aleak] Bob Diddley “Bo Diddley”
[Kafe Aleak] Bob Diddley “Bo Diddley” –
.
Bo Diddley
“Bo Diddley“ (Chess Records, 1958)
.
Nire disko bilduman badira, gogora ekartzen dizkidaten une apartak direla eta, arras maite ditudan harribitxi asko. Nire LP gogokoena aukeratzeko orduan, zentzu guztietan gehien asebetetzen nauenaren alde egin dut. Gainera, musikaren historiako ibilbide artistikorik bikainenetako bat duen artista batena da, rockaren historialari gehienen esker ona izan ez duena eta itzalean geratu dena.
Oso txikia nintzenetik musikarekiko atxikimendu handia sentitu izan dut, musika beltzarekiko, batez ere. Uste dut gure aitaren gustu musikalak eragina izan zuela, John Lee Hookerren mireslea baita. Horri guztiari gehitzen badiot 40ko edo 60ko hamarkadetako erritmo primitibo, basati eta alaiekiko dudan grina bizia, soin eta hezur dantzan jartzen bainaute, nire aukera, zalantzarik gabe, benetakao rock´n´roll erregea da, Bo Diddley imitaezina, eta “Bo Diddley” diskoa.
LPa 58. urtekoa da. Chess Records zigilu entzutetsuan -nire gogokoenetako bat- grabatua izan zen, eta bluesetik rock´n´rollerako trantsizioaren errudunetako bat izan omen zen. Kantu klasikoak biltzen dituen diskoak, lagunonez eta musikari bikainez inguratuta grabatu zituen Bo Diddleyk: abestuz eta harmonika joaz lagundu zuen Billy Boy Arnoldek, pianoan Otis Spann, Jerone Green aparta marakekin (berari eskaini zion Bok “Bring it To Jerome” kantutzarra), Frank Kirklandek jo zuen bateria eta haiekin batera Lester Davenport harmonika jolea aritu zen. Giro ona islatzen da ordu erdi baino gutxiago dirauten hamabi kantu laburretan. “I´m a Man” eta “Bo Diddley” kantu klasikoetan ahots lazgarriz astintzen gaitu, hildakoak ere hilobitik aterako lituzkeen erritmo basatiz. “Black Beat” entzun nuen lehenengo aldian hain frenetikoa iruditu zitzaidan, non New Orleanseko piano eta boogie batek egingo lukeen bezala katigatu baininduen.
Gitarra laukia hartuta, Big B-k “Bo Diddley erritmoa” oparitu zigun, musikaren historiako hamaika talderi eragin diona eta belaunaldi askok bertsionatu dutena. Jarraitzaileen zerrenda amaigabea osa dezaket: The Rolling Stones, The Yardbirds, The Kinks, The Who, Buddy Holly, Ramones edo The Pretty Things, izena Boren “Pretty Thing” kantu zoragarritik atera zutenak.
Bere buruari jarri zion izen artistikoa da Bo Diddley; Afrikako gitarra baaten izena da. 1928an jaio zen Mississippiko herrixka batean, Ellas Bates izenez. Chicagoko kaleetan hazi zen, haizearen hirian, bluesaren sorlekua hasieran eta rhythm´n´bluesarena geroago. Beti entzun izan dut musikarako berezko talentu handia zuela, eta berak sortu zuela zuriak eta beltzak dantzan jarriko zituen erritmo bereziena eta bereizgarriena, arraza diskriminazioa estatubatuar nazioaren egunerokoa zen garaian.
Izugarri gustatzen zait disko hau entzutea, ildo bakoitzak abestiak zuzenean grabatzen ziren garaia gordetze baitu, energia guztia eta lagunartean grabatzeko egiten zen ahalegina transmititzea lortzen zutenekoa. Gitarra bat, ahots basati bat, koru soil batzuk, danbor bat eta marakatxo itzel batzuk nahikoak ziren rock´n´rollik originalena eta dibertigarriena egiteko. Kantuok luzaroan iraun eta iraungo dute, jendea mugiaraziko dute eta, Chuck Berry edo Little Richarden mailako arrakasta inoiz lortu ez bazuen ere, nik beti aldarrikatuko dut Bo dela rock´n´rollaren benetako erregea!!
Berak zioen bezala: “erritmoa, erritmo hutsa zainetan zehar”… ezbairik gabe, erabat ados nago, zoratu egiten nau!!
Musika bilduma guztietan beharko lukete bere diskoek. 2008ra arte, hil zen urtera arte, aritu zen zuzenean jotzen, eta jada ez da berea bezalako soinurik izango… Bizi dadila beti gugan The Originator!!!!!
Beatriz Pinto, Dj Chulina (1980, Gijon -ASTURIAS-) Musika jartzailea
“Kafe aleak” liburua erosteko
[Kafe Aleak] Bob Diddley “Bo Diddley”