Bizitzen noa
Bizitzen noa –
Orain dela aste bat portuges ikastaroa egiten hasi nintzen. Ikastaro hori Brasilgo musikaren inguruan antolatzen da. Orduan, ia-ia maite ditudan gauza guztiak dauzka: portugesa eta musika.
Bart, kantu batean ideia bat agertu zen: norbaitek bere burua ispilu batean ikusten duenean, bere aita ikusten du. Literalki, ideia ez da batere polita, bakoitzak bere bizitza egin behar duelako eta ez gurasoek nahi dutena. Gainera, musika hori ez da batere polita.
Hala ere, literalki hartzen ez badugu, gauza on bat agertzen da: gauza batzuk egiten ditudanean, nire aita berriro nire ondoan dago. Zergatik? Guztiok gure bizitza egiten saiatzen garelako, baina tradizioa edo erroak hor ere badaude. Izan ere, orain, berriro portuges irakaslea izateko gogoa etorri zait.
Klase horretan burura gauza asko etorri zitzaizkidan, desio asko. Portugesa nire bizitzan oso inportantea da. Brasilgo edo Portugalgo seniderik ez izan arren, aita galiziarra zen. Eta hark beti irakatsi zidan antzeko kulturak direla. Batzuetan, portugesa hizkuntza galegoaren alaba zela esaten zuen, harremana erakusteko. Horregatik, beti brasildarrei galegoz hitz egiten zien, beraien sustrai kultural berak zituela sentitzen zuelako.
Denboraz, portugesa ikasi nuen, Buenos Airesen galego ikastaroa aurkitzea oso zaila baita (bai, benetan, Galiziako bostgarren probintzian, Buenos Airesen, zaila da). Eta, momentu batean, aitaren alabak “galegoaren hizkuntza alaba”ikasia zuela konturatu nintzen.
Hizkuntza honek asko pozten nau: musika entzutea, literatura irakurtzea asko gustatzen zaidalako. Sustraiak hor daude. Beti. Eta ez daude odolez lotuta, familiarekin baizik. Euskararekin antzeko gauza gertatu zait, aitonaren emaztea bilatzen hizkuntza polit honetara iritsi nintzen.
Aste honetan, konturatu gabe, euskaraz edo portugesaz hitz egiten dudanean, pozik nagoela sumatu dut. León Gieco-k esaten duen bezala: “Kultura leku guztietan distiratzen den irribarrea da”.
Orain dela urte batzuk, Carlos Nuñezek, gaita jotzaileak, disko polit bat argitaratu zuen, brasildar musika jotzen. Atera zuenean, barruan dauzkadan sentimenduen laburpen polit bat zela pentsatu nuen. Gehien gustatzen zaidan abestiak“Vou vivendo” du izena. Aita hil eta aste pare batera, metroz bidaiatzen ari nintzela, bat-batean, musikari bat hori jotzen hasi zen. Aita nire bila zegoela sentitu nuen.
Musika hunkigarria. Milesker.
Kontaketa ederra, eta eskerrik asko abestia ezagutarazteagatik.