Bilboko Udal Musika Bandaren Aste Nagusia
Bilboko Udal Musika Bandaren Aste Nagusia –
Bilboko Musika Bandak hamar bat kontzertu eskainiko ditu aire zabalean Aste Nagusian.
Jose R. Pascual-Vilaplana zuzendariak eta Iñaki Urkizu zuzendariordeak batuta txandakatuko dute abuztuaren 20tik 27ra bitartean 12:00etan Areatzako Kioskoan eskainiko diren aire zabaleko zortzi kontzertuetan.
Berrikuntza gisa, aurten, abuztuaren 20an (igandea), Bilboko taldea Abandoibarran (23:30) arituko da Tamara abeslari sevillarrarekin batera. Era berean, Bandak beste emanaldi bat eskainiko du, gospel kontzertu bat, abuztuaren 23an (asteazkena), 23:30ean Plaza Barrian. Messenger eta Goizargi Gospel Choir abesbatzen laguntza izango du.
Lankidetza bereziak itzuliko dira Udal Txistulari Banda, Beti Jai Alai Dantza Taldea eta Iruñeko Gaiteroekin.
Aurten ere, Bilboko Udal Musika Bandak ez du hutsik egingo eta musikarekiko duen pasioa Areatzako Kioskora eramango du Aste Nagusian. Bilboko taldeak 8 kontzertu eskainiko ditu egunero, 12.00etan, uriko gune enblematiko honetan. Taldeak errepertorio oparoa aukeratu du kontzertu hauetarako: pasodobleak eta zarzuelak, klasikoak, lankidetza bereziak, txistuak eta gaitak eszenatokian lagun izango dituztelarik.
Bandako zuzendari titularra, Jose R. Pascual-Vilaplana (abuztuak 20, 21, 22 eta 23), eta zuzendariordea, Iñaki Urkizu (abuztuak 24, 25, 26 eta 27), batuta txandakatuko dute aire zabaleko matine hauetan.
Aurten ere lankidetza bereziak izango dira Aste Nagusian, Bilboko Udal Musika Banda Bilboko Udal Txistulari Bandarekin, Basurtuko Beti Jai Alai Dantza Taldearekin, Iruñeko Gaiteroekin edo Messenger eta Goizargi Gospel Choir abesbatzekin arituko delarik.
Jose R. Pascual-Vilaplana Muruko maisuaren eta Iñaki Urkizu zuzendari beasaindarraren zuzendaritzapean, Areatzara hurbiltzen diren ikus-entzuleek askotariko errepertorioaz gozatzeko aukera izango dute, hainbat gairen inguruan: “Betiko doinuak”, “Haizetan dantzan”, “Musika eta festa”, “Klasiko herrikoiak”, “Francisco Alonsori omenaldia”, “Musika Latinoa” eta “Botxoko konpositoreak”.
Egitarauak gai herrikoiak eta jaiegunak eta estilo desberdinak uztartuko ditu, hala nola, euskal konposizioak, jazza, latindar musika, pasodoblea, antzerki musikala, popa, soinu bandak, … guztiak ere musika pieza ezagunak. Aipatzekoak dira abuztuaren 25ean, ostirala, Iruñeko Gaiteroekin eta astelehenean, hilak 21, Bilboko Udal Txistulari Bandarekin eta Beti Jai Dantza Taldearekin egingo diren kolaborazioak, eszenatokian txistuak eta gaitak uztartuz.
Kioskoko ohiko kontzertuez gain, aurtengo egitarauak berrikuntza gehiago dakartza, beste bi kontzertu berezi izango baitira. Lehenengoa abuztuaren 20an (igandea) izango da, 23.30etan Abandoibarran. Egun eta ordu horretan Bilboko taldea Sevillako Tamara abeslariarekin batera arituko da taula gainean. Besteak beste, “Si nos dejan”, “El gato que esta? triste y azul” eta “Granada” bezalako artista andaluziarraren hamar abesti ezagun baino gehiago entzun ahal izango dira.
Honez gain, Bandak gospel kontzertu bat ere eskainiko du, abuztuaren 23an (asteazkena), 23.30ean, Plaza Barrian. “Arimaren memoria” izenburupean, Messenger Abesbatzak eta Goizargi Gospel Choirrek parte hartuko dute. Bi abesbatzak Ramon Escalek zuzenduko ditu. Okasio honetan, John P. Keeren “I Believe”, Donald Lawrenceren “Healed”, Shirley Caesarren “Yes Lord, yes” eta “Satan, we’re gonna tear your kingdom down” edo A. Jeffrey Lavalleyren “Hallelujah, Salvation and glory” abestiak interpretatuko dira, besteak beste. Bi kontzertu berezi hauetan, Pascual-Vilaplana izango da taldea gidatuko duena.
.
Jose R. Pascual Vilaplana
Muro (Alacant), 1971. Alcoy eta Valentziako kontserbatorioetan ikasi zuen. Bandako zuzendaritza ikasi zuen Jan Cober eta Eugene Corporon maisuekin. Orkestrako zuzendaritza ikasi zuen Vienan Karl Österreicher eta Hans Graf-ekin. Zuzendari gonbidatua izan da zenbait talde sinfonikotan eta bandetan Alemanian, Argentinan, Belgikan, Kolonbian, Kuban, Eslovenian, Frantzian, Italian, Holandan, Portugalen, Errumanian, Suitzan, Uruguain eta AEBn: Kubako Banda Nazionala, Holandako Gazteen Banda Nazionala, Holandako Errege Marinako Banda, Esloveniako SAF Wind Orchestra, Valleseko O.S., Murtziako O.S., Gaztela eta Leongo O.S., Bilboko O.S., Kanaria Handiko O.F., Bukaresteko O.S., Suitzako Aulos W.B., Alacanteko Udal Banda, Bartzelonako Udal Banda, Madrileko Udal Banda, Palma Mallorcako Udal Banda, Gasteizeko Udal Banda, Tenerifeko Santa Cruzeko Udal Banda, Oviedoko Goi-mailako Kontserbatorioko Banda eta Orkestra, Kanarietako Goi-mailako Kontserbatorioko Banda, Musikeneko Banda…
Hainbat bakarlarirekin egin du lan: Sergei Nakariakov, Pacho Flores, Asier Polo, Jose Franch-Ballester, Elisabete Matos, Estrella Morente, Manuel Blanco, Claudi Arimany eta abar. Estatuko eta atzerriko bandek (AEB, Kolonbia, Israel, Korea, Italia, Frantzia, Suitza…) bere konposizioak interpretatzen eta grabatzen dituzte eta Espainiako jaialdiek eta bakarlari ospetsuek (Luis Gonzalez, Spanish Brass L.M.) sarritan egiten dizkiote enkarguak. Hogeita bost CD erregistratu ditu bandako musika-zuzendari modura.
Lehen saria irabazi zuen Kerkradeko WMCko eta Birminghameko EBBAko Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketetan (Holanda, 1997, eta Ingalaterra, 2000). 2004an Valentziako Komunitateko Elkarte Musikalen Federazioaren EUTERPE saria eskuratu zuen Bandako Zuzendaritza eta Jairako Musika Konposizioa kategorietan. 2010ean Gaztela-Mantxako Musika Jaialdiak ematen duen “Ignacio Morales Nieva” Musikako Sari Nazionala jaso zuen.
2015etik zuzendari titularra da Bilboko Udal Bandan eta 2018tik Bartzelonako Udal Bandako titularretako bat da. Oportoko Banda Sinfoniko Portugaldarraren zuzendari gonbidatu nagusia da 2012tik aurrera.
.
Iñaki Urkizu
Bere herriko Udalaren Bandan hasi zen tronpeta jotzen, zortzi urterekin, familiaren tradizioari jarraituta. Handik Tolosako Udal Bandara pasatu zen eta han bakarlari jardun zen hamarkada batez. Donostiako Goi-mailako Kontserbatorioan egin zituen tronpeta- ikasketak Juan Manuel Gomez de Edeta irakaslearekin. Irakasle jardun da Beasain eta Tolosako musika-eskoletan, baita “Arrasate Musical”-en ere.
Instrumentista moduan Euskal Herriko talde askorekin elkarlanean aritu da. Horietako aipagarrienak hauexek: Bilboko Orkestra Sinfonikoa, “Arrasate Musical” Orkestra Sinfonikoa, Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioko Banda Sinfonikoa, Donostiako Talde Barrokoa, Lattor metalezkoen boskotea, Araba Brass Taldea eta Gasteiz Big Band; azken honetan, gainera, zuzendaria izan zen. Bakarlari moduan egindako lana ere aipagarria da, Benantzi Bilbao eta Aitor Olea organistekin, eskainitako organoaren eta tronpetaren kontzertuetan.
Banden munduan oso ezaguna da moldaketak eta transkripzioak egiteagatik eta musika- banda askok jaso ohi dituzte bere lanak programetan. Laurogeiko hamarkadatik aurrerako euskal musikaren bilduma bat prestatu du eta horien lehen lau zenbakiak argitaratuta daude: “Jaialdia”, “Dantzaldia”, “Kantaldia” eta “Betikoskorri”. Azken lan hori izenak, adierazten duenez, Oskorri folk-talde ezagunaren omenez egina. Halaber, moldaketa asko musika-ikuskizunarentzat egin du, besteak beste, Serafin Zubirirentzat “Recordando a Nino Bravo” eta “El Baul de los 70”.
Ertzaintzako Musika Bandako zuzendaria izan da 1998tik eta banda horretan tronpeta-jole bakarlari-plaza ere izan zuen. Bere batutapean CD bat grabatu da, Bergarako Orfeoiarekin batera, Jose Franco, Luis Aramburu, Jose Ma Gonzalez Bastida eta Juan Arzamendiren lanekin. Bilboko udalaren musika Bandarekin ere zenbait CD grabatu ditu, bata Bilboko Koral Elkartearekin bere 125.urteurrenan “Kantuz Hari den Herria” izeneko musika-lana, bi abesbatza eta Bandarentzat berak idatzita, eta bestea Zarzuelari eskainita, Masa Coral del Ensanche, Miren Urbieta (sopranoa), Vicenc? Esteve (tenorra) eta Fernando Latorrerekin (baritonoa).
Zuzendari gonbidatua izan da Euskal Herriko zenbait Bandetan, Barakaldoko udalaren Banda, Durangoko “Tavira” Musika Banda edo Gasteizko Udalaren Banda, besteak beste. SGAEko kidea eta 2017tik Bilboko Udalaren Musika bandaren zuzendariordea da.
Bilboko Udal Musika Bandaren Aste Nagusia Bilboko Udal Musika Bandaren Aste Nagusia