Bikingoak Euskal Herrirako bidean

Bikingoak Euskal Herrirako bidean –

Gazte-gaztetatik sentitu dut bikingoekiko jakin-mina, begirunea eta nolabaiteko miresmena. Haien inguruko historiek eta istorioek harrapatu naute beti, eta ordu ainitz eman ditut beraiei buruzko liburuak eta artikuluak irakurtzen. 1995ean, Anton Erkoreka bermeotarrak idatzitako Los vikingos en Euskal Herria”  liburu liluragarria irakurri nuen, eta ordutik izan dut jira-biraka ene gogoan. Aitor dezadan liburu hori dela artikulu honen ardatz nagusia. Erkorekari, bada, nire eskerrik beroena, gai honetan urratu dudan bidean artez eta zuzen gidatu nauelako.

Baina nor ziren bikingoak?

Eskandinaviarrak edo normandoak germaniarrekin bai kulturaz, bai arrazaz eta bai mintzairaz senidetutako leinuak ziren. Europako iparraldean ezagunak baziren ere, gainerako europarrek jende hotz eta atzeratutzat hartzen zituzten. Erdi Aroko lehen mendeetan,  klimaren berotze aldi handi batek Europako iparraldea bete-betan jo zuen. Berotze aldi honek uzta ezin hobeak, ordurako eskualde haietan ezezagunak zirenak,  ekarri zituen, eta horren ondorioz, bertako biztanleria izugarri ugaldu eta handitu zen. Garai hartan Eskandinaviako lurren %3a bakarrik zen laborantzarako egokia. Honek gosete handia eragin zuen, eta bertako biztanleek lur berriak bilatzeari ekin behar izan zioten.

Normando gehienek itsas merkataritzan jardun bazuten ere, izan ziren Europako kostaldeetara erasoak egiten aritu zirenak ere. Eta azken horiei deitu izan diegu bikingo, horixe bera baitzen Eskandinavian itsas gerlariei ematen zitzaien izena.  Erdi Aroko lehen mende haietan eskandinaviarrek maniobretarako izugarri trebe eta aproposak ziren ontziak egin zituzten. Drakkar izeneko itsasontzi haiek gauza ziren hondo ttikiko uretan  nabigatzeko, baita ibaietatik barrena ibiltzeko eta ibaietatik gora igotzeko ere. Eta, gezurra badirudi ere, ozeanoa zeharkatzeko ere guztiz egokiak ziren. Drakkarrak izan ziren, beraz, bikingoek Europako kostaldeak erasotzeko, lapurtzeko eta sarraskitzeko topatu zuten baliabiderik onena.

Bikingoen erasoek Europa beldurtu zutenekoa.

789.urtean, Norvegiako mendebal kostaldetik gertu nabigatzen zuten hiru drakkar Ingalaterrako hegoaldeko ertzetara iritsi ziren. Ingalaterrako Bertric erregeak zenbait bakezko mezulari bidali zuen bikingoena beraien asmoez galdetzera, eta ustekabean, bikingoek mezulariak preso hartu eta lepoa moztu zieten. Hau izan zen, mendebaldeko europarrek bikingoek izan zuten lehen harremana.

Bost urte beranduago, hau da, 793ko ekainaren 8an, ingeles kostaldeko Lindisfarne monasterio ospetsua eraso egin zuten, bertan bizi ziren fraideak kalituz, bertako altxorrak ebatsiz eta azkenik, monasterio osoa erraustuz. Honela hasi zen, Europako historian luzaz deitu izan den bikingoen aroa.

Bikingoak Euskal Herrirako bidean

Hurrengo hamarkadetan Ingalaterrako, Eskoziako eta Irlandako kostaldeak suz eta odolez sarraskitu zituzten, eta 799. urtean, Akitaniako zenbait uhartetan azaldu ziren. 808an, Alemaniako iparraldea erasotu zuten, 809an Irlandaren aurkako erasoaldi handi bati ekin zioten, 810ean Frisiako itsasbazterrak sarraskitu zituzten, 819an Noirmoutier irla hesitu eta erasotu zuten, 820an drakkar talde bat Sena eta Loirako bokaletan barrena ibili zen bazterretako herriak errez eta zakuratuz. 836ean Anberes hiria arpilatu zuten, 842an gauza bera egin zuten Londres eta Rochester hiriekin eta 843an Nantesekin.

844an Gijoneko itsasaldean azaldu ziren eta handik Galiziara pasatu ziren 850. urtean. Urte haietan, 350 drakkar azaldu ziren Ingalaterrako kostaldeetan, eta uhartea konkistatzeari ekin zioten. 852an Nantes arpilatu zuten bigarren aldiz. 866an Londres hiriaz nagusitu ziren. 868an Orleans hartu zuten eta hamahiru urte luzez eskualdeko hiri eta herriak arpilatu zituzten, behin eta berriro.

882an Rin ibaitik zehar ibili ziren. 885an Senan sartu ziren eta azaroaren 24an Parisera iritsi. Borgoñara omen zihoazen eta Paris hesitzeari ekin zioten. Hiria Karlos Gizena enperadorearekin egindako tratatu bati esker salbatu zen. 896 eta 944 urteen artean, erasoaldi berriak burutu zituzten. 897an, berriz ere, Senako bokalea sarraskitu zuten, Loiratik gora igo ziren bikingoek 903ko ekainaren 28an Tours arpilatu zuten. 911n, ordutik Normandia deitu izan den eskualde zabala konkistatu zuten. Geroxeago Mediterraneora sartu eta kostalde guztiak beldurtu eta erasotu zituzten. XI. mendean Siziliako estatu normandoa sortu zuten. Hiru mendetan Europa osoa bikingoen beldur bizi izan zen, elizetan errezatzen zen “A furore normandorum libera nos domine”  (Jauna, babes gaitzazu bikingoen suminetik) otoitz famatuak garbiki azaltzen digun bezala.

X. mendearen hastapenetan, Eskandinaviatik normandoak iparraldeko itsasoak zeharkatu eta mendebalde urrunera abiatu ziren, Feroe uharteetara, hasiera batean, eta ondoren Islandiara. 980an Groenlandiara iritsi ziren eta 1000. urtean Leif Eriksonen drakkarrak Vinlandiara (Ipar Amerikako kostaldeak).

Bihar: Bikingoak Euskal Herrian

Bikingoak Euskal Herrirako bidean
Bikingoak Euskal Herrirako bidean Bikingoak Euskal Herrirako bidean

Euskaltzalea eta irakasle-ohia