Bettiri Luro euskal gautxo handia

Bettiri Luro euskal gautxo handia –

XVI. mendetik aitzina ainitz  izan ziren Ameriketara, etorkizun hobe baten bila, joan ziren euskaldunak, baina gehien-gehienak XIX. mendean joan ziren. Azken horietako bat Bettiri Luro baxenafarra daukagu, Ameriketan Pedro Luro izenaz ezaguna egin zena.

Bettiri Luroren argazkiak

1.- Ameriketako lehen urteak

Bettiri Luro Ofizialdegi Nafarroa Behereko Donaixti-Ibarra herrian sortu zen 1820ko martxoaren 10ean.  Aita Bettiri Luro Iturriaga  zuen eta ama Dominga Ofizialdegi Organbide.

Hamazazpi urte zituela, hau da, 1837. urtean, Buenos Airesera iritsi zen sakelan libera bakar batzuk eramanez. Berehalaxe lanean hasi zen eta zenbait urteren buruan ezkontzeko behar zuen diru haina atzeman zuen. Tamalez, dena ebatsi zioten, eta lehen bezain pobre gelditu zen. Aurre egin nahian zaldi bat erosi eta garraioan aritu zen zenbait urtetan. Horrela lortutako diruari esker, gurdi zahar bat erosi eta pertsonak garraiatzeko erabili zuen. Geroxeago, gurdia utzi eta autobus bat jarri zuen bere tokian. Lanak sosak ekarri zizkion eta sosa horiei esker ezkondu ahal izan zen, 1844ko abenduaren 5ean,  bere ahaidea zen Joana Pradera Arroki andereño saratarrarekin.  Osora, amalau seme-alaba munduratu zituzten

Handik zenbait urtetara, bere koinatuarekin batera, Buenos Airesetik hirurehun kilometro hegoalderago dagoen Dolores izeneko hirian biltoki bat zabaldu zuen. Baina, Luro ez zen erraz konformatzen zen gizona, eta ongi zihoakion negozioa koinatuaren eta emaztearen ardurapean utziz Panpetara abiatu zen behi azienda bat ustiatzera.

2.- Luroren proposamen ospetsua

Gaur Argentinan maiz entzuten den arabera, behin, Lurok, Panpetatik barrena zaldiz ibiltzen ari zela, bere lurretan zuhaitzak landatzen ari zen estantziero batekin (estantzia = Panpetako arrantxoa)  egin zuen topo. Hizketan hasi orduko Lurok famatua egin den proposamena egin omen zion: Lurok nahi haina zuhaitz landatu ahal izango zuen estantzieroak horretarako propio utzitako berrehun hektareetan, eta azken honek ordainez zuhaitz bakoitzeko lau zentimo eman beharko zizkion eta hogeita lau fruitu-ondo bakoitzeko. Lurok euskaldun talde bat bildu zuen bere inguruan eta haien laguntzaz bost urtetan estantzieroaren bost hektareak zuhaitzez josi zituen. Lurok egindako lanaren ordaina eskatu, eta balioa bost hektareena baino askoz handiagoa zela ikusirik, estantzieroak airean bidali zuen. Orduan, Lurok auzitegietara jo eta irabazi egin zuen; horren ondorioz, estantzieroak bost hektareak eman zizkion ordain gisa.

3.- Luroren aberastea

1840. urtean Buenos Aireseko mendebaldeko lurraldeak erdi hutsik zeuden, bat ere populatu gabeak. Lur elkorrak omen ziren eta oso balio gutxikoak. Rosas diktadorearen eta etengabeko iraultzaren garaia zen. Eskualde hartako estantzietan zakurrak eta behiak, libre eta basati bizi ziren, multzotan ibiltzen ziren alde batetik bestera. Estantzieroek soka-lokarriz harrapatu, hil eta larrutu egiten zituzten. Larrua baliatzen zuten dirua egiteko, baina haragia bertan behera uzten zuten, deusetarako ustiatu gabe. Hura dena ikusirik, Lurok proposamen bat egin zien hango estantzieroei; behiak harrapatzeko eta komertzializatzeko baimena eskatu zien eta ordain gisa, harrapatzen zuen behi bakoitzeko hamar peso argentinar emango zizkiela agindu zien. Hauek barreari ezin eutsiz, onartu egin zuten eta baldintza gisa, harrapaketarako hain ohikoa zen, behin jaurtiz gero, behien hanketan korapilatzen zen hiru bolako lokarri sistema erabili beharko zuela ezarri zioten.

Lurok estantzieroek jarritako baldintza onartu zuen. Bere lagun euskaldunak bildu zituen eta honako plana egituratu zuen: Hiru hilabetetan, zaldi trostan ibiltzea debekatu zuen bere menpean jarritako lurralde haietan. Zaldizkoak lasai ederrean ibiltzen ziren, eta horrela behi basati haiek ohitu egin ziren zaldiekin. Horrela, Lurok eta bere unai euskaldunek harrapatze kopuru itzela lortu zuten, 35.000 buru inguru garaiko kroniken arabera. Behi gatzatze-lantokietara eraman zituzten eta behi bakoitzeko hogeita hamar peso ordaindu zizkioten. Negozio honi esker izugarri aberastu zen.

Bettiri Luro euskal gautxo handia
Panpetako gautxoa. Arg: Eduardo Amorim

 

4.- Luroren asmo berriak

1862. urtean indiarren lurrekin mugatiar zen Bahia Blancara abiatu zen. Hura ikusi bezain pronto eskaintzen zituen ustiatze posibilitateez jabetu, Buenos Airesera itzuli, eta Mitre jeneralari honako asmoa azaldu zion: Hirurehun euskaldunez osatutako kolonia bat eraiki nahi zuen hango lurretan, eta horretarako 100 legoa (25.000 hektarea) behar zituen. Legoa bakoitzeko 1000 libera ordaintzeko prest zegoen. Badirudi Argentinako lehendakariak aurkeztutako proiektua hitzez onartu ziola, eta orduan Luro Euskal Herrira itzuli zen, Nafarroa Beherera hain zuzen ere, beharrezkoak zituen euskaldunak biltzera. Berrogeita hamar bat familia bildu zituen, eta berarekin batera, Argentinara eraman. Zoritxarrez, lehendakariak ez zuen bere hitza guztiz bete. Lurrak bai eman zizkien esandako prezioan, baina kolonia eraikitzeko baimenik ez. Hori dela eta, lurrak hara joandako behe-nafarren artean banatu zituzten, eta familia bakoitzak bere ustiaketari ekin zion. Gaur, horien ondorengoak guztiz aberasturik daude, orduan 1000 liberetan erositako lur legoak orain 500.000 libera inguru balio du eta.

Bettiri Luro euskal gautxo handia
Bettiri Luroren irrimarra. 1905eko irailaren 30ean. Caras y caretas agerkarian agertua.

 

5.- Luroren azkenak

Lurok diru ainitz egin zuen artilea eta larrua salduz. Rio de la Plata inguruan eskualdeko larru lantegirik handienaren jabea izatera iritsi zen. Geroxeago, Peralta Ramos jaunak egindako bainu-etxeak erosi zituen eta negozio biribila suertatu zitzaion. Gaur bertako jabeak Bettiri Luroren ondorengoak dira, eta negozio hori dela eta, arrunt aberasturik bizi dira. Heriotzaren orduan honako ondasunak utzi zituen bere seme-alaben artean banatzeko: 375.000 hektarea lur, 300.000 ardi eta 150.000 behi.

Lurok, bere bizitzan zehar, 2000 euskaldun inguru eraman zituen Argentinako bere negozioetan aritzera. Hauek izugarri maite zuten, eta Luro beti izugarri ongi portatu zen bere gizonekin, diru-laguntzak eta mailegu ezin hobeak eskaintzen zizkielarik. Gehien-gehienek dirua egin zuten Luroren itzalpean.

Luroren ospea izugarri handia zen Argentina osoan. Behin euskal jatorrizko Zubiaurre gautxo aberatsari Luroz galde egin omen zioten eta berak honela erantzun omen zuen: Argentinan bi gautxo daude bakarrik, Pedro Luro euskalduna eta ni neu.

1886ko apirilean Frantziara bidaiatu zen eta Cannes hirian zegoela, 1890eko otsailaren 28an, zendu zen. Bere emaztea bi urte berantago, hau da, 1892an zendu zen Buenos Airesen. Luroren seme-alabek ere ospe handia lortu zuten. Semerik zaharrena Buenos Aires probintziako Diputatu Ganberako lehendakaria izatera iritsi zen. Bigarren semea, berriz, Panpetako gobernadorea izan zen. Eta hirugarrena diputatua eta Argentinako Finantza Batzordeko burua.

Gaur, Mar de Platako hiribide garrantzitsu batek bere izena du, baita Fortin Mercedes herriko museoak ere, eta Panpetako natura-eskualde babestu batek ere bere izena du, bera izan baitzen lurralde haien lehen jabea.

Euskal gautxo gazteak Panpetan
Bettiri Luro euskal gautxo handia  Bettiri Luro euskal gautxo handia  Bettiri Luro euskal gautxo handia  Bettiri Luro euskal gautxo handia  Bettiri Luro euskal gautxo handia

Euskaltzalea eta irakasle-ohia