Bernardo Atxaga: “Irakasleak esan zidan berriro Papini aipatzen banuen suspentsoa neukala”

bernardo_atxagaEgileren baten aipua, ideia ilustratzen duen adibidea, hitz baten edo besteren artean aukera egiteko geldialdia; patxadaz eta dotore janzten du Bernardo Atxaga berak erantzun bakoitza. ‘Xola eta Ameriketako izeba’ argitaratu du eta txakur buru tentearen inguruan aritu zaigu idazle asteasuarra, baina baita bestelako hainbat konturi buruz ere

Gogoak ematen diona egiten duela dio Xolak eta ‘rara avis’ bat dela esaten diote. ‘Rara avis’ bat al da gogoak ematen diona egiten duena?
Inguruari erreparatuta erraz ikus daiteke denok ere halako kaiola ikustezin batzuen barruan gaudela. Non antzematen da hori? Ba esate baterako egiaren presentzia gutxian. Familietan, lagun artean eta zer esanik ez gizarte mailan askatasuna balego egia gehiago azalduko litzateke. ‘Rara avis’ bat da gogoak ematen diona egiten duela dioena? Zuhurra behintzat ez.

Librea dela dio Xolak, baina beldur da bisitan datorren Ameriketako izeba ezezagunak lepotik katea jarriko ote dion. Batzuetan beldurra da kate motzena…Zalantzarik gabe. Duela mende mordo bat Gonzalo de Berceoren testuan agertzen zen ‘Don beldur’ oso kontutan hartu beharrekoa da gaurko gizartean, matematikako lengoaian konstantea deitzen zaion horren pareko, nik esango nuke. Neurrigabeko pisua du gure bizitzetan, literaturan… Renon nengoela gizarte amerikarraren baitan are nabarmenagoa iruditu zitzaidan hori, eta beste gai potolo batekin lotzen zitzaidan; ustea eta errealitatearen arteko distantzia. Zer izugarrikeria bururatuko litzaizkioke Xolari ezagutzen ez duen pertsona bati buruz?, aritzen nintzen tarteka jolasean. Eta cowboy batzuk ikusi ondoren etorri zitzaidan ispirazioa: zer pentsatuko luke Xolak cowboy bati buruz?

Ikusten da hortik zehar zabiltzanean ere ondoan eramaten duzula Xola.
Pertsonaia nola sortu nuen kontatuko dizut. Bidean etorri naiz pentsatzen zer esan; beti esan nahi dugu zerbait berria eta uste dut hau oraindik kontatu gabe neukala… Axun Baltzola ilustratzaileak duela hogei bat urte bidali zidan eskutitz batetik sortu zen Xola. Axunek, oraintsu omenaldia egin diote Madrilen, Erein argitaletxean egiten zuen lan, eta gure giro kulturalean bazuen lagunik: Xabier Lete, Ruper Ordorika… eta ni neu ere bai. Emakume kementsua zen, istripu bat izan zuen eta paralisia zeukan, baina baita sekulako kemena ere, eta eskutitzean errieta egiten zidan: “Zu beti hor ipuinak egiten eta netzako ez dezu bate egiten eta ez dezu lotsik eta…”. Erantzun nion baneukala pertsonaia bat, azaldu nion gutxi gora behera nolako kontuak izango zituen eta gutunean bertan ipuin bat idatzi nion, gero Xolaren hirugarrena, Xola eta Angelito izango zena. Honekin esan nahi dut zuzenean sortutako zerbait dela. Gutunean, garai hartan gutunak ziren eta ez mezuak, gogo hori neukan eta umore horrekin egin nuen. Enkarguz egitea tokatzen zaizunak ibilbide motzagoa izaten du normalean, denborarekin arrotzagoa suertatzen zaizulako, baina Xola oso nire baitakoa da.

Duela urte batzuk idatzi eta kaxoian utzitako testu bat omen da lan berri honen oinarria. Nolatan egin du orain jauzia kaxoitik idazmahaira?
Gisa honetako lanetan pertsonaia erabakigarria da, nolakoa den pertsonaia halakoa izan behar du istorioak. Idatzitako hura nire irudipenez teknikoki nahikoa ondo zegoen, baina neure buruari esan nion hau ez da Xola, hau ez da Asun Balzolari aurkeztu nion pertsonaia hura… Buruan nahikoa garbi entzun arren kantuan hasi eta ateratzen ez zaizun abesti baten modukoa zen niretzat. Ameriketara egindako bidaian harrapatu nion tonua.

Bernardo Atxaga – Elkarrizketa osoa gaztezulo.com-en

Bernardo Atxaga, Gaztezulo, literatura

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude