Benito Ansola Bekak, ikus-entzunezkoak sortzen laguntzeko

Bekak sortzaile gazteei zuzenduta daude, eta euskarazko ikus-entzunezkoak sortzea lagundu nahi dute. Horretarako, 4.000 euroko bi beka emango dira gehienez, iraupen laburreko ikus-entzunezko lanak ekoizteko. Bekak jasotzeko, hautagaiek ikus-entzunezko lanaren proiektua aurkeztu beharko dute irailaren 27a baino lehen. Ondoren, epaimahai batek jasotako proposamenak aztertu eta bi onenak aukeratuko ditu beka emateko. Deialdiaren oinarri guztiak dokumentu honetan topa daitezke.

MjczNw==


Lekeitioko Zine eta Bideo Bilera eta Benito Ansola

Bekadunak zeintzuk izan diren Lekeitioko Zine eta Bideo Bileran iragarriko da, azaroaren 27ko itxiera ekitaldian, eta orduan jasoko dute bekaren lehen erdia. Bigarren zatia, berriz, lana bukatutakoan emango zaie. Edonola ere, bekadunek 2011ko maiatzaren 27ra arteko epea dute lana bukatu eta entregatzeko. Haien zabalkundea errazteko, beka lortzen duten lanak Creative Commons Aitortu-Partekatu lizentziapean hedatuko dira.

Benito Ansola Lekeition jaio zen 1928ko abuztuaren 13an. Humanitateak, Filosofia eta Teologia ikasi zituen Bergaran eta Gasteizen, eta 1953an apaiz ordenatu zuten Bilbon. Lekeitioko parrokoa izan da 24 urtez, baina gainera, zinemazale amorratua izanik, euskal zinema bete-betean bultzatu du, eta zinegintza irakaslea izan da Markinako Lanbide Eskolan. Markinako zine-kluba eta Euskadiko beste zenbait herritakoak ere zuzendu ditu, eta 1978an, Euskal Zinema Bilera antolatzen hasi zen Lekeition, ikasle ohi batzuekin. Aurkezpenean esan duen moduan, ‘ohore handia’ da harentzat honelako beka bati bere izena jartzea.