Azkue Fundazioak Begiz Begi taldearen “Hatsa” diskoa aurkeztu du

Begiz Begi taldearen

Azkue Fundazioak, Banden Lehiako aurreko edizioko irabazlea, Begiz Begi taldearen “HATSA” disko berria aurkeztu du

Azkue Fundazioak Begiz Begi rock banda lapurtarraren Hatsa izenburupeko diskoa aurkeztu du gaur Euskararen Etxean. Taldeko kideak, Azkue Fundazioko zuzendaria, Iurdana Acasuso eta Baga-Biga diskoetxeko Ritxi Aizpuru arduraduna egon dira bertan.

Begiz Begi taldearenBegiz Begi taldea Azkue Fundazioak antolatzen duen Banden Lehia musika txapelketako 2015eko zazpigarren edizioko irabazlea suertatu zen eta taldeak jaso zuen hiru sarietako bat disko bat ekoiztea izan zen. Ia urtebeteko lanaren ondoren, uzta aurkezten digute.

Hatsa izenburuko lan hau hirugarrena da talde honen historian. Baga Biga musika ideiak  diskoetxearekin ekoiztu dute. Lan hau Andoaingo Garate estudioan grabatu, nahastu eta masterizatu du Kaki Arkarazok 2016ko uztailean.

Begiz Begi taldeak Banden Lehiako aurreko edizioko irabazle izateagatik, disko honen ekoizpena egiteko aukeraz gain, beste bi sari jaso zituen: Bilbao BBKLive jaialdian jo zuen uztailean, euskarazko musikaren ordezkari bilakatuz, beste izar batzuen artean; eta udazken honetan Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen Euskal Herria Sona jaialdian joko du baita ere.

Banden Lehia euskal musika sustatzen duen lehiaketa da. Banda amateurrik onena saritzen du, tokiko taldeak ezagutzera emanez eta, bide batez, euskal musika sarean ere zabalduz.

.

Hatsa diskoa

Gaur aurkeztu dugun lana 2015eko Banden Lehiako zazpigarren edizioan irabazle suertatzeari esker sortu da. Baga Biga musika ideiak diskoetxeak ekoiztuta, Andoaingo Garate estudioan grabatu, nahastu eta masterizatu du Kaki Arkarazok 2016ko uztailean eta sei kantaz osotuta dago.

Begiz Begi taldea Baionakoa da. Taldeak badauka bere historia, bikote moduan hasi baitzen 2007.ean, Patxi Amulet eta Xabi Etcheverryren eskutik. Gaur egun partaide kopurua handitu egin da eta bost lagunek osatzen dute Begiz Begi taldea: Patxi Amulet, ahots nagusia, gitarra eta esku soinua; Xabi Etcheverry, ahotsa, arrabita; Sebastien Luc, gitarra; Peio Lambert, baxua; eta Nicolas Armendariz, bateria.

Azken bost urtetan taldeak egonkortasuna irabazi eta lanean tinko ibili da. Bakoitzak bere estilo propioa ekarri zuen taldera eta horrek taldearen nortasuna osatu du.

Lehen lana Nora joan? Izenburuarekin kaleratu zuten 2013an; 2015ean bigarrena argitaratu zuten, Joan Ihes Egin Baino Lehen izenburu pean.

Beti herrikoi musikatik abiaturik, taldeak bere estiloa “post”-rock” baten inguruan berriz atzematen dela esaten du. Beraien esanetan, transizioa egin dute estiloari dagokionez eta egun kontzeptu ezberdinen bidez adieraz zitekeen, “Rock”, “post “, “trad” ala “postrad”.

Hatsa hirugarren lan honetan, Hodei Barroso bertsolari eta raperoak egin ditu mitologia filosofikoarekin betetako hitzak. Azala eta marrazkiak Maiana Agorrodyrenak dira.

Biolontxeloak ikuspegi berritzailea ematen dio post-rockari, tarteka uztartuko ditu ukitu sasi progresiboak, malenkoniatsuak, lasaiak eta indartsuak. Askotan entzutekoa gordeta duen altxorra bistaratzeko.

.

Banden Lehia, zortzigarren edizioa martxan

Banden Lehia euskal musika sustatzen duen lehiaketa da. Banda amateurrik onena saritzen du, tokiko taldeak ezagutzera emanez eta, bide batez, euskal musika sarean ere zabalduz.

2016an lehiaketa honen zortzigarren edizioa ospatzen dugu eta urtez-urte lehiaketaren maila asko igo da. Txapelketa honi esker, merkatura heldu dira Enkore, Herri Oihua edo Eskean Kristö taldeak, beste batzuen artean.

Banden Lehiak, euskara, musika eta teknologia lotzen ditu. Eta horrela, hirugarren osagai honek, teknologiak, garrantzi handia dauka garapenean. Izan ere, musika taldeen izen ematea eta publikoaren botoak jasotzeko aukera internet bidez burutzen da.

Lehenengo fase hau internet bidez garatzen da eta talde parte hartzaileek sarea erabiliz ematen dute izena lehiaketan. Publikoak ere kantak zuzenean entzuteko aukera dauka lehiaketako webgunean eta baita botoak eskaintzeko ere. Entzuleen boto hauei esker, lehiaketako lehenengo finalista erabakiko da. Beste hirurak, musika arloko profesionalez osotutako epaimahaiak aukeratuko ditu. Aurten, lan hauetan arituko dira Ritxi Aizpuru (musika editorea; Baga Biga diskoetxeko arduraduna); Ines Osinaga (Gose taldeko kidea); Zuriñe Maguregi (Gaztezulo aldizkaria) eta Aritz Gonzalez (Last Tour International enpresako ordezkari gisa).

Lau talde hauek zuzenean arituko dira azaroaren 25ean, publikora zabalik Bilborocken ospatuko dugun ekitaldian. Banan-banan oholtzara igo eta talde bakoitzak bere musika joko du 20 minutuz. Publikoak bozkatzeko aukera izango du eta Twitter bidez eskainiko dizkio botoak talde bakoitzari. Horrela, azken erabakiaren %40a aterako da. Beste %60a epaimahaiaren esku egongo da, bertan egongo dena taldeen kontzertuak ikusten eta hainbat gauza baloratzen.

Euskarazko musikari eskainitako gaua izango da eta emanaldi horren bitartez Azkue Fundazioak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen du. Ekitaldi horretan Enkore taldeak kontzertua eskainiko du baita ere.

Sariei dagokionez, zortzigarren edizio honetako talde irabazleak honakoak jasoko ditu: Baga Biga musika ideiak diskoetxearekin disko bat ekoiztuko du; eta 2017ko Bilbao BBKLive eta Bartzelonako Euskal Herria Sona jaialdietan joko du. Gainera, lau banda finalistek Azkue Fundazioan sortzen dugun edizio honetako Banden Lehiako bilduma diskoaren aleak ere jasoko dituzte.

Begiz Begi taldearen “HATSA” Begiz Begi taldearen “HATSA” Begiz Begi taldearen “HATSA”