Bederatzi ikus-entzunezko herriz herri, Laburbiraren eskutik
Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko helburua duen zirkuitua urtero antolatzen du TOPAGUNEAk, herriz herriko Euskara Elkarteekin lankidetzan.
Emanaldi bakoitzean bederatzi ikus-entzunezko eskainiko dira, 2009 eta 2010ean ekoitzitakoak. Aurreko edizioetan bezala, honetan ere ahalegina egin da ibilbide luzeko egileak eta egile berriak kontuan hartzeko. Hala, Asier Altuna eta Angel Aldarondo bezalako zuzendari ezagunen lanak ikusi ahal izango dira, baina baita oraindik hain ezagunak ez diren Kepa Errasti, Jon Artola, Saio Aizpurua “Txintetilla”, Aitor Artola, Irune Gurtubai eta Ibai Vigil-Escalera, zuzendarienak ere. Honako ikus-entzunezko hauek osatuko dute emanaldi bakoitza:
- ARTALDE (8′) Asier Altuna
- ONDAR AHOAK (4’30”) Angel Aldarondo
- BLANK POSTCARDS (11′) Aitor Artola, Irune Gurtubai eta Ibai Vigil-Escalera
- MARITXU (17’30”) Kepa Errasti
- S@RTALDEA (11′) Jon Artola Artano
- ESKU-TITI. 2010 (4’50”) Saioa Aizpurua Arribas “Txintxetilla”
- BIAK BAT (8’47”) Zapatilla Films (Kameratoia 2010)
- BARRURA BEGIRA (7’25”) Trastaka Taldea (Kameratoia 2010)
- NIRE BISTA FABORITOA (6’40”) Kontraplano Taldea (Kameratoia 2010)
Gainera, aurreko edizioetan bezalaxe, 2010eko udazkenean Ermuan egin zen Kameratoian sortutako lanetako batzuk ere erakutsiko dira. Kameratoia Topaguneak antolatzen duen Ikus-entzunezko Rallya da; gazteei zuzendutako lehiaketa horretan, lehiakideek lau eguneko epea dute 5 eta 10 minutu bitarteko film labur baten ideia idatzi, irudiak grabatu eta edizioa egiteko, beti ere antolakuntzak emandako gaia eta herriko hainbat ezaugarri edo lokalizazio kontuan hartuz.
Sortzaileak eta ikusleak, elkarrekin solasean
Egile zein ikus-entzuleentzat, LABURBIRA paregabeko aukera da euskarazko produkzioa ezagutarazteko, eskaintza herri askotara zabalduz. Herriotako asko txikiak izanik, gutxitan izaten dute zinema bertan eskaintzeko aukera.
Gainera, egileak eta ikusleak elkarrengana hurbiltzeko asmoz, saio gehienetan solasaldia egingo da egileekin, proiekzioaren ondoren. Batzuek zein besteek biziki eskertzen dute zuzeneko iritzi-trukerako aukera hori, normalean oso aberasgarria suertatzen da eta.
Egitasmo honek Eusko Jaurlaritzaren zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa du, eta Euskadiko Filmotekaren, BERRIAren eta KORRIKA kulturalen laguntza. Izan ere, emanaldietako batzuk Korrika Kulturalaren programazioan sartzen dira, eta beste batzuetan herriz herri antolatzen diren Korrika batzordeek parte hartzen dute antolatzaile gisa.