Basterretxearen desagertutako eskultura, “Araba”, agertu da

Basterretxearen desagertutako eskultura, “Araba”, agertu da –

Arabako Alea agerkaritik jasoa. (Argazkiak eta bideoak: Iñigo Leza)

“Araba” agertu da, duela hogei urte Aratzen desagertutako Basterretxearen eskultura

Duela 25 urte, Nestor Basterretxearen Araba eskulturaren erreplika bat kokatu zuten Aratz mendiaren tontorrean. Handik gutxira desagertu zen, baina aste honetan Araiako bizilagun batek topatu du, eta Asparrengo udaletxera jaitsi dute.

Basterretxearen desagertutako eskultura, "Araba", agertu daBada mende laurden bat 90. hamarkadaren erdialdean Nestor Basterretxea artistaren Araba eskulturaren erreplika Aratzeko tontorrean jarri zutela, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa bertan elkartzeak zuen balio sinbolikoagatik. Jatorrizko artelana egurrezkoa da, baina erreplika egiteko brontzea erabili zuen Basterretxeak.

Hala ere, handik bi urtetara erreplika desagertu zen, eta haren arrastorik gabe bi hamarkada baino gehiago igaro ostean, Araiako bizilagun batek, Aritz Albisuk, aste honetan topatu du Aratzeko tontorretik 500 metro ingurura. Misterioa izaten jarraituko du hogei urtez obra oharkabean igaro izanak.

Albisuk ez zuen pieza ezagutu hasiera batean, baina argazki bat atera zion, eta bere emazteak, Amaiak, Aratzen duela hainbat urte desagertutako eskultura zela argitu zion. Argazkia bolo-bolo zabaldu zen sare sozialetan, eta Asparrengo alkate Txelo Auzmendirengana (EH Bildu) iritsi zen. Ondoren, Auzmendi artistaren seme Gorka Basterretxearekin jarri zen harremanetan, eta azken horrek baieztatu zuen topatutako eskultura bere aitaren artelanaren erreplika zela.

Asparreneko bizilagun talde batek astearte honetan jaitsi du 40 kilo inguruko erreplika, patata zaku baten barruan eta bi hodiren gainean altxatuta, Aste Santuko prozesio batean bezala Asparrengo udaletxera eramateko.

Txelo Auzmendi alkateak azaldu duenez, momentuz bertan gordeko dute, eta aurrerago erabakiko dute zer egin edo non jarri; betiere artistaren familiarekin adostuta. Zentzu horretan, Gorka Basterretxea semea asteazken honetan izan da Asparrenean, alkatearekin.

Basterretxearen desagertutako eskultura, “Araba”, agertu da

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.