Madril-Iruñea: bi argazki

Madril-Iruñea: bi argazki –

Madril-Iruñea: bi argazki

Martxoaren 9an, aragoieraren, asturieraren, katalanaren, galizieraren eta euskararen aldeko gizarte eragileok sustatutako Legez Besteko Proposamena eztabaidatu zuten Madrilgo Diputatuen Kongresuan.

Guk sustatutako proposamenak zazpi puntu zituen. Eztabaida luze eta desatsegin baten ondoren, zazpi puntu horietatik hiru onartu zituzten, besteak beste, Gobernuak berezko hizkuntzen ofizialtasunerako estatutu-erreformak bultza eta babes ditzala, hizkuntza horiek ofizialak ez badira hitz egiten diren lurraldearen zati batean edo lurralde osoan. Zalantzarik ez izan, entzule, “lurraldearen zati batean” Kontseiluak egindako ekarpena izan zela.

Aurreko ostegunean, Nafarroako Parlamentuak hizpide izan zuen testua, eta hara non Madrilen alde bozkatu zuen alderdi batek Iruñean kontra bozkatu zuela. Zer gertatu zaio, bada, testuari Madrildik Iruñerako bidean?

Ondorioa: hizkuntzen gaian, Madrilen, ez zuten nahi alderdi batzuekin argazki berean agertu. Nafarroan, aldiz, lasaitasun osoz jartzen dira euskaldunak zokoratu izan dituztenekin argazki berean. Paradoxa!

Halere, ez dezatela Euskalerria irratiko entzuleek pentsa ustekabean harrapatu nauenik alderdi sozialistaren jokabideak. Egun, Gobernuan euskararen gaia kudeatzeko moduarekin bat datorren jokabidea izan da. Alde horretatik, beraz, alderdi sozialistaren bozka egun daraman politikari lotzen zaio.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko ekainaren 1ekoa]

Madril-Iruñea: bi argazki

Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUko idazkari nagusia