Barneko Galderak, Xerar Urrutiaren olerki liburua
Xerar Urrutiaren olerki liburua –
Badira behin kolore ederrez jantzita agertzen zaizkigun liliak, denon arreta pizten dutenak; denboraldi bat egiten dute gure artean, eta gero zimeltzen hasi, eta desagertzen zaizkigu betiko. Badira, berriz, urtero kolore ederrez eta usain erakargarriz pizten zaizkigun liliak, hauek ere denborarekin zapuzten zaizkigu, baina hurrengo urtean, berriro ere, loratzen dira indar eta poztasun ikaragarria gure artera ekarriz.

Xerar Urrutia Jorajuria urruñarra azken horietako bat dugu, behin eta berriz, loratzen zaiguna, beti freskotasun pozgarria gure artera ekarriz. 1959ko martxoaren 19an sortu zen, eta ordutik, beti ibili zaigu euskararen, euskal kulturaren eta Euskal Herriaren aldeko saltsa guztietan murgilduta. Gaztetan, Hegoak talde ospetsuan ibili zen kantari, geroago Kuxkuxtu txarangan, sortu zenez geroztik, duela 40 urte, gaurko egunera arte, hiru disko baditu plazaratuta, eta gaur Ekilore taldean abesten du. Urruñako ikastolaren sortzaileetako bat dugu, Euskal Herriko Mus Txapelketaren sortzaileetako eta antolatzaileetako bat, 2014an Urruñak jokatu zuen kabalkada-zintzarrotsaren arduradun nagusia, Urruña aldizkariaren editore eta Urrunaga kultur elkartearen arduraduna, sei libururen egilea, euskal prentsan maiz kolaboratzen duena, Urruñako karrikaldi mitologikoen antolatzaile eta arduraduna, eta abar luze-luze-luzea.
Euskara ahoan du eta Euskal Herria bihotz-bihotzean, eta hortik abiaturik, behin eta berriz, loratzen zaigu, ustekabe ederrak ekarriz. Kantari, kanta-egile, olerkari, idazle, antolatzaile… eta ekintzaile porrokatua, hori dugu Xerar Urrutia urruñarra, aldiro kolore ederrez eta pozgarriz loratzen zaigun lili baliosa.
Oraingo honetan, “Barneko galderak” izeneko olerki-liburuarekin datorkigu, eta bertan, betidanik barnean piztu zaizkion arrangura eta kezkei erantzuna ematen saiatzen zaigu: bizia, natura, ama-lurra, aberria, familia, adiskidetasuna, mintzaira, transmisioa, eguneroko borroka, geroa… dira olerki polit eta samin horietan katramilatuko zaizkigun gaiak. Sentimendu handiko gizona eta olerkaria dugu, hitzak briken modura ezarriz, bata bestearen gainean, mezuak eta gogoetak eraikitzen eta plazaratzen dakiena.
Musikari sena hor du berekin, eta hainbat olerkitan ikusten ahal da, ainitzetan poemak metrikaz eta errimaz osatuak baitira; eta frangotan, koblak eta errepika, eta baita doinua ere badituzte. Horietako batzuk bere diskoetan entzun daitezke.
Xerar Urrutiaren olerkiak irakurtzeko arinak badira ere, mezuan sakonak direla erran beharra daukat, lerro arteko gogoeta aberatsak erakusten baitizkigute, gure barneko sentimenduak piztuz eta irauliz.
Nik, atsegin handiz irakurri ditut urruñarraren poemak, atsegintasunez eta arreta handiz, Xerarren barne munduko galderak eta erantzunak olerki horietan ederki plazaratuak direla jakinki. Baina, utz dezadan hitz aspertua albo batean, eta utz diezazudan zuri, irakurle, irakurtzen eta gozatzen, horixe baita liburu honi egin diezaiokegun ekarpenik hoberena.
Horra hor, liburuari izenburua ematen dion olerkia:
Barneko galderak
Nere bihotzak galdegin daut, zein da erantzuna?
Eta nik erran, zein erantzun?
Erran du, badakizu bai,
ez, ez dakit, zeretaz mintzo zira? Ea zein dan erantzuna?
Eta bihotzak erran du, hau da erantzuna:
Behin ere, ez duzu inoiz amore emango!
Horren ondotik gogoak erran du:
Hunetaz oroitu behar da,
zeretaz ba? Ez dakit batere,
bai badakizu bai,
eta gogoak erran du:
Egun batean argirantz abiatuko gira!
Eta begiek erronka bota didate,
ikusi al duzu?
Baina zer ikusi behar dut?
Badakizu bai zer ikusten ari zaren,
ez, ez dakit, zer da?
Begira nola itxaropenak argitzen duen gure mundua!
Azkenean, belarriek ufatu dautate, entzun duzu?
Eta nik erran, zer aditu behar dut?
Erran dute, badakizu bai,
ez, ez dakit, zeretaz hitz egiten duzue?
Eta belarriek erran didate:
Entzun nola askatasun haizea altxatzen ari den!
Bigarren olerki hau, euskarak uneoro jasotzen duen zapalketaz ari zaigu:
Euskalduntasun kolpatua
Ardura, duintasuna,
aske izatea da,
heldutasun argiztatua,
azkartasun saihestezina.
Berreskuratu behar dugu,
gure harrotasun osoa,
orain duguna kasik galdu:
gure euskalduntasuna!
Denok baratze beretik,
ber arbola ospetsuetatik,
sortuak eta ondorengoak,
gira, aspaldiko fruituak.
Berreskuratu behar dugu,
gure harrotasun osoa,
orain duguna kasik galdu:
gure euskalduntasuna!
Gure sustrai sakonetik,
izerdia da isurtzen,
odol emankor horretatik,
bizia zaigu agertzen.
Berreskuratu behar dugu,
gure harrotasun osoa,
orain duguna kasik galdu:
gure euskalduntasuna
Hirugarren olerki hau autobiografikoa da, eta haurra zelarik, eskolan, euskaldun izateagatik jasan behar izan zuenaz mintzo zaigu:
Mintzaira ebatsi nahian
Lau urterekin, haurra nintzelarik,
ume zintzoa, ilusioz beterik,
ikasle txukuna agertu nahirik
eskolan sartu nintzen, lotsa berria sorturik.
Lehen egunean burasoek utzi ondoren,
negarrak luzeak dira isurtzen,
ezezagun mundu batean sartzen,
abandonatua, galdua sentitzen.
Orduan dira dudak sortzen,
inguru arrotza agertzen,
frantsesa dute erabiltzen,
eta nik Euskara baizik mintzatzen.
Serorak, bihotz onekoak baitira,
etxera igorri naute frantsesa ikastera,
burasoei manatuz, behar dena egitea,
frantsesa baita hemengo hizkuntza.
Hiru hilabete pasata, bi hitz ikasita,
berriro itzuli naiz herriko eskolara,
“bonjour ma Sœur’ egunero erran eta,
Euskaraz ezin baita gehiago mintza.
Ez nakien orduan zergatik,
bi aldiz ihes egin nuen eskolatik,
lasterka etxera sartu nahirik,
hain haur ttipia nintzelarik.
Serora batek ahal du
haur ttipi bati hizkuntza kendu?
Beste arrotz bat inposatu?
Ezin izan dut hori onartu.
Burasoek emandako hizkuntza
etxean ikasitako mintzaira,
ezin da bihotzetik atera,
gure barnean betiko kokatua da.