Barkoxtarren maskarada Zalgizen
Barkoxtarren maskarada Zalgizen –
Maskarada beti lotua izan da inauteriarekin, hau da, udaberria iragartzen duten neguko jaiekin. Hori dela eta, normalean, abenduko bestak pasatu bezain laster, lehen maskaradak ikus genitzakeen eta horrela asteburu ia gehienetan, hurrengo hiruzpalau hilabeteetan. Dena den, beti ez da horrela izan, jakin badakigu 1979an bi herrik maskarada antolatu zutela, Altzürükük eta Barkoxek. Barkoxtarrek, beraienak uda aldean egin zituzten.
Ez dugu erran beharrik, denok ederki baitakigu, izurrite edo pandemia azaldu denez geroztik, ezer ez dela berdin gure gizarte honetan, maleruski. Dena aldatzen ari zaigu, eta kultur ekitaldiak ahal delarik egiten dira, edo ez dira egiten. Ez dago beste aukerarik. Iaz Altzürükük egin zituen maskaradak, baina gaitzaren etorrera zela eta, hiruzpalau ateraldi egin ahal izan zituzten, bakar-bakarrik. Domaia! baina horrela izan zen. Aurten Atharratzek eta Barkoxek maskaradak egin behar zituztela igarri bazuten ere, neguan ezinezkoa izan zen, dena debekatuta baitzegoen, eta atharraztarrek amore eman eta maskaradak bertan behera utzi zituzten. Barkoxek gauza bera egin zuen negu aldean, baina udan, kultur ekitaldiak egiteko bide berriak zabaldu direla ikusiz, udan egiteko deliberoa hartu dute. Ausardiaz betetako erabakia izan da, baina Xiberora maskaradaren hotsak berriz ekarri dituena. Txalogarria, ene irudikoz.
Beraz, barkoxtarrek 1979an hartu zuten bideari jarraituz, maskaradak bigarren aldiz jokatzen ari dira aurtengo udan. Lehen emanaldia, eta normala den bezala, herrian, hau da, Barkoxen, egin zituzten uztailaren 31n, larunbatarekin. Bigarren emanaldia Eskiulan jokatu zuten agorrilaren 7an, larunbatarekin; eta hirugarrena agorrilaren 15ean, igandearekin, Zalgizen. Eta emanaldi horretara hurbildu nintzen ni zenbait adiskiderekin batera.
Aro berezietan egitarau bereziak, eta horrela egin dituzte barkoxtarrek aurtengo maskaradetan, barrikadak arratsaldean egin baitituzte, 3ak irian hasita, eta ondoren, 5ak irian maskarada jokoak. Horregatik hiruna barrikada egin dituzte bakarrik emanaldi guztietan. Gu, arratsaldeko 3etarako Iruriko arrabotian ginen, bertan egin baitzuten lehen barrikada. Han ziren Iruriko dantzariak zain barkoxtarrei harrera ona egiteko. Barkoxtarrak iritsi bezain laster, hasiera eman zioten ohiko barrikadari; hori bai, dantza bat edo bi bakarrik eginez, eta ondoren jan-edariz beteriko mahaietara hurbildu ginen denok, solas eta kantu. 4etan bigarren barrikada izan zen Donezteben, eliza zahar ederraren aitzinean, eta egitarau berbera errepikatu zuten. Hirugarrena Zalgizen, jendez gainezka zegoen arrabotian edo pilota-plazan.
Eta arratsaldeko 5etan, puntu-puntuan hasiera eman zieten maskarada jokoei. Barkoxe beti haboxe! ( Barkoxe beti gehiago!) erraiten dute Xiberoan, eta aurtengo maskaradan horrela dela frogatu dute berriro ere; aintzindarien artean baziren beltzak eta gorriak, eta pertsonaia guztiak bikoiztuta, entseinariak, zamalzainak, gatüzainak, kantiniersak…. eta abar. Xorrotxak bi neska izan ziren, kantuan eta jokoan izugarri ongi aritu zirenak. Hor bazen gazteria, gazteria ederra eta euskalduna, dantzari bikainak, behin eta berriz, erakutsi zuten bezala. Hor nabari da izan dituztela entsegu oren ainitz maskarada horren prestakuntzan eta dantza-errejenta on eta prestuak.
Aintzindari beltzek eta gorriek batera dantzatzen zutelarik, aurkako norabidean aritzen ziren. Burura etorri zitzaidan Aita Junes Casenave-Harigile zenak horri karakoil dantza deitzen ziola, eta kosmoaren oinarrizko mugimenduekin lotzen zituela. Asko zekien apez santagraztarrak eta euskaldunok asko zor diogu. Agian egun batez, pastoral süjeta izatera iritsiko zaigu. Nork daki!
Arratseko 8,20tan azken kantorea abestu zuten, ederra eta jostagarria izan zena, eta ondoren, ohiko muneiñak eta aintzina-pika izeneko dantza herrikoiak. Plaza dantzariz bete zen. Gero gerokoak, ikastolak egindako taloak, lagun arteko solasak, kantuak… Maskarada egina zen Zalgizen.
Entzun dudanez, hurrengo emanaldia agorrilaren 28an, larunbatarekin, egiteko asmoa dute Gameren eta irailaren hastapenetan beste hainbat herritan eginen omen dute. Ene zorion beroenak antolatzaileei eta parte hartzaile guzti-guztiei, izurrite urte honetan, maskarada ederra egiten eta eskaintzen jakin baitute.
Barkoxe beti haboxe!!! Biba barkoxtarrak eta biba maskarada!!!
Urruñan, 2021eko agorrilaren 17an
Eta viva çu! Honelacoac idazteagatic.