Barkatuko al diogu?

Ez da bere iniziatibaz etorri barkamen eskaera, EAJk, EAk eta Aralarrek Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzorde berrituaren bilera hasi aurretik Lopezek egin zituen adierazpenak legebiltzarrean argitzeko eskatu zioten. Eta orain, besteen eskariz eta ia hilabete geroago “barkamena” eskatu du.

Hiztegiaren arabera, baina, “barkamena”, barkatzeko ekintza eta horren ondorioa. Beraz, euskaldunok barkatuko al diogu Patxi Lopezi?

Honako hau esan zuen urtarrilaren 24an bileraren aurretik: “bortizkeriaren amaieraz amets egiten ausartzen gara. Espero dugu minbizi hau laster iraganeko kontua izatea. Horrek gauzak asko erraztuko dizkio euskalgintzari. Euskarak bat egingo du behin betiko askatasunarekin” ere adierazi zuen.

Argitu du inoiz ez dituela euskara eta terrorismoa lotu: “indarkeriaren amaierak euskararen inguruko gaizki-ulertzeak saihestuko” dituela baizik. Haren aburuz, “begibistakoa da terrorismoaren bukaerak euskara tabu gisa ez ikusteko lagunduko” duela.

Barkamena, alabaina, ez da esku hutsik etorri, errietatxoa egiteko ere baliatu du: “batek baino gehiagok polemika handitzeko saiakera egin du, era horretan lehendakaria erasotzeko. Horrek ez dio onurarik ekartzen euskarari”.

Noiz utziko dio lehendakariak euskara modu honetan erabiltzeari?

Patxi Lopez lehendakaria

Irudia | Patxi Lopez lehendakaria | z | LGPL

8 pentsamendu “Barkatuko al diogu?”-ri buruz

  • Kontua ez da ea PaLopezi esaten dituenak barkatuko dizkiogun ala ez.
    Kontua da arrain-oroimen hutsa dugula eta dena ahazten zaigula aste batetik bestera.
    Kontua da PSOEk sortze-unetik bertatik (XIX. mendearen amaieratik) mantentzen duela euskararen aurkako fijazio espainolista eta fijazio hori geneetan daramala orain ere. Eta mantentzen du, batzuetan, botererarko estrategiak aginduta, disimulatu egiten duen arren.
    Eta kontua da (gure arrain-oroimenaren ondorio garbia!) ahaztu egiten zaigula PaLopezena ez dela kontu anekdotikoa edo hankasartze hutsa.
    Gezurra badirudi ere, hizkuntzarena zerbait estrategikotzat dute espainol guztiek, eta ez, hain zuzen, euskararen alde jokatzeko.
    Hor dago, adibiderako, Celaak Hezkuntza arloan gauzatu nahi (izan) duena, Kultura Sailak bideratzen duena (horror! Etxepare Institutua gaztelaniazko literatura maunduan zabaltzeko montatua! Juaristi normalkuntzarako aholkulari!) eta ez duena, Justiziak epaitegietan daraman politika, Barne Sailak ertzaintzaren euskalduntzean dagien ahalegina…
    Badakite batu baino gehiago, euskarak bereiztu egiten gaituela.
    Haiek inoiz ez dute euskaraz ikasiko, ez bada aginteguneak eskatzen duelako (ezetz PaLopezek euskaraz ikasi!).
    Elebitasunaren zama euskaldunon bizkarrerako da.
    Baina ahaztu egiten zaigu.
    Astebete pasatuta, haiek badakite, ahaztu egiten dugu dena.
    Gizarte-alzheimerra dugu-eta euskaldunok.

  • Ez dakit, baina askotan iruditzen zait esajeratu egiten dugula eta inpostazioa dugula maite. Lopezek esan zituenak ez dira ezer gure errealitatea ezertan aldatzen ez duten neurrian.
    Bai, badakit mingarria dela halakoak Lehendakari bati entzutea, baina niri neuri, esaterako, min handiagoa egiten dit okinari edo taxilariari “en castellano” entzun beharrak, eguneroko praxiaren ezintasunak, alegia, mugaren bi aldeetan, gainera. Lopezek lege bat aldatu balu, tira…
    Badakigu nor eta nolakoa den Patxi Lopez jauna, nondik datorren ere bai, zein izan duen bere inguru kulturala eta abar, ezin eskatuko diogu berez sortzen ez zaion maitasunik. Egia esanda, itxurak egiten dituen edo ez ere bost axola niri, ezin hasiko gara orain eskatzen Lizardiren poemekin plazer izugarria senti dezala, geuk ere askorik sentitzen ez dugunean.
    Hiprokisia ez da guretzat bidelagun ona. Gaudenean gaude, 700.000 baizik ez mundu guztian, eta espabilatzen ez bagara, azken mohikanoak baizik ez gara izango. Ederra izango da zisnearen marruz hiltzea, eta pasa dezakegu bizitza osoa maite ez gaituztenen maitasun eza salatzen, baina, aukeran, nahiago denborarik ez galtzea alferrikako ahaleginetan —Nafarroako Parlamentuan euskara lurralde osora zabaltzea bezalako eskaera antzuetan—. Aldez aurretik galdutako borroketan ez dezagun denborarik eta indarrik alferrik gal, ez dauzkagu eta.
    Nik jada ez dut arrazoirik eduki nahi ezertan: irabazi egin nahi dut, neure hizkuntza eta kulturarentzat, neure aberriarentzat. Eta horretarako nahitaezkoa da distrakziorik gabe, geure herrigintzari, euskalgintzari, eta ezinbestekoak ditugun “gintza” guztiei ekitea,geu baino gehiago eta handiagoak direnen kontra. Bai, ondo esan dut: kontra. Beste guztia, axaleko jarduna da, haizeak eramango duena eta geu harekin batera, behingoz zentzutzen ez bagara.

  • “Nik jada ez dut arrazoirik eduki nahi ezertan: irabazi egin nahi dut, neure hizkuntza eta kulturarentzat, neure aberriarentzat. Eta horretarako nahitaezkoa da distrakziorik gabe, geure herrigintzari, euskalgintzari, eta ezinbestekoak ditugun “gintza” guztiei ekitea,geu baino gehiago eta handiagoak direnen kontra. Bai, ondo esan dut: kontra”
    Arrazoirik izateko bokazio ezetik guk geuk ere.
    Dena dela, herrigintza, euskalgintza eta “gintza” guztiak ez dira egiten positiboki bakarrik jokazen.
    “Gintza” horiek eskatzen duten haien diskurtsoa, diskurtso guztiak, agerian uztea… eta gogoratzea, inondik ere ez ahaztea.
    Gure “gintza” horiek ezin geure buruan ere egin behar ditugu, geure baitan.
    Noizean behin ateratzen duten paisaia ederraren “diapositiba” berriak ezin gaitu engainatu.
    Nori ez zaio gustatu, adibidez, Kultura sailburuordeak Nafarroako gobernuaren “horma linguistikoaz” esan duena? Eta gainera, bat-batean, PSN ere euskaltzale!
    Baina inpostajeak utzita…
    Herrigintza, euskalgintza…, bai, jakina, baina, despistatuegirik ibili nahi ez badugu, haien diskurtsoen eta jokamoldeen desaktibazioa ere bai.
    Eta ez da arrazoia izateko gogoa, bizirauteko premia biologikoa baizik.

  • Ez diot Patxi Lopezi euskararekiko maitasunik eskatuko, baina bai errespetua. Errespetuz hitz egiten ez duen bitartean, dendari eta taxi-gidari horri zilegitasun eta ia-ia arrazoi osoa ematen diela esango nuke “en castellano” esan dezaten. Lehendakariaren egitekoa, gutxien-gutxienez, euskarari merezi duen prestigioa ematea da, eredugarri izan herritarrentzat. Eta marra horretatik ateratzen den uneoro hor beharko dugu guk egon atentzioa deitzeko.
    Nik ez diot barkatuko.

  • […] This post was mentioned on Twitter by Marta, Hasier Etxeberria. Hasier Etxeberria said: Nekatuta nago euskaldunon bertangoxokeriaz. Iruzkina bota dut hemen: https://zuzeu.eus/2011/02/18/barkatuko-al-diogur/ […]

  • Atzo bertan “Dignidad y Justicia”-ko bozeramale ezagun batek esan zuen literalki VEOTV-n (El Mundo) eta grabatuta izango dute :
    “Egunkaria, el periódico de ETA”.
    Euskaldunak lerdoak al gara?, ez al da egongo bat bera ere honen kontrako kereilarik aurkeztuko duenik? Dena irentsi behar al dugu?.

  • Izazpi, zer eta non ibili haiz! VEOtv ikusten? DV irakurtzen?
    Gorde astia ZuZeun jarduteko. Ez galdu indarrik amorrua gaituztenen arrazoinak ulertzen.
    Hasier: iruzkina artikulua baino askoz hobea. Gora Zu!

  • Pijus Magnificus 2011-02-19 00:22

    “Dignidad y Justicia”…
    1984 liburutik ateratako izen bat dirudi.