Balearen arrantza Ternua eta Kanada aldean
Balearen arrantza Ternua eta Kanada aldean –
Eta baleari jarraituz, Irlandatik eta Islandiatik urrunduz, euskal baleazaleak Groenlandiara iritsi ziren, eta hortik Ternua eta Kanada aldera. Noiz gertatu zen hori? Historialari batzuen arabera euskaldunak Ternuara 1375ean iritsi ziren eta sekretupean mantendu zuten hango lur eta itsasoetan lasai ederrean balearen eta bakailaoaren ustiaketan jarduteko. Lur haiek aipatzen zituztenean Uharte Mamuak edo Uharte Sekretuak deitzen zieten, beste inolako zehazkizunik eman gabe. Beste historialari batzuek diotenez 1412an iritsi ziren baleazale baionarrak lehen aldiz Ternua aldera. Bada teoria bat erraiten duena euskaldunak izan zirela lur haietan ziren bikingoen azken koloniak birrindu zituztenak.
Dirudienez, euskaldunek oso garai zaharretatik ezagutu zuten Ternua, eta geroxeago baita Kanadako itsasertzak eta San Lorentzo golkokoak ere, faktoria ugari eraiki zituzten sarraskia egiteko, eta bertako kai, badia, lurmutur, golko eta bestelako toki geografikoak euskaraz bataiatu zituzten: Bale-badia, Barba-zulo, Anton-portu, Igarnatxoa, Etxaide-portu, Burua-Xumea, Burua Aundia, Uli-zulo, Plazentzia, Baratxoa, Opor-portu, Portutxo, Baia-Andia, Niganitz, Mingain, Sagenai, Eskuminak, San Joan,… Badaude, bestela ere, nahiz eta beste hizkuntzaz egon, oraindik egun, euskaldunen garai bateko presentziaz ohartzen gaituzten toponimo izenak: Baye de Bizkaye, Port-aux-Basques, Baye-aux-Basques, Exafaud-aux-Basques, Anse-aux-Basques, Les escúmins, Île-aux-Basques…
Arrasto gehiago badira, esate baterako, Badia Handia edo Grand Baye deiturikoan azaldutako San Joan izeneko euskal baleontzia, 1565. urtean hango uretan urperatu zena, Plazentzia izeneko herrian aurkitutako XVI. mendeko euskal itsasgizonen hilobiak, euskal etxeen arrastoak, zenbait lanabes eta bestelako tresnak.
1559. urtean Martin Oiartzabal itsasgizon ziburutarrak itsasgida bat idatzi zuen frantsesez: Les voyages aventureux du Capitaine Martin de Hoyarsal, habitant du Çubiburu. Liburu honetan Ternuako zehazkizunak, distantziak eta gainerakoak eman zituen, bertara joan nahi zutenen fabore. Gerora, 1677an Pierre Etxeberrik liburu bera plazaratu zuen lapurteraz Itsasoko nabigazionekoa izenburuaz.
XVI. mendean ere Maulen jaiotako eta denborarekin Nafarroako Parlamentuko abokatua izandako Allande Oihenartek, latinez idatzitako “Notitia utrisque Vasconiae” izeneko liburuan esaten digunez, Donibane Lohizuneko biztanle gehienak arrantzaleak zirenez gero, urtero joaten omen ziren Ternura, itsasontziak bakailaoz beterik ekarriz eta dirutza handiak eginez.
Lope Martinez Isastik, XVII. mendeko lezoar historialariak Compendio historial de Guipuzcoa izeneko bere liburu mardulean, horren berri ematen digu, eta bertan dioenez, Ternuko biztanleek oso ongi omen zekiten euskaraz, eta euskaldunekin zituzten harremanak guztiz baketsu eta adiskidetsuak izaten ziren. “Euskal arrantzaleek Zer moduz? Galdetzen dietenean –jarraitzen du kontari Isastik– Apaizak hobeto! erantzuten diete, nahiz eta gehienek oso ondo ez jakin zer den apaiz bat. Solas egiteko eta tratuak egiteko orduan beti gure hizkuntzaz egiten dute, eta askotan han ezagutzen ez dituzten sagardo eta ogiaren truke, kostaldeko arrain jardueretan lagundu egiten diete gure marinelei”
Bertakoekin zer nolako harremanak izan zituzten ondo ezagutu ez arren, badaukagu honetaz Isastik bere liburuan egindako zenbait argitasun. Martinez Isastik dioenez, hango uretan balea asko omen zeuden, baina izozmendiak zirela eta, itsasertzen ondoan mugitzen ziren. Horrek harrapatze lana izugarri zailtzen zien euskal arrantzaleei. Bertako biztanle basatiek ere, oso traba handia egiten zieten. Isastiri jarraituz gero ikus dezakegu ternuar kostaldeko biztanleak bi eratakoak zirela:
“… Eskimao izenekoak dira okerrenak -dio-, guztiz salbaiak eta ankerrak, uztaia eta gezien erabileran arras trebeak eta beraiek harrapatzen dituzte guretako gizonak gero jateko. Besteak menditar edo kanalak izenekoak -eransten du Isastik- baketsuagoak dira, gure baleazaleekin hitz egiten dute, eta eskimaoen etorreraz ohartzen dituzte…”
Oso adierazgarriak dira ere, Patri Urkizuk bere Bertso zahar eta berri zenbaiten bilduma izeneko liburuan agertzen dizkigun, 1798. urtean dataturik dauden zenbait testuren artean azaltzen diren Ternuari buruzko honako bertso hauek:
Ternua da mortu hotza,
eremu triste arrotza,
laboratzen ez den lurra,
neguan beti elurra.
Han otsoak eta hartzak,
basoko bestia gaitzak,
alimalien herria,
desertu izigarria.
Han oihan, sasi handiak,
larreak eta mendiak,
harri, arroka gogorrak,
lur agor eta idorrak.
Ternuan dire salbaiak,
ere eskimau etsaiak,
giza bestia kruelak,
hilik jaten marinelak.
Badaude bestalde, euskal arrantzaleak, hango biztanleekin edukitako harremanen ondorioz, izugarri nahasi edo mestizatu zirela esaten dutenak. Eta horiek dira, gehienbat, garai haietan beothuksak eta euskaldunak txol nahasturik zeudela diotenak. XVIII. mendean jende askok pentsatzen zuen Labradorreko eskimalak bertakoen eta euskaldunen mestizatzetik sortu zirela. Ziur aski beraien arteko tratuetan euskara edo hizkera nahasi bat erabiltzen zutelako. Gaur ez zaie kontu hauei jaramon handirik egiten.
Nolanahi ere, inork ez du zalantzan jartzen bi herrien arteko harremanak handiak eta estuak izan zirela, eta harreman hauek arrasto ugari utzi dutela kanadarren bizimoduan, arrantza tekniketan, toponimian, hiztegian eta baita bertakoen oroimen kolektiboan ere.
Amaitzeko aipatu beharra dago XVII. mendeko euskal idazleen artean badaudela balea-arrantzari buruzko aipamen zenbait. Axular handiak Gero liburuan honako azalpena ematen digu:
“Gizon batec, bere herritic kanpora Indietara edo
bertçe lekhu urrun batetara partitçen denean, eta
oraiño bere herrco agherrian, comarcetan eta ter-
minoetan denean, maiz behatçen du gibelat bere he-
rrico mendietarat. Baiña aitçina iraganez gero,
itçultçen da bertçe alderat, ioan behar duen eta
dohan lekhu hartarat: eta han aldiz, bere begiac,
eta gogoa ere ibentçentu”
Joanes Etxeberri Ziburukoak 1627an idatzitako “Manual Devotionezcoa” liburuan, Balenzaleen otoitza izeneko izen generikoaren barruan, gure baleazaleen bizimodu gogorra ongi adierazten diguten hiru errezo hauek azaltzen dizkigu:
BALEA ÇALEENTÇAT
O Iaun Tobias gaztea ungui beguiratua,
guardaritçat bidalduric Archangulu Saindua,
eta costara arraña erakharracia,
haren hiltçeco eguiten ciñoela gratia.
Guri ere ekharguçu hurbillera balea,
segurquiago armaren landatçeco colpea.
Biciaren gatic dugu hirriscatçen bicia,
Arren eguiguçu haren guelditçeco gratia.
BALEA COLPATU ETA
Iauna gueure arte baño guehiago cureaz,
balea çauritu dugu arpoñaren colpeaz.
Arren bada eguiguçu (Iaun puchanta) gratia
sarri guelditçeco arrain Itsassoco handia.
Gutaric garabic çaurchu gabe bere indarraz,
segadetan dabillala buztan edo bulharraz.
Edo chalupa irauli gabe guillaz gañera,
edo bereguin eraman gabe urtan behera.
Arren beguira gaitçaçu gaitz hauc guztietaric,
esquerra dieçaçugun itçul lehorretaric.
Irabacia da handi, perilla ere handia,
beguira dieçaçugu principalqui bicia.
BALEA HIL ONDOKO ESQUERRAC
Iauna, ditutçula esquer eta laudorioa,
million eta million baino guehiagocoac.
Ceren eguiñ darocuçun liberalqui gratia,
idequitçeco handian arrañari bicia
Gure indarrac etciren deus hunenen aldean,
çure favorea dugu sentitu combatean.
Ecen çure bithan tturroñ batec etsajac,
urrutic ici deçan nahiz dela hangaja.
Hala guri ere eguin darocuçu dohaña,
ventçutçeco Itsassoan den sendoen arraña.
Lehorrera dakhar quegu eguinic sarrasquia,
bici dugu naturaren miraculluz bazterra,
ohoratçen (Iangoicoa) çuc duçula esquerra.
Euskaldunen presentzia ikaragarria izan zen Ipar Atlantikoko itsasoetan, hori dela eta, Islandia eta Irlanda aldean hasieran, eta Ternua eta Kanada aldean gero, bertako indio mintzairen eta euskararen arteko nahasketa moduko bat erabiltzen zela salerosketak eta gainerako harremanak bideratzeko. Holandar eta frantziar itsasgizonek erabiltzen zuten, eta indarrean egon zen XIII. mendera arte. Euskal pidgin-a deitzen zaio.
Euskal Herriaren banaketa politikoak, hau da, gure herria espainiar eta frantses egitura politikoetan bortxaz sartu izanak, ez zuen lagundu euskaldunek amerikar itsasoetan zituzten itsas negozioetan. 1713an, Utrechteko Itunak indartu zuen XVII. mendean hasitako euskal marinelen arrantza eskubideen gainbehera. Britainia Handiak bereganatu zituen euskaldunei kendutako arrantza eskubideak. 1763ko Pariseko Itunak eta 1783ko Versaillesekoak azken kolpea eman zieten euskal arrantzaleei, Kanadako kostalde eta uharteetan arrantza galaraziz.
Dena den, XX. mendeko erdi aldera arte iraun zuten hango negozioek. Lapurtarrek Saint Pierre eta Mikelune uharteetako bakailao negozioekin jarraitu zuten eta Pysbe enpresa gipuzkoarrak gauza bera egin zuen Kanadako hainbat bazterretan 36ko altxamendu faxista gertatu zen arte. Aipa dezagun aipatu bi irletako itsas negozioetan eta baita Pysben ere, Lapurdiko Legasse familiak indar handia izan zuela. Gaur Saint Pierre eta Mikeluneko banderan euskal ikurrina agertzen da garai haien oroitzapen gisa. Agur eta ohore ipar itsaso izoztuetan mende luzetan itsas epopeia ikaragarria burutu zuten euskal arrantzaleei!