Balearen arrantza Bizkaiko itsasoan
Balearen arrantza Bizkaiko itsasoan –
Gure arbasoek udazkenero gure kostaldetik gertu ibiltzen ziren zereak edo baleak ezagutu zituzten, eta laster ehizatzeari ekin zioten. Badira, gure arbasoek Baiona aldean, edota Mundaka aldean kokatu ziren bikingoen ontzi, arpoi eta teknikak kopiatu zituztela erraiten duten historialariak, eta baliteke horrela izatea, baina gauza handirik ezin dugu horretaz zehaztu, gure arbasoak ere betidanik nabigazioari eta arrantzari lotuak bizi izan baitziren, eta horregatik, baliteke aipatu ontzi, arpoi eta teknikak beharbada hemen asmatuak izatea. Nork daki!
Balearen arrantza Bizkaiko itsasoan
Kostaldeko herrietan, hainbat gain eta muinotan, talaiak egiten zituzten, eta urritik maiatzera zelatan izaten ziren baleen hurbilketaz abisatzeko. Horretarako badirudi su kea erabiltzen zutela eta baita adarrez edo beste tresnez egindako deiak ere. Seinaleez oharturik, kaietatik txalupak irteten ziren, eta arpoia balean sartzen zuten lehengoek balea hiltzeko eta ustiatzeko eskubidea zuten. Badirudi gaurko estropadek ekintza honetan dutela sorburu. Balearen ehiza edo arrantza, bi modutan erraiten baitzaio, aberastasun iturri handia zen eta hori dela eta, hainbat liskar sortzen ziren herri auzoen artean.
Balearen gantzarekin elikadurarako olioa egiten zuten Europa osoan saltzen zena; lumera deitzen zioten, eta bazen ere hiri eta herrietako argiterian erabiltzen zuten olioa; bigarren honi traia deitzen zioten. Haragia, hezurrak, bizarrak…, dena saltzen zuten, eta balea hiltzen zutenek negua pasatzeko moduko dirua egiten zuten. Sarraskia, hau da, balearen zatikatzea eta ekoizkinak ateratzea, lehorrean egiten zuten. Balea kostaldera garraiatu ondoren, aipatu tokietan horrelako jardueran aritzen ziren. Lapurdin toki horiei ke-xiloak (ke zuloak) deitzen zieten, pertza handietatik etengabean kea altxatzen baitzen zeru aldera. Bale arrantzari buruzko lehen agiri idatzia 670. urtekoa dugu. Agiri horren arabera, Lapurdiko arrantzaleek berrogei poto lumera saldu zituzten Frantziako iparraldeko portuetan.
Euskal kostaldeetara, udazkenean negua pasatzeko hurbiltzen ziren baleak sardako baleak ziren, honela deituak sarda edo sardaratan, hau da multzotan, etortzen zirelako. Badirudi kumeak erditzera zetozela gure uretara. Hauei ere euskal balea edo balea bizkaitarra deitu izan zaie. Balea hauek bazuten abantaila handi bat euskal arrantzaleek ederki baliatu zutena, hiltzean ez baitziren hondoratzen, flotatzen gelditzen ziren alegia, eta horrela gure arrantzaleek porturaino ekar zezaketen sarraskia egiteko. Lapurdiko, Gipuzkoako eta Bizkaiko portu guztietan txalupak prest zituzten jarduera horretan aritzeko, eta gau egun, asko dira oraindik beren armarrian balea duten herriak.
Jakin badakigu XIV. mendean gure kostaldeko bale arrantzaren gainbehera izan zela, jadanik ez baitziren gure kostaldeetara sarda handitan hurbiltzen. Arrazoien artean kostaldeko uraren epeltzea aipatzen dute batzuek, eta gehienek euskal baleazaleen gehiegizko arrantza aipatzen dute, baleen urruntze hori azaltzeko orduan.
Horrela gure arrantzaleak Bizkaiko golkotik haragoko itsasoetan hasi ziren balea harrapatzen, Galiziako azken puntetaraino joanez. Lur haietan ere hainbat faktoria egin zutela dirudi, Galiziako Baiona horietako bat dugularik. Horrela XIV eta XV. mendeetan Baionatik Baionara itsasoa euskaldunena zela zioten.