Badiako kaian eserita

Badiako kaian eserita

Dock of the Bay aitzakia hartuta, pantailaratuko diren hamaika kantu

Berandu gabiltza, geu ere, asteburu honetan bertan filmak proiektatzen hastekoa zen Dock of the Bay baitugu mintzagai.

Badiako kaian eseritaMusikari buruzko dokumentalak ditu xede zinemaldi donostiarrak. Aurten, hamabost izango dira guztira pantailaratuko diren filmak.

Hamabost horietatik bederatzi ditu lehiaketan Dock of the Bay-k. Filmen bikaintasunak ez du zertan zerikusirik izan protagonista izango dituen estilo edo musikarien trebetasunarekin; baina sarritan hauxe izaten da melomanoa zinemara erakartzen duena, pantailaratuko den musikariaren itzala. Eta aurten ere sekulako dirdira duten izarrak hobeto ezagutzeko parada izango dugu, zinemaren bitartez.

.

Beraz, Dock of the Bay aitzakia hartuta, zinemaldiak aurtengo Atal Ofizialean pantailaratuko dituen artisten kantuekin geure zerrenda osatu dugu:

 .
PETE RODRIGUEZ “I Like It Like That”
RUMBA 3 “No se, no se”
MAVIS STAPLES “You Are not Alone”
HERMANOS CUBERO “No quiero soñar nunca más”
ELLIOTT MURPHY “On Elvis Presley Birthday”
JIMMY ELLIS ORION “Look Me Up”
DEXTER GORDON “Lady Bird”
KOKOSHCA “La fuerza”
SINN SISAMOUTH “Under the Sound of Rain”

****

THE JAM “That´s Entertainment”
NINA SIMONE “Here Comes the Sun”

.

Larunbata 9 (21.00etan Antzoki Zaharrean)

“We like it like that: The story of the Boogaloo” Mathew Ramirez Warren

Lehiaketan direnen artean musikari edo talde jakin bati buruzkoak ez diren bi filmek piztu dute gugan jakinminik handiena. Iragan mendera, 60ko hamarkadako New York latinora eramango gaituen hauxe da bata. Pete Rodriguez-en “I Like It Like That” izango dugu bertan zain; Boogaloo-a da, aizue!

.

Asteartea 12 (20.00etan Trueba zinemetan)

“Rumba tres, de ida y vuelta” Joan Capdevila, Espainia

Rumba 3? Ez dut ezagutzen”, pentsatuko du zuetako askok, harik eta “No se, no se” entzuten hasten zareten arte -TVE-ko zuzeneko saio batean-. Nork ez du inoiz dantzatu, parrandan dagoela, Capdevila anaiek eta Jose Sardaña lagunak jotako kanturen bat?

.

Astelehena 11 (20.00etan Trueba zinemetan)

“Mavis!” Jessica Edwards

Elizan trebatu zen Mavis Staples kantari gisa, eta sekulako eskarmentua duen arren askok “You are Not Alone”-ekin ezagutu zuen 2010ean, lana Wilco taldeko gidari Jeff Tweddyk ekoiztu zuela-eta -aurretik Ry Cooder-ekin egin bezala-. Harrez gero beste lan bat ere atondu dute elkarlanean, baina guk orduko hari izena eman zion kantua dakargu, zuzeneko emanaldian.

.

Osteguna 14 (20.00etan Trueba zinemetan)

“La muerte en La Alcarria” Fernando Pomares

Hermanos Cubero anaiek bluegrass kutsuko folk musika egiten dute, Kentucky-koak izan beharrean Guadalajarakoak diren arren, La Alcarriakoak. “Cordaineros de la Alcarria” eta “Flor de canciones” lp-en artean, “No quiero soñar nunca más” izeneko single-a plazaratu zuten.

.

Asteazkena 13 (22.00etan Trueba zinemetan)

“The second act of Elliott Murphy” Jorge Arenillas

Aspaldi-aspalditik Parisen bizi den estatubatuarra da Elliott Murphy, baina gure oholtzak zenbat aldiz zapaldu dituen ikusita, jada Athletic-en ere jokatu ahal izango luke. Ez alperrik, Dock of the Bay-k aurkezten duen dokumentalean -proiekzioaren ostean akustikoan joko du Trueban- Bilboko zuzeneko baten irudiak jasotzen dira. Hemen, erregeari kantatzen dio, “On Elvis Presley´s Birthday”; herenegungoa zen gizona!

.

Osteguna 14 (22.00etan Trueba zinemetan)

“Orion: the man who would be the king” Jeanie Finlay

Urtarrilaren 8an, laurogei urte bete ziren Elvis Presley jaio zela, rock&rollak izan duen izarrik nagusienetakoa; askok oraindik ere bizirik dela uste du. Jimmy Ellis Orion-ek, bere kantuak abesten ditu haren antzera jantzita eta ahoskera berdinarekin, “Look Me Up”-en bezala. Bizirik dagoela ez da egia izango?

.

Ostirala 15 (22.00etan Trueba zinemetan)

“Cool cats” Janus Koster-Rasmussen

Cambodiako rock&rolla eta boogaloo soinuaren historiarekin batera, azpimarraturik dugun lana da Ben Webster eta Dexter Gordon saxofoi jole erraldoiei buruzko lana; biak ala biak Estatu Batuak utzi eta Kopenhagenen ezarri zirenekoa. Elkarrekin jo izan bazuten ere, guk aukeratutako kantuan Gordonen baino ez dakargu, “Lady Bird”, Tadd Dameron-en jazz estandarra, 1964an Belgikan zuzenean eta laukotean joa.

.

Asteazkena 13 (20.00etan Trueba zinemetan)

“Sonido Pamplona” Beatriz Echeverrí

Dokumentalaren promoak “ez dute inor utzi kanpoan” dio, baina euskaraz abesten duen talderik ez da izendatzen. Aipatzen direnen artean, indie eszenako talde interesgarri ugari: Souvenir, Wilhem & The Dancing Animals, El columpio asesino eta Kokoshca. Azken hauena da “La fuerza”; bideoan Ama Birjina ageri delako hautatu dugu.

.

Asteartea 12 (22.00etan Trueba zinemetan)

“Don’t think I’ve forgotten Cambodia’s lost Rock&Roll” John Pirozzi

Boogaloo musikari buruzko lan batekin hasi gara, eta artista jakin bati eskaintzen ez zaion beste filmarekin itxi. Kanbodiako rockanrollaz ez dakigu ezertxo ere; ea Sinn Sisamouth-en “Under the Sound of Rain” kantuak jakinmina pizten digun…

.

Lehiaz kanpo

Hambost film dira guztira Dock of the Bayk pantailaratu dituenak eta, beraz, sei lehiaketatik kanpo. Atzo “Can’t stand losing you: surviving The Police, Andy Summers gitarra jolearen memorietan oinarritutakoa; eta The Jam, about the young idea” bota zituzten. Gaur, AEBetako bi ahots esagunenetakoei buruzko film bana proiektatuko dute, Janis little girl blue” eta “The Amazing Nina Simone“.

Datorren ostiralean “Salir de casa” botako dute, David Trueba zinemagileak Fran Nixon musikariari buruz egindako lana; eta larunbatean, jaialdiari bukaera emanez, “B-movie: Lust & sound in West-Berlin 1979-1989“, elektronika glazial eta egunsentiko post-punk hotsekin.

Gure zerrendarako, eta bonus track gisara, sei hauetatik bi hautatu ditugu:

.

Larunbata 9 (22.30ean Antzoki Zaharrean)

“The Jam: about the young idea” Bob Smeaton

Paul Weller modfather-ak gidatu zuen hirukoteari kantu bat euskaratu zion Garik, “Hau espektakulua!”. The Jam-ek 1980ko “Sound Affects” lanean argitaratu zuen “That´s Entertainment”.

.

Igandea 10 (20.00etan Antzoki Zaharrean)

“The amazing Nina Simone” Jeff L. Lieberman

Bertsioak aipatzen, hona beste bat, George Harrison-ek idatzi zuen “Here comes the Sun”; badakizue, The Beatles laukotearena. Nork eta Nina Simone erraldoiak pianoan pausaz kantatua.

dock of the bay, dokumentalak, Donostia, musika, zinema, Zinemaldia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude