BAD, dantza eta antzerki garaikidea Bilbon

BAD, dantza eta antzerki garaikidea Bilbon

Abian da 2016ko Bilboko antzerki eta dantza garaikidearen jaialdia, BAD, gaurtik urriaren 29a bitarte Bizkaiko hiriburuan.

Hona egitarauaren laburpena, bideoan:

Aurtengo BAD jaialdian hogei konpainia inguruk hartuko dute parte, ia erdiak euskal eszena garaikideko parte diren taldeak.

Euskal zigilua duten proposamenen artean, Adrian Schvarzsteinek zuzendutako “Lurrak” euskal zirku garaikide ikuskizunaren aretorako bertsioaren aurre-estreinaldia jasoko du (urriaren 28an Campos Antzokian); kaleko bertsioa Kaldearten eta Kalealdian jaialdietan eman zuten-eta.

Euskal kulturan sustraitutako zirku garaikideko ikuskizun gisa ulertzen den lan honetan, bost antzezle eta lau musikari izango dira “bere dimentsioa eta tipologia direla eta euskal eszena garaikidean aurrekaririk ez duen ikuskizuna eszenaratuko dutenak”. Interpretazio taldeko artistak Ortzi Akosta, Izaskun Agirresarobe, Gaizka Chamizo zein Marc Muñozek eta Nuria Puig bikotea dira. Musikariei dagokienez, Unai Laso eta (trikitilaria), Roberto Castro (alboka, gaita bizkaitarra eta galiziarra, zenbait txirula, harmonika, ukelelea, gitarra eta mandolina, panderoa, kanabera edo tarrañuelak) musikari santurtziarrek eta Mikel Hernández Urrutia eta Anai Gambra txalapartari nafarrek osatzen dute taldea.

.

Euskal Herritik

Igor & Morenok egun egoitza Londonen duten arren, dantzak eramaten dituen lekuan bizi dira, euren lanak Europan eta Estatu Batuetan, Txilen eta Txinan aurkeztuz. Duela denbora gutxi National Dance Awardsen izendapena jaso dute, eta Erresuma Batuan kritika bikainak jaso dituen “A Room For All Our Tomorrows” euren azken lana aurkeztuko dute BADen.

MAuMAren “KT83” site specific dantza pieza da, urriaren 23an Campos Antzokiko Kupula aretoan estreinatuko dena. Gizon bat megafono batekin, foko bat, emakume bat mikrofono batekin, gorputzaren soinuak, beste garai bateko musika, dantza… Marta Álvarezen, Jon Koldo Vázquezen eta Atxarte López de Munainen eskutik.

Egun horretan bertan, Arriaga plaza izango da Esku harriak: Oteizaren (h)aria” dantza ikuskizuna, lehen lana duen MugMus Laborategiaren eskutik. Jorge Oteiza artista polifazetikoak bere ibilbide emankorrean sortutako imajinarioaren berrirakurketa egiten du ikuskizunak, diziplina anitzeko eszenan jartzea eskainiz, dantza garaikidearen eta zuzeneko jatorrizko musikaren bitartez, batez ere, baina eskulturarekin, espazioaren tratamenduarekin eta testuarekin uztartuz eta josiz”.

Ertza taldeak “Hariak” taularatuko du urriaren 22an Guggenheim Museoan, BADek eta Tolosako Txotxongiloen Zentroak ekoiztutako dantza eta antzerki ikuskizuna. Asier Zabaletak zuzendu eta Harkaitz Cano zein Joseba Sarrionaindiaren testuak dituen lana, “euren bizitzak eusten zituzten hariak bat-batean apurtu eta hutsetik hasita bizitza berria hasi behar izan duen jendearen esperientziatan oinarrituta dago.

Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdia dago Parasite Kolektiboaren eta Olatz Gorrotxategiren azken lanen atzean ere, beraien proiektuak sortzeko BilbaoEszenaren “Artistak Egoitzan” programan parte hartu dute-eta. Jaialdian parte hartuko duten gainerako euskal konpainiak Sra. Polaroiska, Khea Ziater eta Eva Guerrero dira.

.

Nazioartetik

Proposamenen artean nazioarteko zenbait izen azpimarratu behar dira, Volmir Cordeiro brasildar dantzari eta koreografo gaztea, Bilboko ACT jaialdian saria lortu zuen JBK Company, Korean sortutako etnia anitzeko proiektua, edo Lagartijas tiradas al sol, esaterako.Mexikarrek elkar lotuta dauden bi ikuskizun emango dituzte; politika eta demokraziari buruzko gogoeta bata, “Tijuana” antzezlana; Mexikok narkotrafikoarekin dituen loturei buruzkoa bestea, “Veracruz” performance-a.

Nabarmentzekoak dira Taoufiq Izzeddiou eta Matija Ferlin (marokiarra MafMoud Darwish palestinarraren poesietan oinarrituko da bere lanean, eta kroaziarra Kosovel esloveniarraren poesietan) zein Albert Quesadak oholtzaratuko dituzten lanak ere. Koreografo katalanak -Circula 2016 Saria-, flamenkoan inspiratutako bere azken duoa eszenaratuko du, “UnDosTresUnDos”. Lan horrekin Veneziako azken Biurtekoan hartu zuen parte.

.

BAD, dantza eta antzerki garaikidea BilbonJaialdiak gurean lehen aldiz ikusiko diren hamar ikuskizun jasoko ditu (sarrerek 10 euro balio dute), eta ohikoa denez, BADek irauten duen egunetan arte eszenikoetako profesionalei zuzendutako zenbait jarduera berezi egingo dira, baita gonbidatu bezala Kataluniako Dantza Profesionalen Elkartea duen topaketa ere.

BADek ohikoak dituen BilbaoArte, La FuNdiciOn eta Bilborockeko oholtzei Campos Antzokia, Pabellón 6 eta Guggenheim museokoak gehitu zaizkie aurten.

.

EGITARAU OSOA