Osakidetzari gorazarre

Osakidetzari gorazarre

Osakidetzari gorazarreJack Londonen parajeetan piraguaz ibaiak eta Alaskako laku ikusgarrietan ibili ondoren, lagun handi bat etorri zitzaidan erietxera bisitan, atzo. Beti izan da hori horrela duela ia berrogei urte elkar ezagutzen dugunetik: bera munduko bazter urrunenetan dabilen bitartean, neure tokian lotuta ni.

Ederki dakigu ni ez naizela bera bezalako hegazti eta bera ere ez dela jaioa egoteko lotuta leku bati. Esan dezagun ofizio harrigarri bat duela berak: munduko ibiltari. Neurea zein den, ostera, oraindik oso xuxen ez dakit.

60 urteren atarian biok, hasiak gara orain arte ikusezinak zitzaizkigun kontuei erreparatzen, osasunari, gero eta sarriago hiltzen diren lagunei… Nolabait esateko, jabetuak gara anbulatorio bat etxetik hurbil edukitzearen garrantziaz, edota konfidantzako mediku lagun bat izatearen zorionari.

Berak atera zuen gaia: Osakidetza eta euskal osasun sarea osatzen duten gainerakoak, oro har.

Jakina da osasun sistema publiko batera hurbiltzen den edonork aurkituko duela akatsa eta haserretzeko bidea zerbaitekin. Beti bada kexarako bidea, batez ere norbera denean ahul eta laguntza inoiz ez denean perfektua izaten. Lagunak dio, ordea, mundu guztian ibiliagatik, gaixotzen den egunean bertan itzuliko dela Euskal Herrira. Ez duela inon ezagutzen hemengoa bezain osasun sare bikainik.

Leku batzuetan urri, beste batzuetan txar edo garesti, hemen 50km. tartean dugula beti erietxe egoki bat, jaiotzen, bizitzen eta hiltzen laguntzeko. Munduko edozein bazterretan ez dela erraz aurkitzen halakorik.

Pentsatzen jarrita, bizitzan zehar laupabost lekutan artatua izan naiz neu ere, ia beti bikaintasunarekin. Eta zahartzearen edo beharraren ajea izango da, baina gauza handia da hori. Gizarte aurreratuaren seinale ere bai, noski.

Horregatik eman nahi dizkiegu eskerrak euskal osasun sareko langileei, bi lagun zaharron partetik. Haiek gabe ez dago eta halako mailako zerbitzurik. Gauza batzuk diren bezala baitira, nolaz eta ekia den agertzen egunero ekialdetik.

Osakidetzari gorazarre
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Osakidetzari gorazarre”-ri buruz

  • Polita benetan Hasier. Baina, zer duzu? Bizitzeko grina agerian dago, baina ez zinan hain makal egongo?
    Besarkada haundi bat.

    K.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude