Azkena Rock, hamaika kantutan
Musika zale amorratu askorentzat asteburu honetan ematen zaio hasiera udari, Azkena Rock jaialdiarekin batera. Hitzordua Euskal Herriko eta inguruetako rock zaleen bilgune bihurtua da jada, bertan joko duten izenak izen. Gitarren jaialdia da Azkena; gizon zuri, heldu, heterosexual eta, sarritan, testosteronaz gainezka dagoenarena.
Jarraian bihar eta etzi, ekainak 19 eta 20, Mendizabalako gunean izango den festan parte hartuko duten taldeen lagin bat dakargu, oholtza gainean izan ohi direnen artean ere pauta batzuk errepikatzen baitira, urtez-urte.
Afixa buru eskarmetu handiko dinosaurioren bat izan ohi du jaialdiak; ZZ Top aurten. Bueltan den edo berriro elkartu den talderen bat, L7 emakume taldea (hauetaz gain gutxik zapalduko du oholtza) eta The Dubrovniks australiarrak; eta hitzordu berezi edo bakarren bat, Television taldea “Marquee Moon” diskoa goitik behera jotzen. Eskandinaviar rockaren eta australiarraren ordezkariren bat, Kvelertak norvegiarrak eta Powersolo danimarkarrak; eta Euskal Herriko talde gazteren bat, Highlights bizkaitarrak.
Azkenak ondokoarekin dantzan hasi eta borrokan amaitzeko moduko rock soinuak dakartza oholtzara: Hastapenetako rock&roll-aren ordezkariren bat -sartu hemen rockabilly-ak eta beste ere-, JD McPherson, Nico Duportal edo Mad Martin Trio; folk-country-americana tankerakoren bat, Cracker, Wovenhand edo John Paul Keith; betiko punk bizkorra, D Generation; stoner edo pisutsuagoren bat, Red Fang; eta metal apur bat, Mastodon bortitzak, esaterako. Amaitzeko, esparrua zabaltzeko jaialdian bitxi suertatzen den talderen bat, Ocean Scene Colour.
Aparte, superbandaren bat, Off! (Circle Jerks, Black Flag, Redd Kross eta Rocket From The Crypt taldeetako kidez osatua); aspaldiko lagunen bisita, Dave Eugene Edwards (16th Horsepower ohia) Wovenhand-ekin eta QOTSA-ko Josh Homme Eagles of Death Metal-ekin -ez dakigu ziur Homme Gasteizen izango ote den-. Eta nola ez, rock munduan aurreko urtean nabarmendu den talderen bat, Greg Cartwright (Oblivians ohiaren) Reigning Sound, kasu.
Talde guztiek -Kvelertak-ek izan ezik- hizkuntza bakarra darabilte aurten, ingelesa.
Hamaika kantu
Hona hamaika talderen hamaika kantu, bakoitzaren bana (eta jaialdietan zuzenean joak gehienak), zalantza izpirik gabe aurtengo Azkena Rock jaialdian entzungo direnak:
HIGHLIGHTS “F.A.S.O.S” (Ostiralak 19, 17.30ean).
Arrigorriagan sortutako hard blues laukoteak Azkenan jotzeko aukera Bilbo Hiria lehiaketan Euskal Herriko talde onenari saria irabazita erdietsi du. Aurten “Storming the Gates” debuta plazaratu dute.
FNAC-en akustikoan aurkeztu zuten “F.A.S.O.S” entzungai duzue bideoan.
.
NICO DUPORTAL & HIS RHYTHM DUDES “Goin´ Back to Ya”
(Ostiralak 19, 13.30ean Andra Maria Zuriaren plazan, doan; eta 1.35ean)
Duportal frantziarra da, Dunquerkekoa; rock&rollaren sustraietara begiratzen duen swing kantaria. Early rhythm&blues doinuak jorratzen ditu, dantzatzeko ezin aproposagoak; “Guitar Player” du azken lana.
Bideoan Parisko taberna batean duzue zuzenean, orain hiru bat urte.
.
TELEVISION “See No Evil” (Ostiralak 19, 21.45ean)
70eko hamarkadan New York hirian, punka baino lehenxeago sortu zuten Television (protopunk eta new wave taldea) Tom Verlaine eta Richard Lloyd gitarra jole sonatuek; CBGB ospetsuan jo zuen lehena. 1977ko “Marquee Moon” kultuzko harribitxia -debut lana- jotzera itzuliko dira Gasteizera. Lana “See No Evil” kantuak irekitzen du.
Hona taldea 2013an, Britainia Handiko ATP jaialdian.
.
REIGNING SOUND “Never Coming Home” (Larunbatak 20, 21.00etan)
The Oblivians taldeko kide Greg Cartwright-ek sortu zuen taldeak, hamar bat urteko ibilbidearen ondotik, “Shattered” argitaratu zuen iaz; rock adituen ustez urteko lanik bikainena alajaina!
2014ko abuztuan WFUV estudioetan zuzenean jo zutenekoa.
.
EAGLES OF DEATH METAL “Wannabe in L.A.” (Larunbatak 20, 18.50ean)
Jesse Hughes eta Queens of the Stone Age-ko Josh Homme-n dibertimendua da Eagles of Death Metal, Kalifornian jaiotako talde ganberroa -QOTSA-koak ez du beti beraiekin jotzen baina-. Aurretik ere jo izan dute Gasteizen.
Hiru lan dituzte, azkena 2008ko “Heart On”; ordukoa da bideoa.
.
L7 “Pretend We´re Dead” (Ostiralak 19, 1.30ean)
Donita Sparks eta Suzi Gardner-ek 1985ean, orain hogeita hamar urte! sortu zuten taldea berriro elkartu da, elkarrekin jotzeko. “Smell the Magic” dute ondasun nagusia, grunge doinuak bete-betean.
Bideoa telebistarako grabatutako saioa da -ezagunena duten “Pretend We´re Dead”-… 1992an!
.
KVELERTAK “Bruane Brenn” (Larubatak 20, 1.50ean)
Ipar Euskal Herriko Gojira taldearekin jo dute AEBetan Kvelertak norvegiarrek. Metal gotikoa jorratzen ei dute eta Azkenako talderik bortitzena izango da Mastodon-ekin batera. 2013ko “Meir” plazaratu eta hirugarren lana argitaratzear omen dira.
Irudiak Londoneko jaialdi batekoak dira.
.
D-GENERATION “No Way Out” (Ostiralak 19, 20.40ean)
2011tik bueltan den beste talde bat, D-Generation, New York-en 90eko hasieran sortua. Punk, glam eta garaje soinuak uztartzen dituzte grina eta abiadura handiz. “Through the Darkness”, izan zuten hirugarren eta azken lana.
2007an telebistako show batean jo zuen taldeak.
.
OCEAN COLOUR SCENE “The Riverboat Song” (Larunbatak 20, 0.35ean)
Britpop talde bat Azkenan? Zergatik ez! Bluesaren eragin nabarmena duen taldea da OCS, hamar bat lan argitaratu eta oraindik errepidean dena, 25 urte eta gero. Azkenan “Painting” aurkeztuko dute Simon Fowler buru dutela eta Steve Cradock gabe -Paul Weller-ekin baitago-.
OCS etxean, sorterri duten Birmingham-en, gero DVD batean plazaratuko zuten zuzenekoan.
ZZ TOP “La Grange” (Ostiralak 19, 0.00etan)
Bilbao Live-n lehen edizioan jo zuen ZZ Top blues rock ikonoak, baina Euskal Herrian Azkena dute jaialdirik aproposena. 1970ean sortutako hirukoteak lau hamarkada daramatza oholtza gainean, umorez.
Gibbons eta Hill bizardunak, orain gutxi, gustukoen duten Texaseko putetxeari kantatzen, “La Grange”; seguruenera Azkenan entzungo den kanturik ezagunena.
.
CRACKER “Shake Some Action” (Larunbatak 20, 19.45ean)
AEBetako Virginiako americana taldea da Cracker, David Lowery eta Johnny Hickman musikariek sortua. Mende laurdeneko bidean hamar bat lan plazaratu dituzte, azkena iazko “Berkeley to Bakersfield” bikoitza.
Hemen, iragan larunbatean Andoainen jo zuen The Flamin´ Groovies ezinbestekoen “Shake Some Action” zoragarriaren bertsioarekin datoz, 2012an taberna batean joa.